Xabier Izaga Gonzalez
GOIAN: OINAK AUZOAN

Goian, Gasteizko Alde Zaharreko egitasmo hezitzaile arrakastatsua

Erreferentzia, auzoa. Helburua, bizikidetza osasuntsu eta aniztasunak aberastua. Arrakastaren sekretua, elkarlana. Goian egitasmo hezitzaile komunitarioak aisialditik lan egiten du, merkataritza logikatik kanpo. Azken urteotan helduen artean ere zabaldu du «sarea», betiere aniztasuna balio gisa landuz.

Aniztasuna hainbat jatorri kultural, sozial edo ekonomikotako jendearen «nahaste» hutsa da jende askoren begietan, eta arazo iturri gisa sumatzen dute maiz. Inongo arrazoirik gabe, Gasteizko Alde Zaharrean erakutsi duten bezala. Ez duela zertan arazo izan eta, aitzitik, aberasgarria izan daitekeela oso, hala baita auzo horretan. Goian egitasmoak egunez egun erakusten du inguru osasuntsuak auzoaren bizikidetza errazten duela, elkar ezagutzeak aurreiritziak eta zurrumurruak hausten laguntzen duela.

Goian egitasmo hezitzaile komunitarioa da, auzotartasun osasuntsua xede duena. Bizikidetza azkartzea bilatzen du, pertsona, eragile eta erakundeen arteko komunikazio eta elkarlanaren bidez. Norberaren identitatea eraikitzeko inguru baten parte sentitzea ezinbestekoa dela uste dute Goianeko kideek, bertako bizikidetzan eragile aktibo izatea garrantzitsua dela. «Alabaina, inguru bateko parte sentitzeak bi norabideko lana izan behar du, pertsonak aktiboa izan behar du, baina komunitateak berak ere besoak zabalik hartu behar du», dio bere aurkezpen orrian. Hori lortzeko eraldaketa sozial sakonak behar dira eta Goianen lana bide horretan lagungarri izan nahi du, aisialdiaren eremuan lan eginez. Auzoko haur eta gazte denek, haien ezaugarriak edozein direla, auzoan ikasteko eta gozatzeko kalitatezko kirol eta kultur jardueretan parte hartu ahal izatea bermatzen du eskaintza zabal baten bitartez. Jarduera taldeetan parte hartzea, hezkidetza, euskara eta kultur aniztasuna balore gisa lantzen dituzte. Integrazio egitasmoa dela esan liteke, beraz, baina ez immigranteei begira soilik, auzoko bizilagun guztiei baizik.

Azken urteotan eskaintza helduen artean ere zabaldu dute, elkar ezagutzeko esparruak bultzatuz. Betiere Gasteizko aniztasuna modu positiboan eta balio gisa landuz. Jada nahikoa eskarmentu pilatu duen egitasmo honetako lau kiderekin hitz egin du GAUR8k. Ane eta Natasha Goianeko koordinatzaileak dira; Iñaki, Landatxo gizarte etxeko kale hezitzailea, eta Izaskun, Ramon Bajo ikastetxeko Gurasoen Elkarteko kidea.

Auzoko neska-mutilak, lehentasuna

Goianen lan tresnak talde egitasmoak dira, auzoko hainbat lekutan antolatzen dituzten jarduerak: Landatxoko kiroldegian eta gizarte etxean, Auzolana frontoi autogestionatuan, Gasteiz Txiki auzo elkarteko lokaletan, teknologien erabilera askea eta doakoa sustatzen duen Saregune garapen komunitarioko zentroan...

Auzotik kanpo ere egiten dituzten jarduerak, txangoak edo udalekuak antolatuta. Familia guztiarentzako kirol topaketek, solasaldiek, tailerrek, futbol edo saskibaloi partidek, pilota eskolak eta beste hamaika ikuskizun eta jaialdik osatzen dute aisialdiari lotutako egitasmoa, aisialdiak helburua errazten baitu, bizikidetzara iristea errazagoa baita plazeretik abiatuta.

