ENEEK

Elikatzeagatik kutsatzera (eta kutsatuak izatera) kondenatuak?

Egungo elikadura-sistema globalak pozoi kimikoekiko menpekotasun ikaragarria daukala gauza jakina da. Gizateriak, elikatzeko orduan, industria agrokimikoarekiko duen menpekotasuna, agian, ez da horren gauza jakina. 2016az geroztik, mundu mailako pestizida eta plagiziden merkatuaren %65 agrokimikoen hiru konglomeratu erraldoiek kontrolatzen dute: Monsanto-Bayer, Dow-Dupont eta Syngenta-ChemChina. Aldi berean, multinazional hauek hazien merkatuaren %61 kontrolatzen dute. Milaka milioi euroko merkatu honen ekuazioa argia da: enpresa hauen intereserako da pozoi kimikoen menpeko diren hazien garapena eta merkaturatzea, horrek ekarriko baitu gerora milioika tona pozoiren salmenta. Haatik, duela mende erditik darabilten argudioa, gizateriaren elikadura bermatzeko agrotoxikoen ezinbestekotasuna, alegia, gero eta zalantzagarriagoa da. Baita Nazio Batuen Erakundea (NBE) bezalako organismo garrantzitsu baten iritziz ere.

Iragan martxoan, NBEren Elikadura Eskubiderako kontalari bereziak agrokimikoen erabilera erabat zalantzan jartzen duen dosierra aurkeztu zion erakundearen Giza Eskubideen Kontseiluari. 28 orrialdeko dokumentuan (A/HRC/34/48 kodea duena), puntuz puntu ezbaian jartzen du pestizida eta plagiziden ezinbestekotasuna. Ez dauka lerro bakar bat ere sobera txostenak. Bibliografia zabal batean oinarrituta, kritika oso gogorrak egiten dizkio, bai agrokimikoen industriari, baita estatuen jarrerari ere, hauek industriaren interesekiko erakutsi ohi duten menpekotasuna azaleratuz. Horiek horrela, besteak beste, TTIP eta tankerako hitzarmenen onurak zalantzan jartzen ditu, mota honetako akordioek nazioarteko legediaren lausotzea eta giza-eskubideen urraketari bidea zabaltzea dakartela adieraziz, merkataritzaren eta garapen ekonomikoaren izenean, eta ingurumenaren zein gizakion osasunaren kaltetan.

Elikadura eskubidea eta osasun eskubidea

Gizateria elikatzeko pozoi kimikoen eta hazi transgenikoen erabilera ezinbestekoa dela sutsuki defendatzen dute nekazaritza arloko multinazionalek. Horretarako, beraien botere ekonomiko ikaragarria baliatzen dute iritzia sortu, politiken definizioan eragin eta substantzia hauen erabilerari mugak jartzea oztopatzeko orduan. Horrela, agrotoxikoen erabilera ikaragarri hazi da azken bost hamarkadetan. NBEren txostenak adierazten duenez, ordea, uzta galerak ez dira gutxitu. Ezta munduan dagoen gosetuen kopurua ere. Ekoizpena handitu bada ere (estimazioen arabera, gaur egun gizateria 1,5 aldiz elikatzeko adina elikagai ekoizten dira) 800 milioi gosetu daude munduan. Banaketa da arazoa, ez elikagai kopurua.

Kontalariak txostenean azpimarratzen duenez, baina, elikadura-eskubidea ez da urratzen den bakarra agrotoxikoen erabilera masiboarekin. Osasun eskubideari ere erasotzen diote. Adibide lazgarriena iraungita edo herrialde garatuetan debekatuak izan diren substantziena da: garapen bidean dauden herrialdeetara esportatzen dira, han legedia lausoagoa delako. Gerora, prestakuntza nahikoa edota babes neurri egokiak ez dauzkaten baserritarrek erabiltzen dituzte. Ondorioa: 200.000 hildako intoxikazio akutuen eraginez urtero, %99 txirotutako herrialdeetan. Beste kontu bat da plantazio industrialen ondoan bizi diren komunitateek pairatzen dutena: Argentinako soja transgenikoaren plantazioen ondoan bizi direnak glifosatoarekin airez fumigatuak dira. Costa Ricako banana-plantazioen ondoan bizi diren umeek pestizida-maila oso altuak dauzkate gorputzean; Indiako Kerala estatuan, anakardoen plantazioetatik gertu, gaixotasunak eta heriotzak oso ugariak dira, endosulfan plagizida arriskutsuarekin lotutakoak. Antza, plantazioen ondoan dauden komunitateetako ezgaitasun tasa estatu osoan dagoena baino %73 handiagoa da.

Egunero jateko zortea daukagunon osasun-eskubidea ere kaltetua dago, NBEko kontalariaren esanetan. Pozoien eraginen behar bezalako azterketa ez dela egiten salatzen du, ezta substantzia ezberdinen konbinazioak dauzkan ondorioenak ere. Agrotoxikoek presentzia dute gure elikaduran, kopuru txikietan izanda ere, eta ondorioak zenbait hamarkada beranduago azaltzen dira.

Ingurumenean eta honek eskaintzen dizkigun zerbitzu ekosistemikoetan agrotoxikoek dauzkaten eragin lazgarriak ere argitara dakartza txostenak: gure lurretan eta gure uretan daude. Esaterako, Txinako nekazaritza-lurren %20 betiko galdua dago, pozoien kutsadura dela eta. Agrotoxikoei egozten zaio ere erleen beherakada ikaragarria (azken 25 urteetan, Ameriketako Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan erlauntzen %50 desagertu dira eta ustea da honen arrazoi nagusia plagizida neonikotinoideak direla). Izan ere, plagizidek, izurria eragiteaz gain, izurriari aurre egin diezaioketen bestelako intsektuak, hegaztiak eta abar kaltetzen dituzte, menpekotasuna areagotuz. Ez dago sobera aipatzea erleek eskaintzen diguten zerbitzua ordainezina dela: beraiek polinizatzen dituzte gizakion elikadura osatzen duten 100 laboreetatik 71.

Agroekologia, aukera bakarra

Bukaerako gomendioetan argi eta garbi adierazten du txostenak, epe luzeko planteamendu bat egingo bada, nekazaritza industriala eta monolaborantzaren eredua baztertu, eta agroekologia ezartzea behar-beharrezkoa dela. Horixe bera zioen 2013an NBEren “Trade and Environment review 2013. Wake up before it is too late” txosten mardulak. 300 orrialdeetan zehar ondorioztatzen dena da nekazaritza-sistema goitik behera eraldatzea ezinbestekoa dugula, klima aldaketari, ingurumenaren kaltetzeari, gizakion osasunari eta herrialdeen arteko desorekari muga jarriko badiogu. Eta hori egin beharra dago lehenbailehen. Ekoizpen lokala eta ekologikoa zabaltzea eta ekoizpen horren tokian tokiko kontsumoa sustatu eta ezartzea egungo eta hurrengo belaunaldien giza eskubideak bermatzeko modu bakartzat jotzen ditu NBEk. Etorkizuna eta agroekologia eskutik helduta datoz.