Mikel Zubimendi

Ortzadarrari begira: Euskal Herria, «hikikomori» herria?

Minkidearekin akordatu naiz asteon. Pariseko zerupe haietan, ortzadarraz, Erromako zubiaz izan genuen egunsentirainoko eztabaida harekin. Gure munduak ez baitzuen logurarik. Nola ausartu nintzen esatera ortzadarra egiazki existitzen ez zela, ilusio optiko bat baino ez zela, erreala baino birtuala zen perla bat. Ikusmen infragorri ala ultramore batentzat, sugearen ala tximeletaren begiarentzat ortzadarrak ez zuela zentzurik. Nola marabilla horrekin munduan beste inongo zubirekin gertatzen ez dena gertatzen den: punta batean edo bestean egon, beti erdi-erdian jarraitzen dugula. Eta minkidearen kontraerasoa gogoan dut: bi ortzadar batera, eder eta maiestatetsu sortzean, ea errealitate birtuala zen edo begiak tronpatzen zituen lilura, marabilla edo idealaren oreka naturala.

Lagunaren zain terraza bateko toldopean kafe noissetta hartzen nengoela, bi ortzadar ikusi nituen. Bertatik bertara biak, ikusgarri. Ni bezala gozatzen irudikatzen nituen alboko bezeroetara zuzendu nuen begirada. Kolpea hartu nuen. Zortzitik seik ez zuten begirada telefonotik altxa ere egin, lurperatuta baleude bezala hantxe segitu zuten gogoa eta jakin-mina beirazko pantailan iltzatuta. Bakarrik sentitu nintzen, galduta, den-denak zentzua galdu duen mundu bateko, haize egokitua eta tenperatura kontrolatua duen itxitura bateko biztanle. Igerilekuan ez bada beste inon igeri egiten ez duen jendez inguratuta, etxebizitza batean ez bada beste inon lo egiten ez duena, erle batek sekula ziztatu ez duena. Kristalaren bitartez zabaltzen den errealitate birtualeko urrutiko gerrak eta gertuko sufrimenduak abstrakzioetara ez ote diren mugatzen hausnarrean.

Mundu birtualetan bizi da gero eta gehiago euskal jendea. Erlatiboki, oraindik jaioberria baino ez den fenomenoa da. Txiki-txikitatik erakusten da botoia sakatuta saria datorrela: argia edo soinua lehendabizi; eta, adiktiboak bilakatu diren sare sozialen garaiotan, Twitterreko txio, Instagrameneko irudi, Googleko post, Youtubekok bideoetan “Atsegin dut” sakatuta, fama eta estatusa. Facebookek aurreratu du errealitate birtualeko betaurrekoekin saioak egiten ari dela, ezinbestekoak izango direnak ikastetxeetara joateke ikasteko, kiroldegira joateke partidu bat jarraitzeko edo anbulatoriora joateke sendagilea kontsultatzeko.

Apur bat pentsatzen jarrita, beldurgarria da benetan. Etorri badatorren, hemen den joera horrek, jendea, eta jakina, baita euskal jendea ere, japoniarrek hikikomori deitzen dutena bilakatzeko arriskuan jartzen du, hots, mundu birtualetan hain urruti joan ostean, dagoeneko ingurukoekin harremanik, loturarik, elkarrekikotasunik eraikitzeko gai ez den jendea.

Ez dut esaten Euskal Herria hikikomori herri bat bihurtzeko arrisku bizian dagoenik, saihetsezina den fenomenoa denik. Baina hain aldrebestua eta demontrez populatua den mundu honetan, oso ahul eta zaurgarriak gara demagogiaren eta manipulazioaren aurrean. Gure existentziaren elementu gakoa mundu errealarekin kontaktua da, gizaki egiten gaituena, eta hori galduz gero, dena galtzeko zorian geundeke. Oraindik ez gara horra heldu, baina asko ari gara galtzen. Atzera bueltarik ez dago eta aspaldiko ziurtasunetan ez dugu atseden hartzerik.

Esperientziarik gabe galduak gara. Baina orain eta hemen, benetan erradikala izatea, desesperantza sinesgarri egitea baino, itxaropena egingarri bihurtzea da. Herria egitea, komunitateak indartzea, bizitza publikoa berritzea. Hori gabe politika hilda dago, jende askok kanpotik datorren indar arrotz legez ikusten du, onenean aspergarri eta hutsal, txarrenean zapaltzaile eta beldurgarri. Behetik gora garatua baino, goitik behera inposatua. Jendea isolatu, muturreko indibidualismoa betikotu egiten da, pobreak pobreen aurka jarriz. Herria egin, komunitateak indartu, bizitza publikoa berritu. Ahal da. Ez da behar inoren baimena hasteko. Zorionez, zeregin horretan, Euskal Herriaren esperientziak oso oparoak dira. •