2017/04/29

Erreportajea
TXINA
Pekinetik gertu hiri erraldoi bat eraikiko dute eredu ekonomiko berri bat garatzeko

Munduko hiririk kutsatuenak dituen Txinak energia jasangarrien, teknologia berdearen eta bestelako hazkunde eredu baten erreferentzia nagusi bihurtu nahi du. Pekin hiriburutik gertu samar (ehunen bat kilometrora) Xiongango Gune Berria sortzeko asmoa iragarri dute agintariek, hemendik aurrerako garapena ezberdina izan dadin.

Jose Angel Oria
0429_pd04_pudong

Xi Jinping presidenteak berak bultzatutako proiektuak datozen hamarkadetako Txina berriari emango dio hasiera, Alderdi Komunistako buruek nabarmendu dutenez. Punta-puntako teknologia, energia iturri garbiak, ekonomia eredu berri eta berdeago bat, aldez aurretik ondo pentsatutako hazkundea… orain arte Asiako herrialde erraldoiak erakutsi digun hazkunde ereduaren gabeziak konpontzeko, edo gabezia horiek eraginda.

Xiongango Gune Berria eraikitzeko asmoa dutela iragarri berri dute Txinako Alderdi Komunistako Batzorde Zentralak eta Estatu Kontseiluak, eta, ezaugarriren bat azpimarratzekotan, handitasuna aukeratu beharko genuke, zingirak nagusi diren eremu zabal batean hiri erraldoi bat eraikiko baitute, New York hiria bera txiki uzteko: erabat garatuta dagoenean, AEBetako hiriaren azaleraren hiru halako izango ditu.

Hiriburuaren arazoak

Xiongango Gune Berria Pekinetik (22 milioi biztanle) gertu samar eraikiko dute (100 kilometro ingurura) eta helburuetako bat hiriburuak jasan duen kutsadura arazo ikaragarria konponbidean jartzea litzateke. Aldi berean, pekindarrek egunero sufritzen dituzten auto ilara ikaragarriak ere saihestu nahi dituzte agintari komunistek. «Milurteko berrirako estrategia erabakigarria da, Xi Jinping proiektu osoaren ardatz dela, Txinako Alderdi Komunistako Batzorde Zentralak egin duen aukeraketa estrategiko eta historikoa», idatzi du Xinhua berri agentzia ofizialak.

Aipatu hedabidearen arabera, Xionganek herrialdearen historiaren kapitulu berri bat zabalduko du eta helburua litzateke bertan hazkunde eredu «koordinatu, integratzaile eta jasangarria» lortzea.

Artikulu sutsu batean, Xinhuak dio Xiongan dela Txinaren orain arteko hazkundeak dituen arazoek behar duten erantzuna: «Hirien hedapen bizkorrak lekua utzi behar dio garapen orekatu eta integratzaileari. Txinak izan duen arrakastaren erreplika hutsa izan beharrean, hiri berri baten geroa kontatuko du».

Presidenteak nabarmendu du Xiongango eremuak garapenaren bidean egindako berrikuntzak erakusteko aukera emango duela, eta herritarren ongizatea eta ingurumenaren babesa lehentasunezkoak izango direla.

Ignacio Martinez UNAM Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko ikerlariak Xinhua agentziari esan dio Xiongango Gune Berriak frogatzen duela «garapen eredu ekonomiko berri baterantz doala herrialdea».

Diruzalekeria Txinan ere

Hain egitasmo anbiziosoak sustatzaileei burutik pasa ere egin ez zaizkien arazoak ere eragiten ditu ordea. Agintariek beren iragarpena apirilaren 1ean egin eta berehala, herritar askoren diruzalekeria lanean hasi zen. Bazter guztietatik joandako espekulatzaileak Xiongan hirian bildu ziren, lurrak edo eraikinak orain erosi eta hemendik pixka batera sekulako negozioak egiteko asmoarekin. Bertako hedabideek esan zuten bi ordutan salneurriak bikoiztu egin zirela. Diruak eragindako erokeria, ustezko komunismoaren herrialdean.

Chen Bok Xionganera joan ziren herritarretako bat da. “Beijing News” egunkariari esan zionez, «hain urduri nengoenez, gau osoan ez dut lo egiterik izan. Proiektu hau zerutik eroritako oparia da». Bloomberg atariak idatzi zuen Xionganera doazen errepideetan auto ilarak sortu zirela eta bertako hoteletan ohe bat lortzea ezinezko bihurtu zela.

