Koldo Sagasti

Palestinako presoak greban

Pasa den apirilaren 17an, Presoekiko Elkartasun Egunean, gose greba kolektiboari ekin zioten Palestinako espetxeratuek gutxieneko giza eskubideak aldarrikatzeko. Erregimen sionistaren presondegietan dauden 6.500 palestinarretatik 1.600ek iragarri dute bat egin dutela deialdiarekin. Barauak oinarrizko eskakizun batzuk ditu xedean: senideen bisitak jaso ahal izatea; arreta mediku egokirako eskubidea; bakartze neurriak baztertzea; eta atxilotze administratibo erregimena bertan behera uztea, alegia, gatibuari leporatzen zaizkion balizko krimenak jakinaraz diezazkiotela, eta epaitua izateko eskubidea onar diezaiotela. Presoen afera garrantzi handikoa da Palestinako gizartean; izan ere, azken 50 urteotan 850.000 palestinar pasatu dira Israelgo ziegetatik, populazioaren %20 eta gizonezkoen %40; eta ondorioz, gizarte osoa zuzenean edo zeharka ukitzen duen gatazka da presoena. Baina espetxe-eskubideez gain, badago protestaldiari lotutako beste aldarrikapen bat: bertan behera gera dadila segurtasun arloko hitzarmena Israel eta Palestinako Aginte Nazionalaren artean. 1993ko Osloko Akordioetan Israelek behin-behineko aginte autonomoa onartu zien palestinarrei eremu historikoaren azaleraren %12 eskas batean. Ondorengo hogei urteotako ibilbideak erakutsi du erakunde horrek eremu horietan okupazioa kudeatzeko lana egin duela, eta okupatzaileen autoritatea bermatzekoa. Egun, aginte palestinarraren eginkizun nagusia okupazioaren aurkako erresistentziari erasotzea eta indargabetzea da. Elkarlan horren emaitza izan da, besteak beste, Basil Al-Arajen erailketa. Apirilaren 17an, hain zuzen, 40 egun bete dira armada okupatzaileak, PANen inteligentzia zerbitzuen laguntzaz, ezkerreko aktibista eta intelektuala exekutatu zuela. Grebalariek elkartasun deia zabaldu diote munduko gizarte zibilari, eta horri atxikitzeko modurik onena Israelgo kartzelak erresistentziako ekintzailez betetzen ari den autoritate palestinarra kolokan jartzen hastea da. •