Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Erratzeak duen balioaz

Zer eratako ikasleak nahiago ote ditu Hezkuntza Sistemak? Zer ikasle mota ote dugu begikoen hezitzaileok? Akatsik egin gabe zuzen-zuzen, azkar eta ongi ari diren ikasleak ala akatsak egin eta haietatik ikasten dutenak? Akatsak, erroreak, hanka sartzeak... horiek bilakatu dira, akaso, ikasleak bere heziketa prozesuan nola edo hala lehen saihestu beharrekoak. Neurri handian, maiz, horiek epaitu edo baloratuko dutelako bere lana eta ahalegina.

Ikus daitezke gero eta neska-mutil txikiagoak, ongi ez egitearen susmo ñimiñoena hartu eta ezertan ere hasi nahi ez dutenak, gaizki egingo duten beldurrez edo ustez. Gero eta sarriago, gero eta gazteago.

Bestalde, zerikusia izango du arrakastarako bidean akatsik ez egitea dela giltzarria ideian, era kontzientean edo inkontzientean, zabaltzen ari garen mezua: arrakasta izateko gauzak lehenengotik eta ongi egin behar dira.

Duela hilabete batzuk ipuingintzako ikastaro batean Yolanda Arrieta idazlea umorez aritu zitzaigun esaten estatubatuarrek dena lortua dutela: «nola ikasi ingelera 20 ordutan», «nola argaldu bi astetan», «nola izan zoriontsu 10 urratsetan» eta antzeko formulekin. Ez ote gara ari ideia hori Hezkuntza Sistemara inportatzen eta gure neska-mutilei erakusten dena lehenengotik egin behar dela? Ez ote da Hezkuntza Sistemaren eskakizun bihurtzen ari guztia lehenengotik eta ongi egitea? Horrela egiten dutenak direla ikasle perfektuak?

Heziguneetan lekurik eta denborarik gabe utzi ditugu zirriborroak. Hasierako ideia landu, aldatu, osatu edo abandonatu daitekeen territorioa den zirriborroa. Sormenak eta hainbeste aipatzen dugun ekintzailetzak, ordea, zirriborroak behar ditu: probatu egin behar da, malgua izan, berraztertu, berriro hasi. Lanari kasu egin behar zaio, azken batean. Jakina da, baina, sormena lantzeko probatu egin behar dela, eta ekintzaile izateko arriskatu.

Psikologia azterketek frogatu dute okertzea ezinbestekoa dela ikasketa prozesuan. Cesar San Juan EHUko psikologia irakaslearen arabera (Bilbo, 1963), “saiakera-akatsa” dikotomian oinarritutako ikasketa askoz eraginkorragoa da memoriarentzat saiakerak akatsik gabe egiten ditugunean baino. «Hanka sartu behar dugu ikasteko, galdu egin behar dugu motibatzeko».

Tomas Alva Edison estatubatuarrak ere balioa eman zion erratzeari. Bonbilla asmatzen ari zela, saiakera franko egin behar izan zituen wolfram haria baliatuta argia egitea lortu zuen arte. Haren laguntzaileek galdetu ziotenean hainbeste aldiz erratzea ez ote zitzaion etsigarria, hark erantzun omen zien ordura arte bonbilla ez egiteko mila modu asmatu zituela.

Akatsei neurriz gaindiko beldurra izateak ere ondorio latzak ekar ditzakeela dio, berriz, Agustin Arrieta EHUko filosofoak (Errenteria, Gipuzkoa, 1962): «Segur aski, emaitza paralisia da. Ez genuke ezer ere egingo».

Aditu askoren iritziz okerra da akatsak egiteari buruz jendartean dagoen ideia. Pentsatzen da porrot egiten duena ez dela gai gauzak egiteko. Ideia justu kontrakoa da. Haien iritziz, saiatzen denak ikasten du, eta, berriro aukera duenean, hura izango da hobeto egiteko gai izango dena.

Ba omen da porrotari beldurra galtzearen aldeko filosofia. Porrota ezagutu ez duenak nahikoa anbizioz jokatu ez duelako izan dela, eta ezinbesteko baldintza gisa ulertzen dute porrot egitea arrakasta lortzeko bidean. Izan ere, beste begirada bat eskaintzen dizu, beste egiteko modu bat.

Aspaldiko esaera da “ez denak ekibokatzen ez du deus asmatzen”. Horri segika, akatsa aukera gisa ikusi beharko genuke, gauzak berriro egiteko, hobeto egiteko.

Hezkuntzara itzulita, zertan uzten ote dugu ahalegin handiena: akatsik ez egiten irakasten ala hutsegite horietatik –egin egingo baitituzte, ezinbestez–, ondorioak atera, haietatik ikasi eta berriro saiatzen?

Ikus genezake akatsa aukera gisa, gauzak hobetzeko aukera gisa, akatsak izan baduelako alde emankorra. Lehenengotik asmatu duenak amaitu du saiakera... ez denak ekibokatzen ez du deus asmatzen! •