Nola eragingo du diruzalekeriak agintarien asmoengan? Xiongango higiezinetako agenteak astelehenean (bi egun geroago) negozio egin ezinik geratu ziren, Gobernuak salerosketak debekatzen dituen araua onartu ondoren. Reuters agentziak emandako informazioaren arabera, agintariek bozgorailuak ere erabili zituzten lehen egun haietan higiezinen inguruko espekulazioa legez kontrakoa dela gogorarazteko.

Aginteak berak eragin du diruzalekeria, berehala aberasteko aukera herritarren aurrean jarrita. CGTN telebista kateak, esaterako, adierazi du itxura guztien arabera Xiongan «Txinako hurrengo Pudong» izango dela. Shanghai hiriaren ekialdeko zatia da Pudongeko Gune Berria, herrialdeko gunerik aberatsenetakoa gaur egun. Orain hamarkada batzuk nekazaritza eremu bat besterik ez zen, baina Pekingo agintariek hartu zituzten erabakien eraginez (bertan kokatu zuten Shanghaiko Burtsa, Asiako garrantzitsuena, esaterako), etxe orratz ikusgarriz betetako eremu bihurtu da. 2010ean bost milioitik gora biztanle zituen.

Hedabide ofizialek Shenzhengo Gune Ekonomiko Bereziarekin ere alderatu dute Xiongango proiektua. Gaur egun herrialdeko hamar hiri handienen artean dagoena herri arrantzale txiki bat izan zen 1970eko hamarkadako amaiera arte, agintariek Gune Berezia sortzea erabaki zuten arte. Hong Kong hiritik gertu egotearen abantailez baliatu zen ordura arte izan ez zuen hazkundea aurrera ateratzeko. Hamabi milioi biztanle zituen iaz. Asiako Silicon Valley deitu izan zio, bertan baitute egoitza Txinako teknologia konpainia arrakastatsuenek.

Azpiegitura berriak

Xiongango Gune Berria Pekin, Tianjin eta Shijiazhuang Hebei probintziako hiriburuaren artean eraikiko dute. Hasiera batean 100 kilometro koadroko azalera izango du, 200ekoa aurrerago eta 2.000 kilometro koadrokoa erabat garatuta dagoenean. Aireportu, trenbide eta errepide berrien eraikuntza eragingo du, eta, Ignacio Martinez mexikarraren iritziz, «hezkuntza eta osasuna ere suspertuko ditu».

Gainera, Pekin hiriburuak gaur egun hartzen dituen makina bat zerbitzu Xionganera eramango dituzte. Era horretan hiriburuko populazioak behera egitea espero dute, eta, aldi berean, kutsadura arazoak murriztea. «Ingurumena babestea lehentasunezkoa izango da, aginteak ez baitu nahi ohitura zaharkituekin segitzea, hau da, aurrena kutsatu eta gero tratamendua ezarri. Herritarrak inguru seguruago eta garbiago batean biziko dira», esplikatu du Xinhua agentziak. Hiriburuak egun hartzen dituen jarduera ekonomikoen zati bat bertatik aterata, pekindarrei gutxiago kostatuko zaie lanera joatea eta zerbitzuak dauden lekuetatik gertuago biziko dira. Garraioa jasangarriagoa izango da.

Handitasunarekin batera, Gune Berriaren beste ezaugarri garrantzitsu bat energia iturri garbien aldeko apustua da, Txinan hemendik aurrera egiten diren hirientzako eredu izango da, agintarien arabera. Datozen urteetan erreaktore nuklear gehien eraikiko dituen herria da Txina, eta, aldi berean, eguzkiaren (%80ko hazkundea iaz) eta haizearen (%12koa) indarra baliatzeko ahalegin gehien egiten ari dena. Xionganen energia geotermikoak beste horiek baino garrantzia handiagoa izango du.

Energia geotermikoa

Izan ere, Gune Berria hartuko duen Xiongxian konderria da egun bere energia kontsumo guztia iturri garbi horretatik ateratzen duen bakarra. Sinopec konpainia publikoak esan du Xiongan aitzindari izango dela energia geotermikoari dagokionez, eta iturri hori erabilita 2020rako «ikatzik gabeko hogei hiri» sortu nahi dituela.