Diru laguntzak garrantzitsuak badira ere, garrantzitsuena jendea dela diote gure solaskideek. Laguntza horiek oso gorabeheratsuak izan dira azken hamabi urteotan eta asko baldintzatu dute egitasmoa. Batzuetan erakundeekiko hitzarmena izan da, besteetan ez, edo oso laguntza txikiak izan dira, eta boluntarioen bidez funtzionatu izan dute. Ez dute aipatu gabe utzi nahi Denon Eskolak eman dien sostengua, ekonomikoa ez ezik, egitasmoaren helburuei eta metodologiari dagokiena ere bai. Baita egitasmoan sinesten zuten zenbait politikarirena ere, hitzarmenak egiteko orduan. Azken urteotan diru laguntza egonkor samarra da eta horrek egitasmoa ere egonkortzen laguntzen du; esate baterako, begiraleei ordaintzeko eta bestelako beharrak asetzeko.

Ez dituzte nahi lituzketen baliabide guztiak, baina bai hasieran baino gehiago. Hasi zirenean, 6 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteei bideratu zizkieten jarduerak. Lehentasuna zen, eta da, auzoko edozein neska-mutilek gustuko duena egiteko aukera izatea: kirola, dantza, abesbatza, sorkuntza eta artea, bertso eskola, teknologia berriak...

Alde batetik, haur eta gazteekin batera elkarrekintzan jarduten duen talde hezitzailea du Goianek, proiektua dinamizatzeaz eta kudeatzeaz arduratzen den taldea, hain zuzen; bestetik, talde laguntzaileak ere baditu, auzoko lagun, ikastetxe eta eragileek parte hartzeko modukoak. Taldeon lana proiektuen jarraipena egitea da, proposamenak bertaratzea, gatazkak konpontzeko laguntza ematea, aholkularitza…

Merkataritza logikatik kanpo

Proiektuak betiere hezitzaileak dira. Taldeek, kirolekoak nahiz kulturakoek, norabide berean egiten dute lan, eta parte hartzea eta tratu egokia lantzen dituzte. Esate baterako, «futbol taldea ez da ohiko futbol taldea», eta gazteak horretaz konturatzen dira, taldearen lotura nagusia komunitatea, auzoa baita. Bi hilabete barru auzoko jaiak izango dira, eta taldeetako gazteek kartelak jarriko dituzte, edo dendarien parte hartzea eskatzera joango dira. Modu batean edo bestean, ekimen komunitarioetan parte hartzen dute. Zenbait gurasok, ordea, «ohiko» aisialdi taldeak nahiago dituzte, irabaztea lehenetsita, edo dantza talde batean «onenak» bakarrik agertzea. Horiek beste leku batera jo beharra daukate. Izan ere, Goianek ez du kontsumoko jarduerarik eskaintzen, merkataritza logikatik kanpoko egitasmoa da. Harreran, taldeetan parte hartu nahi duten umeen gurasoekiko solasean, gurasoek ere parte hartzeko aukera dutela esan eta zer eta zertarako egingo duten azaltzen diete, baita zer hezkuntza eredu erabiltzen den ere, parte hartzaileek ez dutela zerbitzu bat jasotzen argi utzita, denak baitira hartzaile.

Jardueretako parte hartzaileek kuota bat ordaintzen dute, baina familia batzuek, jakina, arazo ekonomikoak izanda, ez dute jarduera horietarako dirurik; hala ere, Goianek lankidetza beka bat eskaintzen die eta aldi berean beren gaitasunen bidez guztien onerako ekarpenak egiteko gonbita luzatzen die. Izan daiteke jardueren antolaketan laguntzea, beren herriko sukaldaritzaren gaineko hitzaldi bat ematea edo Goianen lokaletan garbiketa egitea. Ekarpen horien xedea ez da lan horiekin dirua aurreztea, lagun horiek boteretzea baizik, baliagarri direla ikusaraztea, haien ekarpenaren aintzatespena sorrarazteko modua alegia.

