Nerea Ibarzabal Salegi

Iluna

Motxileroa, erlijiosoa, sexuala, luxuzkoa, ez-jasangarria, jasanezina… turistak adina turismo eredu daude, eta une oro agertzen da moda berriren bat, gainera –beg-packers direlakoak, esaterako: herrialde pobreetan eskale gisara aritzen diren Mendebaldeko turista zuriak, bizirauteko baino, beraien bidaiarekin jarraitu ahal izateko dirua eskatzen dutenak–.

Eredu denek dute zer kritikatua eta nori molestatua, baina oso neurgailu interesgarria da turismoarena. Esan zure etxera nor gonbidatuko zenukeen, zer erakutsiko zeniokeen eta zer ezkutatu, eta esango dizut nor zaren. Baina nor ote gara, gure bisitariei gure etxean gertatutako hondamendiak erakusten badizkiegu? Eta nor ote gara, noizbait norbaiten infernu izandako hondamendi horiek bisitatzen baditugu gure opor egunetan, kamera bat eskuan? Honi deritzo turismo makabroa edo turismo iluna.

Pertsonek edo naturak eragindako ezbeharrak gertatu diren tokiak bisitatzen dituzte turismo makabroa praktikatzen dutenek. Inoiz nazien kontzentrazio esparruren bat edo New Yorkeko zero gunea bisitatu baditugu, geu ere izan gara turista mota hau.

Ambroise Tézenas argazkilari frantsesak liburu bat argitaratu zuen duela urte pare bat, “I Was Here” (Ni hemen egon nintzen). Munduko genozidio, gerra, hilketa eta hondamendien kokaleku izandakoak erretratatu zituen, baita bertatik zebiltzan bisitariak ere. Sichuanen (Txina) lurrikara batek suntsitutako eskola baten aurrean ageri da pertsona talde bat argazkirako posatzen –ezin da antzeman irribarrez dauden ala ez–. Ruandako genozidioaren aztarnei begira daude beste batzuk; kiloka arropa zahar eta garezurrak bata bestearen ondoan pilatuta. Auschwitzeko esparrua da bisitatuena, jendea astiro dabil barrakoietan eta gasezko dutxetan zehar.

Bigarren Mundu Gerran suntsitutako herrixka berreraiki gabeetan oinez agertzen dira bisitariak, iraganeko kale nagusia berpiztu izan balitz bezala. Hutsik eta belarrezko alfonbra batek estalita daude Txernobylgo hotel bateko gelak. Kartzela zaharrak, Kennedy tirokatu zuten lekua, Lady Dianak istripua izan zuen errepide ertza. Zer dute leku hauek, museo zuri eta garbiek eskaintzen ez dutena?

Glasgowko Unibertsitateko J.J. Lennon irakasleak turismo mota hau aztertu zuen, eta bere ustez «pertsonok gaitza egiteko dugun gaitasunak erakartzen gaitu», eta horrelako bidaietan «heriotzarekin topaketa erreal edo sinbolikoak bilatzen ditugu». Horregatik gustatzen omen zitzaigun aspaldi gladiadoreak hiltzen eta auzokoak urkatzen ikustea.

Errazegia litzateke, beraz, turista hauek kritikatzen hastea; orokorra da norberagandik urrun gertatutako ezezagunen heriotza bortitzak jada atzerakadarik ez eragitea. Morboa eragiten du historia usaintzen eta zapaltzen ari garela sentitzeak, eta, gainera, badirudi aireari zin egiten diogula ez dugula horrelakorik errepikatuko etorkizunean. Ustezko ikasketak justifikatzen du bisita, eta, egia esan, kanpotik begiratuta gainditutako arazoa direla iradokitzen dute lekuek, parean jendea argazkiak ateratzen ageri bada.

Pentsatzen nabil zenbat denbora behar ote den hondamendi bat turismo leku bilakatzeko. Imajinatu behar ote ditugu 50 urte barruko Mendebaldeko turistak errefuxiatuen Balkanetako ibilbidea egiten autostop bidez? Greziako kanpin denden hondarrak erretratatzen? Melillako hesian maiteminduen giltzarrapoak? Ekialde Hurbilean… e, beno, hemen ez dakigu zehazki nor hil zen noiz. Euskal presoak egondako kartzeletatik tour gidatuak? Selfie-ak Iñigo Cabacas hil zuten kantoian? Nork daki. Baina iruditzen zait lehenago iritsiko dela oroitzeko modu hori, benetako aitortza eta justizia baino. Herrialde askoren tranpa baita etorkizunaren izenean iraganari museo formako tirita erraldoi bat jartzea kanpokoentzat, eta hortxe xahutzea herritarren zauriak sendatzeko behar ziren indarrak. •