Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Zaramalogia

Gaurkoan Joseba Sarrionandiaren poema urratzeko lizentzia hartu dut lerrootan. Zaramaren logiaz aritzea, zaramatik zientzia egitea, humanitatea ezagutzeko bide zuzen eta gaurkotua iruditzen zait, baita gure buruari begira jartzekoa ere. Sortzen dugun zaramari begiratzea eta irensten dugun zarama andanaz kontziente izatea, ariketa sanoa bada behinik behin. Zarama baita behar ez duguna, soberan duguna, etekinik ikusten ez dioguna, eta are, oztopo bilakatzen zaiguna. Eta zarama da ere materia anabasa horren guztiaren kudeaketa, etekinaren logika kapitalistan, bide errazetik (errentagarritik) kontsumitzeko zarama besterik eskaintzen ez diguna. Erraustegia eraikitzen hasiko zaizkigunean, merkeena palma olioz eta azukrez aurrez prestaturiko jakiak ahoratzea da, eta erosoena, informazio anabasatik erauzten dizkiguten egia gozo(ki)ak irenstea; litxarkeriak!.

Zaramaren poetikaren irudi gogoangarria egin zait beti izarrei begira ematen ahal den eszena erromantiko hori: kosmosari begiak zabal-zabalik, lasaitasun isila izar iheskor batek urratzen duen une zirraragarri hori... zer liluragarria den sateliteren batetik askaturiko torlojutxoa atmosferan erretzen ikustea! “Dirdira duen oro ez da urre” artikuluan espazioko zarama gai hartu nuenean aipatzen nituen datu batzuk eguneratu direla ikusi berri dut: 1957an Sputnik satelitea orbitan jarri zenetik ia bost mila irteera izan dira eta 18.000 objektu inguru jarri dira orbitan. Egun 1.100 satelite dira funtzionalak eta gainontzekoa zarama besterik ez dira. Are, zarama talken bidez birproduzitzen doa eta gaur egun zentimetro bat inguruko 700.000 eta milimetro bat inguruko 170 milioi zatitxo daudela kalkulatzen da. Milaka kilometro orduko abiaduran bidaiatzen duten zatitxook sateliteek izkin egiteko maniobrak egitea eragiten dute dagoeneko eta batzuk Kessler sindromea ematearen beldur dira, zeinaren arabera, orbita jakin batean dauden zatitxoen desagerpen tasa talka tasa baina txikiagoa denean, kate erreakzioa eman daitekeen, orbita erabilgaitz eginez.

Zarama “aurrerabidea” oztopatzera heldu da, antza. Orbitak kolapsatuz, zainak blokeatuz, birikak zikinduz eta garunak intoxikatuz. Hazkundearen mugaren iragarle dirudi zaramak. Azkenaldian zientziaren erabileraz hitz egin izan dut, marxista samar, mundua deskribatzeko ez, eraldatzeko aztertu behar dugula aldarrikatuz. Zaramari arreta jarri behar diogu, zarama eteteko bideei, eta ziur aski deskubrituko dugu kapitalismoari aurre egiteko gakorik. Ezkerrak “osasuna” oihukatuz egiten du topa. Bada garaia bizitza erdigunean jarrita pentsatzen eta ekiten hasteko eta zarama eteteari dagokion garrantzia emateko!

«Zaborrontzi bakarra kosmosaren bazterrean (bakarra bere bakardadean)/ mugarik gabe, ahotik oka eginez (goitika eginez) enpatxaturik./ Kosmoseko andre gizonek espazio-ontziak arretaz zaintzen dituzte./ Hara hor gure teknika material eta sakonaren hondarrak,/ tamaina ezberdinetan edonondik eta edonoiz datozen hondakin/ enigmatikoak. Begira egiezu izar iheskorrei, zelan erretzen diren,/ eta egin humanitatearen behar intimoen historia./ Zarama orbitetan denetik, sateliteak eta bere soberakinak,/ NASAko artxiboan baino astronautikari buruzko datu gehiago./ Hara hor erregai tanke hutsak, partikulak eta sateliteak,/ sputnik herdoildua, meteosat kadukatua, Laika hilak,/ milaka kilometro orduko abiaduran partikula lehergarri bihurtuko diren torlojutxoak./ Zaborrontzi bakar bat kosmosaren bazterrean (bakarra bere bakardadean)/ Igarri metalezko anabasa orbitalaren mezua: ugarian eta naharoan akabatuko gara,/ planeta berriak topatu beharko ditugu gainbizitzeko alde honetakoek,/ bestaldekoak zarama irentsiz hiltzen diren bitartean./ Hara hor nazioarteko estazioa zarama gainean, eta heldu den estralurtarra,/ estralurtar gaixo hori orbitan dugun zaramaren artean bizitza adimentsuaren xerka agian./ Zaborrontzi bakar bat kosmosaren bazterrean (bakarra bere bakardadean)/ etorkizuneko estetika, joankizuneko etika/ zibilizazioaren poetika formulatzen,/ dizdira eta lilura biziz datozen/ izar iheskorren zain,/ astiro eta astun materia birrinduz heldu den/ entropiaren zain». •