Antton Izagirre

Pizkundea

Udaberriak ondo erakutsi digu landareen izerdia berritu ezetzik, gizakion odola bor-bor jartzeko gaitasuna baduela.

Apirilaren 8an Baionan emanikoak, han izan ginenon eta joan ez ziren askorengan sorturiko emozio nahasmenak nekez deskriba daitezkeen zirrarak sortu zizkigun. Ohituak gara emozioak parametro arautuetan sailkatzen. Ustez badakigu zer den poza, tristura, beldurra, pena, baina han elkartu ginenok ez genuen une berean emozio bera edo berdina sentitu, ez emozio bakarra ere, eta ez genuen ere hunkitzeko arrazoi bera izan.

Kasurik gehienetan poza zirudiena, batzuentzat behin betiko armagabetzeak eragindakoa izango zena, beste askorentzat iraganeko, bizi izandako nostalgiak gogora ekarria; askorentzat poza eta nahigabea berezi ezina.

Han gainezka egin zuten malkoak adierazmen askotarikoak izango ziren. Ba ziren malko lodiak, gertuko norbaiten galeraren saminaz isuri modukoak edo urrutira etorkizun hobe baten bila doanaren agurrean dolorez xurgaturikoak, minak eragindakoak, maitasunez erakutsiak; malko gozoak, mikatzak, gaziak, zapore ugarikoak.

Nork ez du, han amaiera ematen zitzaionarekin, zentzu batean edo bestean, zuzenean edo zeharka, joan diren berrogeita hamar urteotan, nolabaiteko amodio/ gorroto, poz/samin, atsegin/haserre... moduko harremanik izan?

Nork bere baitan une isilean edo txalo artean sentitu genuenak, atmosfera berezia sortzen zuen sentipena izan genuen. Atzera begira jarrita, aurrera nola egin erakusten zigun bizipena esnatu zigun.

Handia izan zenaren bihozkadak genituen. Noizbait, «neu ere han izan nintzen» iltzaturik usteko balio izango zuelakoan itzuli ginen geurera.

Eguna amaitzear, beroaren galgak, geure zainetako izerdi gorria kolpatzen jarraituko zuen. Julio Sotoren buruz buruko eta amaierako bertsoek aurrez minberak ziren emozioak lehertu zituzten bakardadean.

Biharamunean, Korrikaren amaieran Iruñeko aldarrian lerratu ziren bihotz taupadak, hainbat ertz, erpin, punta eta izkina dituen herri hau borobiltzen ari den sentimendua ernatu zuen.

Borobila irudikatu genuen geroa, etorkizuna. Aurtengo Gernikako Aberri Egunak bide horretan jarri gaitu. Emozioek, biltzen, borobiltzen eta berez ibiltzen jarriko gaituztela aurreikus dezakegu.

Jarrai dezagun, bada, emozioak pizten, sugarrak iraun dezan, eta, beste hark zion bezala, «aurrera bolie!». •