Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Emakumea eta kirola

Pasa den martxoaren 3an Bidania-Goiatz herrian «Emakumea eta kirola» izenburupean mahai ingurua antolatu genuen, Saiaz Mankomunitatearekin elkarlanean. Berdinbidean zerbitzuak diruz lagunduta, kirol arloan emakumeen presentzia sustatzea helburu. Mahai inguru hartan hizlari ezberdinak gonbidatu genituen: Patri Espinar, Eguzkiñe Peña, Izaro Arbe, Alba Menendez eta Javi Otermin. Mahai inguruaren gidari lanetan, Nekane Zinkunegi.

Ederra izan zen emakume haiek entzutea, bakoitzari kirolak zer ekarri dion entzutea eta zenbat erronka eta zailtasun gainditu izan behar dituzten ohartzea… Finean, kirola bere esentzian maitatzen duten pertsonak gertutik entzutea.

Kirolari apartak, zentzudunak… mutil edo neska izateak gaur egun gure jendartean dakartzan ezberdintasun ekonomikoak azalean egunero bizitzen dituzten pertsonak.

Eskubaloian, pilotan edota futbolean lehen mailan dabiltzan kirolariak. Partida guztietara autobusean ordu luzeak eginez bidaiatzen dutenak, entrenamenduetan pilotan bakarrik entrenatu behar izaten dutenak, nomina gabe edo nomina oso txikiarekin egunero lanean aritzen diren pertsonak… astean hiru eta lau entrenamendu eta asteburuetako partiduak gehituz.

Soldata-etena kasu horretan zenbatekoa ote da? Pentsatzen jarrita, eromenera eramaten zaituen alde izugarria, auskalo...

Beraiei entzutean nire buruak nahigabe gizonezkoen kirol mundura eramaten ninduen, konparatzen jartzen ninduen… gizonezkoen futbol ligara edo Aspera, Asegarcera… Izugarria iruditzen zait!

Mahai ingurua entzutera 30 pertsona joan ginen, giro ederra egon zen. Ni seme-alabekin joan nintzen, guztiak kirolariak. Semeak honakoa galdetzen zidan: «Ama, zergatik hauek ez dute mutilek bezala kobratzen? Zergatik egin behar dituzte hainbeste kilometro autobusean?».

Harentzat ere sinesgaitza… Alaba, berriz, hunkituta, bera ere kirolaria izanik, hainbeste eredu hain gertu edukitzeak ilusioa transmititu zion, berak ere aurrera egiteko indarra sentituz. Arreta handiz begiratzen zien, hunkituta, eredu bihurtuz.

Giro ederrean solastatu ginen, eta amaieran sentsazio eder batekin gelditu nintzen. Han aurrean zeuden neska haiek nola bizi zuten kirola, taldea… hunkituta kontatzen zituzten beraien erronkak. Amorrua ere agertu zen, jendarte honetan aukera berdintasun ezak dakarren ezinak sortua.

Guk gure bailara txikian, Saiaz Mankomunitatean, Harremanak Hezkuntza Elkarteak gizarte zerbitzuekin batera dugun erronka nagusienetako bat emakumeek kirol jardueretan duten presentzia sustatzea da, eskola kirolean jardun mistoa bultzatuz, pala txapelketak antolatuz, futbol txapelketa mistoak, herri kirol erronka mistoak… Herrietan kirol mahaiak sortuz eta generoaren gaia kirol arloan txertatuz.

Aurrekoan lagun batekin kafea hartu nuen, bera ere emakume kirolaria, Erandiora zihoan futbol partida jokatzera arratsaldean, urduritasuna, irrika… sentimendu ezberdinak nagusi. Irabazi egin zuten eta Zarauzko nesken futbol taldea “Hitza”-n albiste nagusi izan da mailaz igo delako. Zorionak Izaro! Zorionak neskak! •