Harreman sarea, Sareak Josten

Baliabide gehiago izan zutenean, egitasmoa helduen arlora zabaltzen hasi zen, hala nola emakume helduen mundura, helduei ere aisialdia elkarrekin partekatzeko aukera emateko. Eta Sukaldean Solasean sortu zen, ezagupenak eta iritziak partekatzeko gunea. Ondoren, Sareak Josten gunea, Goianek bultzatu eta koordinatzen duena, baina bigarren planoan geratuta, bizitza propioa hartu eta autonomo bihurtzen direlako taldeak. Izan ere, Goianek ez ditu proiektuak pilatu nahi, proiektu guztiak helburuekin koherenteak izatea baizik. Adibide bat jarri dute. Goianek Landatxoko kiroldegia eskatu zuen astean behin 30 eta 40 urte bitarteko lagun talde batek erabiltzeko. Bere kabuz funtzionatzen du taldeak, eta halako batean Goianek galdetu zien ea jende berria onartzeko prest zeuden. Gaur egun Gasteizera iristen diren errefuxiatu futbolzale asko hara joaten dira, eta, taldea emendatuz joan denez gero, orain asteko bi egunetan banatu behar izan dituzte saioak.

Harreman sare horretan elkarte askok eta askotarikoek parte hartzen dute: Aldabe eta Landatxo gizarte etxeek, inguruko ikastetxeek eta guraso elkarteek, osasun zentroak, auzoko hainbat elkarte eta kolektibok, hala nola Gasteiz Txiki auzo elkarteak, Barrenkalek, Hala Bedi irratiak, Al Indimayk, Amaruk edo Caritas Alde Zaharrak, besteak beste.

Korrika Gasteiztik igaro zenean, ekimen arrakastatsu eta jendetsu bat antolatu zuten: “Aniztasunaren kilometroa”. Hain zuzen ere, helburua Gasteizko aniztasuna modu positiboan lantzea da beti. Horrez gain, belaunaldien arteko proiektu bat ere badago, zaharrak eta gazteak elkartzen dituena: baratze tailerra.

Auzoko izeneko proiektua, berriz, Topagunetik iritsi zitzaien. Haren helburua euskara partekatzea da. Proiektuaren planteamendua ez da akademikoa, eguneroko bizitzak eskatzen duen erabilerari begirakoa baizik; hau da, parte hartzaileek ez dute euskara aprobatu beharreko ikasgai gisa sumatzen, trukerako zerbait bezala baizik; hartara, eurek euskara onartu eta beren kultura besteek onartzen dutela ikusita, zerbait propiotzat joko dute.

Osasun zentroarekiko lotura ere oso positiboa da. Ohitura osasungarriak sustatzeko komunitatea behar duela kontuan izanda, osasun zentroak Sukaldean Solasean guneko hitzaldi batera edo psikomotrizitate saioetara bidal lezake pazientea. Lankidetza horren eraginkortasunik handiena auzoko adineko pertsonen edo bakartasun egoeran daudenen beharrei dagokienez nabari da.

Arazoa, aukera

Zenbait kasutan arazoak sortzen dira eta, haien ondorioz, premia berriak. Adibidez, Sukaldean Solasean edo “Mi cuerpo, mi territorio” guneetara joaten diren gehienak emakumeak dira, haietako batzuk amak, eta bertan dauden bitartean, beren haur txikiek zainduta egon behar dute. Hala ere, arazo gisa jaso beharrean, aukera gisa jasotzen ditu Goianek horrelakoak. Orain aspaldi ez dela Haziera Taldea sortu zen, oraindik eskolan ez dauden haurrek eta haien gurasoek beren esperientziak partekatzeko, denek elkar ezagutzeko. Hara eramaten dituzte umeak beste jarduera batzuetara joaten diren amek ere, eta Goian Gazteak taldeko begirale laguntzaileek zaintzen dituzte. Gazte horietako batzuk gaztetatik proiektuan parte hartutakoak dira, eta gaur egun Auzoko proiektuan daude, euskara jakin beharra baitaukate, eta baliteke haietako batzuk etorkizunean begiraleak izatea. Beste alde batetik, gune horiek informazio gune ere badira, horietara doanak gainerako jardueren berri izaten du-eta.

