Laura Mintegi

Lau apunte armagabetzeaz

Artikulu hau orain astebete idatzita dago, urrunera joan aurretik. Baliteke tarte horretan armagabetzearen inguruan albiste garrantzitsuren bat egotea, baina, ondoren zer gerta ere, apirilaren 8koak berebiziko garrantzia du izatez.

Lau aspektu azpimarratu nahi nituzke armagabetzearen inguruan: protagonistak, koiuntura, eskenatokia eta errelatoa.

Protagonistak. Ram Manikkalingam ez dabil oker dioenean ez dagoela aurrekaririk euskal kasuarekin parekatu daitekeenik. Konbentziturik nago armagabetzeaz mintzatzen denean “euskal era” aipatuko dela hemendik aurrera desarmatzeari buruzko analetan. Euskal Herrian inbidiaz begiratzen genion gizarte katalanari independentziaren alde egiten ari den erakustaldi sendoagatik. Orain badakigu zergatik ez zen posible hemen lortzea han lortzen zutena: gai bat pendiente genuelako, kolektibo gisa, eragozten ziguna erantzun kolektibo masiboa ematea soberaniaren gainean, gatazkaren gaia konpondu gabea izan artean.

Koiunturak garrantzia izan du: hiru euskal erakundeak euskaraz mintzatzen dira; hegoaldean ez dago alderdien arteko lehia elektoralik hiru urtean; Frantzian, ordea, hauteskunde presidentzialen bezperan daude; Espainiako Gobernuak ez du gehiengo nahikorik eta laguntza behar du; eta euskal gizartea apurka-apurka hasi da barneratzen bere esku hartu behar duela alderdiek egin ezin dezaketena.

Eskenatokia. ETAk Frantziari eman dizkio armak, ez Espainiari. Frantzia ez da Espainia. Frantzian asmatu zuten demokrazia (horretarako gillotina jarri behar izan bazuten ere plaza publikoan). Egun V. Errepublika dute eta euskal alderdi guztiek konplizitate sarea ehundu dute, Mankomunitatearen inguruan lehenik eta Foro Sozialaren inguruan ondoren.

Espainian, ordea, XIX. mendean 200 matxinada edo errebolta militar egon ziren; 100 urtean bost konstituzio ezberdin sortu ziren; II. Errepublika odoletan ito zuen diktadura batek (Europa osoko diktadura luzeena, hain zuzen, Portugalekoaren ondoren), eta III. Errepublika inoiz ez da heldu. Ez da kasualitatea armagabetzea Iparraldean burutu izana. Hegoaldean atxilo hartuko zituzten 172 artisauak. Eta egia bada zortzi baino, 12 zulo zirela, sumatzekoa da Hegoaldean daudela gainerako zuloak. Ea nor arriskatzen den haietara hurbiltzen.

Errelatoaren bataila aspaldidanik ari gara ebazten, 2011ko urritik baino lehenagotik seguruen. Baina apirilaren 9an letra larriz hasi da idazten egunkarien azaletan. Titular neutroena “Berria” egunkariarena izan da, «Armagabetu da ETA», eta “La Vanguardia”-rena ere bai, «ETA entrega su arsenal a las autoridades francesas».

Gainontzekoek balorazio argia egin dute, zentzu batean ala bestean. GARAren titulutik, «Jornada histórica que cambia el modo de afrontar el conflicto vasco», “La Razón”-eraino, «ETA: sin justicia no hay fin». Tartean, antzerako errelatoa ñabardura gutxirekin: «ETA entrega las armas a cambio de nada» (“El Correo”), «ETA escenifica su derrota sin épica» (“Deia”), «Desarme sin épica» (“Diario de Noticias”), «ETA certifica su derrota» (“El País”), «ETA se rinde» (“El Mundo”), «Burla de ETA en Bayona: solo desvela 8 zulos con 120 armas» (“Abc”) eta «El País Vasco pone fin al siglo XX. Rendición» (“El Periódico”).

Nire irudiko, ordea, armagabetzearen sakoneko interpretazioa egin eta egiatan muinera jo dutenak balizko garaileak dira, nor baino nor tristeago azaldu direnak. Batetik, Zoido Barne ministroak esan du armagabetzea ez dela garrantzitsua. Benetako garrantzia du ideologiak desarmatzea. Eta ildo beretik jo du Covitek esatean ETAren beste armak desarmatu behar direla, horien artean «inpunitatea, historia faltsutzea eta proiektu politikoa». Eta horretan asmatu dute. Argi eta garbi esan dute zergatik sentitzen diren galtzaile nahiz eta militarki irabazi: ETAk galdu du bataila militarra; proiektu politikoa, baina, inoiz baino indartsuago dago, kalean eta erakundeetan. •