Mirari Martiarena

Klik

Biratu zure gorputza alde batera, era sotil eta suabean, aldakak hainbeste ez nabaritzeko. Hankak pixka bat zabaldu, gehiegi ere ez; sabelaldea ez da hainbeste nabarituko. Hanka bat aurreraxeago jarri, horrela zango luzeak eta estilizatuak lortuko dituzu. Xelebritiek hori egiten dute alfonbra gorriaren gainean. Esku bat jarri gerrian edo aldakan, eskuekin zer egin ez dakitenean modeloek erabiltzen duten sekretua da.

Jarri dezagun, luzatu sorbaldak atzerantz, modu horretan aldakarekin lerro zuzena osatzen da eta gure sabela ere barrurantz sartuko da. Hanka bat bestearen aurretik gurutzatu, baina modu pinpirinean. Aurreko oinean tentsiorik jarri gabe, giharrak behartu gabe, oin hori bera aurrera begira jarri eta gorputzaren karga ipurdian. Bizkarrez jarri, sorbalda bat atzerantz duzula eta besoak pixka bat zabalduta.

Eskuko poltsa bati eutsi eskuetan, esku-besoek postura naturala izango dute eta zure gorputzaren zatiren bat estaltzeko aprobetxatuko duzu. Kokotsa bular aldera eraman, horrela zure lepoak ez du den baino zabalago emango. Eserita zaudenean hankak paraleloan jarri eta inoiz ez, sekula ez, behin ere ez gurutzatu.

Pentsatzen ariko zarete hori guztia zertarako den, nonbait. Ea yoga egiten hasi naizen edo ze demontre. Ba ez! Argazkietan pinpirin, lirain eta lerden azaltzeko aholkuak dira. Aldizkari batean irakurri berri ditut aholkuak. Izenburua zehazte aldera, hauxe zioen: «Argalago emateko 10 postura». Ez argazkietan modu naturalean azaltzeko aholkuak. Modu naturalean esan nahi baita: argalago. Adibide bezala hamar emakume argal azaltzen ziren, argazkietarako propio prestatuta, noski.

Ez naiz argazkietarako kameraren aurrean jartzea atsegin duen horietakoa. Nire loditasuna beti agerian geratzen dela iruditzen zait. Ez dut jakiten nola jarri, ispiluaren aurrean bezala. Behin lagun batek nire ispiluko islari atera zion argazkia, mundu honetan gehien beldurtzen ninduten bi gauzak uztartuz: ispilua eta argazkia. Kameraren klixk-az gain, nire barruan ere zerbaitek klik egin zuen. •