200 haur eta gazte mugitzen dira egitasmo zabal horretan, eta helduen guneak kuantitatibo baino kualitatiboagoak direla badiote ere, badaude 60 lagun heldu inguru.

Bizikidetzak indartu egiten du

Goianen bidea konfrontazio, sorkuntza, entzute eta ekarpen bidea izan da. Argi zuten denek, ordea, bizikidetzarako sozializazio gunerik egokiena ingurua dela, kasu honetan auzoa, eta auzoaren onura parte hartuko zuten lagunen onura izango zela.

Ramon Bajo ikastetxeko Guraso Elkartea oso inplikatuta egon da, eta inguruko beste ikastetxe batzuetako haurrek ere parte hartzea nahi dute: Santa Maria, Samaniego, Landazuri eta Odon Apraizekoek, baina erreferentzia betiere auzoa izanda, auzo proiektua baita. Eta horretan dabiltza. «Ikastetxe guztiek ez dute bilakaera berdina izan, eta Goianen asmoa da aisialdiaren alorrean adostu dituzten hezkuntza balio batzuk haur guztiekin lantzea». Esate baterako, eskolaz kanpoko jarduerak eskolari lotuak izan ohi dira, eta, kasu honetan, aldi auzoari lotuta daude. «Norberaren egoera legal, ekonomiko edo hezkuntzari dagokiona alde batera utzita, denok gara auzokoak eta gure eraikinean, auzoan oro har, arazo bat dugunean esandako faktore horiez aparte izaten dugu, eta elkarren ondoan bizi garela kontuan izanda, argi dugu interakzio mesedegarritik, eta ez konfrontaziotik, bizikidetzara igaro daitekeela». Bizikidetza osasun komunitarioa dela diote, «indartsuago egiten gaitu edozein ezbeharren aurrean».

Gogoan dute Gasteizko alkate batek bere garaian jatorri jakin bateko talde kultural bateko lagun eta familien jarreraren gaineko balorazioa egin zuenekoa. «Goianen diagnostikoa ‘txarto gaude’ izan zen, gure zenbait auzokide iraindu eta ez ginelako gu ere irainduak sentitzen, ez baikinen talde horretakoak. Auzotartasun egoeratik guk ere irainduak sentitu behar dugu». Hori da nolabait xedea, interakzio mesedegarriaren bidez, elkarren ondoan bizitzetik bizikidetzara pasatzea. Bizikidetza osasun adierazgarri gisa ulertuta, osasun partikular eta komunitarioa gisa.

Goianek hezkuntza eredu propioa eraiki nahi du, bere gizarte ereduarekin koherentea. Hartarako, hezkuntza eskuliburu bat egiteko asmoa du, familiekin eta ikastetxearekin harremanetan, Goian gunera iristen denak modu berean lan egin dezan. «Alde Zaharra herri txiki bat da. Bertan gazteak hezkuntza estilo berean hezten dira, baita gizarte estilo berean ere, eta ohiko jarduerak eta jai egunak konbinatuta, topaketa uneak biderkatu egiten dira». Horregatik nahi lukete “Goian ingurua” ez, baizik eta “Alde Zahar ingurua” bihurtzea, “Zaharraz Harro” urte osoan izatea, ez jaiari dagokionez bakarrik, baizik eta norbera kolektiboaren gainetik ez lehenesteari dagokionez, gatazka bat sortzen denean erruduna seinalatu ordez modu proaktiboan konpontzen saiatzeari dagokionez... Izan ere, Zaharraz Harro ekimen autogestionatua Goianek aldarrikatzen dituen baloreen ispilu da. Auzoko jaiez arduratzen da, auzotarren parte hartzea bultzatuz, eurek pentsatu, egin eta gozatzeko moduan.

