Ainara Lertxundi
IKUSMIRA

MILAKA ZAPI ZURI JUSTIZIAREN ETA DESAGERTUEN IZENEAN

Eitan ABRAMOCHIV | AFP
Eitan ABRAMOCHIV | AFP

Buenos Aireseko kaleak milaka zapi zuriz bete ziren asteazkenean Maiatzeko Plazako Amen eta Amonen deialdia jarraituz. Diktadura garaiko krimenengatik espetxean dagoen Luis Muiña errepresoreari zigorra murrizteko onura bereziak aitortu dizkio berriki Argentinako Auzitegi Gorenak. 2001ean indargabetu zuten “2x1” izeneko legedia kasu horretan erabilgarria dela ondorioztatu zuten hiru epailek. Beste bik kontra bozkatu zuten. Epaiak hautsak harrotu ditu herrialdean. Giza eskubideen defentsan lan egiten duten mugimenduek nahiz diktadura gordina jasandakoek errepresiogile eta torturatzaileei zigorrak arintzea ez dutela inolaz ere onartuko ozen oihukatu zuten. Egia, justizia eta inpunitatea eztabaidagai dira. Mauricio Macri presidenteak berak zalantzan ipini zuen desagertuak 30.000 direnik, eta Elizak berradiskidetzearen aldeko agiria kaleratu berri du, kaleko haserrea areagotuz. Diktaduraren zauriek min egiten jarraitzen duten seinale.