«Ikatza erabiltzen genuen neguan berotzeko, urtean zortzi tona inguru. Baina sekulako kutsadura sortzen du ikatzak eta garestia da –dio Qian Zhangtun Xiongxiango herritarrak–. Sistema geotermikoa erabiltzen hasi ginen eta gastuak erdiraino murriztu dira». Sun Caisia Sinopec konpainiako langileak egindako kalkuluen arabera, «azken zortzi urteotan ikatzaren kontsumoa milioi bat tonatan murriztu dugu. Ia barruti osoari ematen diogu berokuntza zerbitzua. Egun ikatzik gabeko eskualdea dela esan daiteke».

Xiongan hartuko duen eremuan zingira ugari dago eta bertako ura erabiltzen dute herritarrek. 143 laku daude; 360 kilometro koadroko azalera. Baiyangdian izenekoa Txinako iparraldeko handiena da eta gunearen erdi-erdian dago.

Wang Xiaoye ekologistak lakuetako hegaztiak babestea du helburu. Pozik dago proiektuarekin: «Abereen babesa indartu eta lana hobeto koordinatuko da, baina kezkatzen nau horrenbeste eraikin zutitzeak ingurumenari sekulako kaltea eragin diezaiokeela».

 

Porrot egindako aurrekariak

Gaur egun orkideak eta loto-loreak ekoizten dituen hiri txikia puntako teknologiaren eta berrikuntzaren munduko erreferentzia nagusia bihurtu nahi du Xi Jinping presidenteak. New Yorken egoitza duen Morgan Stanley etxeak egin dituen kalkuluen arabera, hori lortzeko datozen hamabost urteetan 270.000 milioi euro inbertitu beharko ditu Gobernuak, eta horrela urtean %0,15 inguruko hazkundea eragingo zaio Txinako barne produktu gordinari. 5,4 milioi biztanle izatera iritsiko omen da Xiongan.

Baina datu horiek optimistegiak direla uste dute aditu batzuek. Shenzhenen eta Pudongen orain hamarkada batzuk arrakastatsua izan zen formulak porrot egin dezake Xionganen, Pekin hiriburutik urrutiegi baitago bertan egoitza duten konpainia teknologikoek, unibertsitateek eta konpainia handiek lekuz aldatzea erabaki dezaten. Eta horiek dauden lekuan geratuz gero, Xiongan eraikin dotorez betetako hiri fantasma bihur daiteke.

Lehen ere gertatu izan da. Esaterako, Tangshan hiriko Caofeidianen. 80.000 milioitik gora euro inbertitu ondoren, zorrak eta inoiz erabili ez diren eraikinak dira nagusi. Tangshan Hebei probintzian dago, Xiongan bezala, eta 7,5 milioi biztanle ditu. Hiriak 8 graduko lurrikara jasan zuen 1976an (255.000 hildako agintarien arabera, nahiz eta iturri batzuek kopuru hori hirukoiztu egiten duten), azken hamarkadotako seismorik tragikoena.

Porrot egindako proiektu anbiziosoen artean kokatzen dute Binhaikoa ere. Tianjin probintziako leku horretan ere sekulako inbertsioak egitekoak ziren, baina oraingoz ez dute lortu proiektuak nahi bezalako indarra hartzerik.

Wade Shepard ikerlaria ez dator bat ikuspegi horrekin. Txinak dozenaka «gune berri» sortu ditu hamarkadotan eta horietako asko ia hilda daudela badirudi ere, fenomenoari buruz liburu bat idatzi zuen gizonak uste du oraindik ezin dela esan proiektu horiek porrot egin dutenik, batzuk «aurrera ateratzen hasiak dira-eta. Ez dago hiri fantasmarik, Txinako garapenaren fase bat baino ez da».

Pekinek egun hartzen dituen zerbitzu asko Xionganera eramango dituzte. Era horretan hiriburuko populazioak behera egitea espero dute. Eta kutsadura murriztea

«Ingurumena babestea lehentasunezkoa da, ez baitute ohitura zaharkituekin segitu nahi: aurrena kutsatu eta gero tratamendua ezarri. Inguru garbiago batean biziko dira»

«Hirien hedapen bizkorrak lekua utzi behar dio garapen orekatuari. Txinak izan duen arrakastaren erreplika hutsa izan beharrean, hiri berri baten geroa kontatuko du»

Agintariek beren iragarpena egin eta berehala, bazter guztietatik joandako espekulatzaileak bildu ziren, lurrak edo eraikinak erosi eta aurrerago negozio egiteko asmoarekin