Gasteizko Alde Zaharrean amets bat gauzatu dute, baina amesten segitzen dute. «Amesten jarraitzen dugu, oinak lurrean, baina», diote.

25 urteko egitasmoa, 12 urteko bide arrakastatsua

Hamabi urteko egitasmoa da Goian, izen horren pean behinik behin. Izan ere, Gasteiz Txiki Auzo Elkartearekin batera sortu zen proiektu baten egungo fasea da. Duela 25 urte baino gehiago hasi ziren bizikidetzaren aldeko pausoak ematen Gasteizko Alde Zaharrean. Gizartea, gizarte dinamikak, auzo elkarteak aldatu egin ziren, eta Goianek Gasteiz Txiki klubaren formatua hartu zuen, nolabait, Gasteiz Txiki Elkarteari lotuta; Landatxo Kirol Elkarte gisa iraun zuen, Barrenkale Elkartearekiko lotura izan zuten beste garai batean, eta azken fase honetan egitasmo soziokomunitario honek gizarte beharrei erantzun nahi die, batez ere aisialdiaren esparruan, edo haren bidez, aldaketa egoera etengabeak hala eskatzen duelako.

Alegia, globalizazioaren, nazioarteko migrazio handien, auzoko aldaketen garaian, gizarte beharrak asetzeko eredua aldatzea ezinbestekoa da. «Auzo elkarteak beharrezkoak dira, baina harrera egin eta gizarterako gaitu egin beharra dago, eta, aldi berean, ingurua sentsibilizatu, baztertzailea ez izateko, oso modu bizkorrean». Denbora honetan guztian, aurreko faseetako zutabeei eutsi die Goianek. Zutabe horietako bat auzoa da, auzo elkartearen bidez, edo Landatxoren bidez, «Gasteiz Txikiren sortzaile Rafa Ruiz de Zarate zenak pertsonifikatua». Beste zutabe bat, azken hamar urteetan oso presente egon dena, Ramon Bajo ikastetxea izan da, hezkuntza-proiektu gisa eta batez ere Guraso Elkartearen bidez –Goianek izan duen laguntza eta bultzadarik handiena auzoko familietatik etorri baitzaio– ikastetxetik bideratuta.

Gizarte zerbitzuak beti presente egon dira, Landatxoko oinarrizko zerbitzua, kasu honetan kale hezkuntzarako egitasmo soziala, Irse Arabak kudeatua. Beste zenbait lagunek ere, elkarte jakin bateko kide izan gabe, ekarpen funtsezkoa egin dute. Goian sortu zen urteetan auzoan beste hainbat talderekiko harremanak hasi ziren: auzoko herri mugimenduarekin, instituzioen menpe dauden gizarte zerbitzuekin, auzoko eragileekin oro har. Garai hartan auzoan egiten ziren ekimen guztien artean harremanak izateko baldintzak sortu ziren, Egin Aylllu auzoaren gentrifikazio egitasmoaren aurkako taldeak, gaztetxeak, ikastetxeko guraso elkarteak eta beste batzuek bultzatu zuten aurretik ez zegoen sinergia, eta konplizitateak ehundu zituzten. Azken batean, beharrak identifikatu eta horiek asetzeko moduaren inguruko interes batuketa izan da Goian.

Bide horretan aldaketa esplizitu bat izan zen, helburuetan, egiteko moduan, gizarte eta hezkuntza ereduan, eta baita aldaketa inplizitua ere, eurek parte hartuz eta lehendik ere bazegoen baina nolabaiteko ghettoa zen aniztasunean falta zen talde soziokulturalik handienaren ekarpena eginez: euskal gizartearena. Berena eta beren seme-alabena. «Horregatik hitz egin dezakegu bizikidetzaz, bestela bizikidetza bananduaz edo paraleloaz hitz egin beharko genuke».