Ander Izagirre - @anderiza
Kazetaria

Alemaniarren azenarioak Biriatun

Zaldiak asko maite nituen. Zaldi eder hura ikusi nuenean, laztantzera joan nintzen. Eta bat-batean soldadu nazi bat agertu zen, oihu egin zidan, a ze ikara! Korrika atera nintzen galsoro batean barrena eta soldadua atzetik etorri zitzaidan, zaldi gainean». Orain Marie Dominiquek barre egiten du. Erizain erretiratua da, ile zuri motza du, betaurreko gorri biziak, etengabeko barre alaia. «Orduan bost edo sei urte nituen. Pentsa nolako jazarpena izango zen: txantxetakoa! Baina halaxe gogoratzen dut: ni korrika, nazia atzetik, zaldia nire garondoan arnasestuka, etxera sartu nintzen arte. Negar batean joan nintzen amarengana».

Naziak 1940ko ekainaren 27an iritsi ziren Bidasoara. Frantzia bitan zatitu berri zuten: zona okupatua eta zona librea –hobeto esanda, alemaniarren txotxongiloa zen Petain mariskalak gobernatutako zona–. Hendaiatik Donibane Garaziraino, Pirinioetako muga nazien kontrolpean gelditu zen. Alemaniarrak Biriatura iritsi ziren, soldaduek eskola okupatu zuten...

«Garai hartan, aduanazainaren etxean ematen zizkiguten eskolak».

Eta ofizialek Atxenia hotelean jarri zuten kuartel nagusia. Hotela gobernatzen zuten Bonnet ahizpak Comete sare klandestinoaren laguntzaileak ere baziren: zenbaitetan, alemaniarrek jangelan afaltzen zuten bitartean, hoteleko ganbaran hegazkinlari pare bat zegoen ezkutatuta –ingelesak, estatubatuarrak, belgikarrak, txekiarrak...–. Ilargirik gabeko gau baten zain egoten ziren, Bidasoa zeharkatzeko.

Biriatun bertan, basoko bidean barrena, bi hilarri ikus daitezke, Antoine d’Ursel Comete sarearen burua Belgikan eta James F. Burch hegazkinlari estatubatuarraren omenez. 1943ko abenduaren 23an, ihesean ari zirela, Bidasoan itota hil ziren. Biharamunean naziek gorpuak aurkitu eta Biriatuko elizaren aurrean jarri zituzten ikusgai, mehatxu moduan. Baina herritarrek gorpuak lorez estali zituztenean, naziek desagerrarazi egin zituzten.

«Alemaniarrak baserrira etortzen ziren eta azenarioak eramaten zituzten –dio Marie Dominiquek–. Baita patatak ere, eta azak, oiloak, nahi zuten guztia. Baina gehien gogoratzen dudana azenarioak dira, soldadu baten eskuak gogoratzen ditut, azenario atera berrien lurrarekin zikindutako eskuak. Baserriko behi bat errapeko minez zegoen, ukuiluan hiltzen. Beste soldadu bat ukuilutik etxera sartu zen, eta esan zigun: ‘La vache, kaputt’».

Marie Dominiquek algarak egiten ditu. «La vache, kaputt!»

Eta Guiguite bere lagunak ondoren: «Poloniar batzuk ere bazeuden. Haietako batek txokolate zuri puska bat eman zidan. Nola gogoratzen dudan txokolate zuri hura!».

«Guk errusiarrak deitzen genien –dio Marie Dominiquek–. Poloniarrak izango ziren agian, baina guk hala esaten genien, errusiarrak. Aurpegiera asiarra zeukaten... Guretzat, exotikoak».

1942ko udan, naziak Atlantikoko Harresia eraikitzen hasi ziren: gotorlekuak, bunkerrak eta artilleria postuak itsasoari begira, Norvegian hasi eta Hendaiaraino, aliatuen balizko inbasio bat oztopatzeko. Lapurdiko kostan, Bidasoan eta Pirinioetako lehenengo muinoetan, bertoko langile behartuak eta gatibu poloniarrak erabili zituzten eraikuntza horiek egiteko. Haietako bat izango zen Guiguiteri txokolate zuria eman ziona.

Marie Dominiquek gogoan du alemaniarrek presoak zelaietara eramaten zituztela, lubakiak zulatzera eta bunkerrak eraikitzera. Noizean behin, soldaduek maniobrak egiten zituzten.

«Bota handi haiekin ateratzen ziren, pausoak denok batera egiten, brom!, brom!, brom!, eta gero aginduak oihuka ematen zituzten, batetik bestera korrika, tiroak jotzen... Uf, ikaragarria zen. Hemendik alde egin zutenean, lasaitua hartu genuen».

Naziak 1944ko abuztuan irten ziren Euskal Herritik, Bordeleko frontean aliatuen erasoak gelditzeko asmoz.

«Zutabe luze batean abiatu ziren, ibilgailuekin, armekin, Urruña aldera, kostara, iparraldera. Joan zirenean, bakea eman zuten!».

Beste esku batzuk datozkio orain gogora: azenario atera berrien lurrak aitaren eskuak zikindu zituen berriz ere. •

www.anderiza.com