Pello Otxandiano

Proiektua eta artisautza

Aste honi zeharka begiratzen hasita ezin PNVk PPrekin egin duen hitzarmenari izkin egin. Lehen begiratuan, garai likidoei neurria zehaztasunez hartu dion PNV indartuta atera da zalantzarik gabe, bere posizio abantailatsuari errentagarritasuna atera baitio beste behin, zenbakietara eraman daitekeen salmenta errazeko emaitza. PPren gobernu ustela sostengatzearen truke, bai, eta? Euro mordoxka bat etxera bueltan, gero gerokoak.

Ernegatu gaitezke PNVren saldukeriarekin ikusita eskuin espainolista ustelena nola sostengatu duen Katalunia erreferenduma deitzera doan garaian. Ekin diezaiokegu, beroaldian, akordio honen ondorio politiko epe motzekoak aztertzeari, besteak beste Erkidego Autonomoko estatus politikoaren eztabaida parlamentarioa zein lekutan uzten duen. Ondo, baina osasun mentala zaintzea ere komeni denez, gaurkoan nahiago dut haratago begiratu eta frustrazioaren tentazioa ekidin. Izan ere, badaude gauza batzuk gure esku ez daudenak. PNVk ere jokatzen du partida hau. Eta hauxe da, zalantzarik gabe, PNVren bertsio onena. Nahiz bihotzean min egin sorpresarik ez digu eman.

Gaurko PNV honek badu gauza on bat, aitortu behar zaiona: ez du zer den ezkutatzen, argi hitz egiten du. Ez da inongo abenturatan sartuko, ez du ezer arriskatuko burujabetzaren alde, eta statu quo-a kudeatzera mugatuko da bere posizio pribilegiatuak gordetzen saiatuz. Are, burujabetzaren egitasmoak bidea egin ez dezan tapoi lanak egingo ditu, egoera hau bikaina baita beretzat hegemoniaren jabe denez gero. Eskola umeek ere badakite hori dagoeneko.

Nola artikulatu euskal subiranismoaren indarrak gaur eta hemen? Horixe da ariketa. Eta PNVren jardunbideak pista bat ematen digu bere gordinean. PNVk ondo neurtu ditu gaurko euskal herritarren kezka eta pertzepzioak. Jendea ziurgabetasunak larrituta bizi da, ziurtasunak behar ditu. Aldaketak nahi ditu, bai, baina daukana galtzeko arrisku gehiegirik hartu gabe. Eta Espainian dagoen nahas-mahasaren ondoan PNVk egonkortasuna, seriotasuna eta pragmatismorako sena proiektatzen ditu. Euskal autogobernu sistemak –azken urteetan atzerapauso nabarmenak eman dituen arren botere efektibo oso mugatuarekin gelditzeraino– eta bere kudeatzaileek Espainiak baino ziurtasun gehiago eskaintzen dituzten bitartean –eta ez da batere zaila ikusitakoak ikusita– euskal subiranismoak jai du; Katalunian ez bezala, hemen, oro har, Espainian baino hobeto bizi garela hautematen baitu jendarteak.

Jai dugu baldin eta ez badugu are ziurtasun gehiago emango dituen proiektu bat kontrajartzen. Proiektu erreal bat, ukigarria. Gizartean dauden kezka iturri nagusiei erantzun materialak eskainiko dizkiena. Posible da, inoiz baino posibleago segur aski, baina egitasmo subiranistak lur hartu behar du horretarako. Diskurtsoetatik proiektu politiko definitu baterako saltoa egin behar du: Zer-nolako lan harreman esparrua? Zer hezkuntza sistema? Nolako pentsio sistema? Antzerako galderei erantzun zehatzik eman gabe nekez egingo dugu aurrera.

Uste dut aurrerapauso sendoak emateko argipen ideologiko nahikoa badagoela jada. Eztabaida eskolastikoetan trabatzeko joera antzematen den arren –Maltzaga gorabehera– uste dut, batez ere, ingeniaritza lana dela faltan duguna: sinergiak josi, dauden energien arteko elkar elikatzeak sustatu, erreferentzia sozial berriak sortu, eta abar. Ingeniariak edo, nahi bada, artisau onak behar ditu burujabetzaren egitasmoak. Gizarte ekimenaren, ekimen sindikalaren eta instituzionalaren arteko elkar elikatze prozesuek herri hau martxan jartzeko energia nahikoa baitute.

Zentzu horretan, armagabetzearen ekimena bide erakuslea da. Azkarregi amortizatzen ditugu herri honetan garaipenak. Alabaina, Baionak mugarri beharko luke. Berrikuntza taktikoan asmatuz, jendartearen aktibazioaren eta lan diskretuaren arteko oreka ondo gordez eta instituzioen eta gizarte zibilaren arteko elkarlana josiz estatu boteretsu bati gain hartzea lortu du herri ekimenak. Hitzetatik ekintzetara pasatzen garenean arerioak –kanpokoak eta bertokoak– posizioz aldarazteko gaitasuna badugula erakusten du armagabetzeak. •