Dabid Lazkanoiturburu
IKUSMIRA

AITA SANTUAK ERLATIBIZATZEN BADAKI, EGIPTON ETA FRANTZIAN

Aste oparoa eskaini digu Frantzisko aita santuak. Jorge Mario Bergoglio Vatikanoko estatuburua Abdelfattah al-Sissi Egiptoko presidenteari bisita egin dion Mendebaldeko lehen agintaria da (Trump AEBetako presidentea ere berarekin bildu zen, baina Etxe Zurian). Vatikanoak diplomazia izan du beti ardatz, baina milaka herritar erail, atxilotu eta legez kanpo utzi dituen militar kolpista «bakearen aldeko» agintari gisa goraipatzeak gehiegizkoa dirudi, are gehiago argentinarra den eta hortaz asko dakien baten ahotan. Kristau koptoek zein Ekialde Hurbileko kristauek oro har pairatzen dituzten atentatuek eta jazarpenak ezin baititzakete bertako erregimenak zuritu. Ez ziren bere horretan amaitu Bergoglioren adierazpen bitxiak. Kairotik bueltan, hegazkinean Frantziako hauteskundeei buruz galdetu ziotenean, «eskuin gogorraren ordezkari baten [Le Pen] eta nondik ote datorren ez dakidan beste baten [Macron?] artean» ez duela hautatuko esan zuen. Dabid LAZKANOITURBURU