Oihane Larretxea de la Granja
infraganti

KATALIN ANTXIA

Komunikazioa eta moda uztartu ditu The Modubat proiektuaren bidez. Moda jasangarria eta etikoa, zentzuz ekoitzi eta inpaktu sozial positiboa eragin. Bestela ez du logikarik, Katalin Antxia diseinatzailearen ustez. Oihal naturalak erabiltzen ditu eta bazterketa arriskuan dauden emakumeek josten dizkiote jantzi minimalistak.

E sloveniatik oso gertu dagoen Italiako Trieste hirian ohartu zen Katalin Antxia (Aretxabaleta, 1988) diseinatzailea bertakoen gaitasun harrigarriaz arropa bidez komunikatzeko. Soinean zeramaten arropak bertako historiaren arrastoa zuen, eta herritarren gogo-aldartea ere igortzen zuen. Orduan hasi zen ohartzen janzkerarena komunikazio oinarri indartsua dela, eta janzten den horrekin ere politika egin daitekeela, besteak beste. Diseinatzailea da, bai, diseinatzaile aktibista esan liteke.

EHU-UPVko Leioako campusean Publizitatea eta Harreman Publikoak amaituta, eta Multimedia Komunikazioan masterra egin ostean, Donostiako Tabakalera eta Artelekura heldu zen praktikak egitera. Hori guztia batu zitzaion Triestek helarazitako sentsazio haiei, eta komunikazioaren eta modaren bideak uztartzeko aukera ikusi zuen. AEG eskolan bi urteko ikasketak egin zituen modan profesionalizatzeko, patroigintzan eta josketan sakonduz. Osagai guztiak prest zeuden ondoren erditu zuen The Modubat marka abiarazteko. Bitartean, eta geroztik, Ziburu, Arcachon, Bordele eta Poitiers izan ditu bizileku.

Ematen dituen erantzunak asmoz eta ekintzaz josten ditu Antxiak, ideiak oso argi ditu, nola diseinatu, nola ekoitzi. Pentsatzen duenarekin koherente izatea asko baloratzen duela sumatzen da, hala igartzen da eskaintzen dituen baieztapen eta adierazpenen bitartez.

«Modak berak, industriak, baditu gustatzen ez zaizkidan gauza asko, adibidez, lan baldintzak zenbait ekoizpen prozesutan, giza eskubideak urratzen dituen sektore handienetakoa da-eta. Baina sinisten dut modaren aurpegi atseginean ere», dio. Batez ere modaren «irisgarritasuna» gustatzen zaio, jende gaztea erakartzeko eta haien interesa pizteko duen gaitasuna, «edozein euskarrik lortzen ez duena». Bere ustez, irisgarritasun hori balia daiteke eredu jasangarriak helarazteko, adibidez.

Egiten duen diseinua oso minimalista da, nahita egindakoa. Leku batetik bestera ibili izanak ere izan du eragina. «Hiri batera mugitzean, bizileku berri batera, berehala integratua sentitzeko interesa izaten da, ezta? Berdinen artean sentitzeko gogo horrek eramaten nau modu automatikoan minimalismora. Uste dut apaingarriak kentzen hasten garenean jartzen garela berdinen artean. Nire diseinuek esfortzu edo ahalegin bat eskatzen dute. Jantzi zaitezke alkandora minimalista batekin apaingarri askorik ez duena eta diseinu horrek bultzatzen zaitu look-a osatzera, eta, horretarako, nortasuna bat behar duzu, irribarre bat behar duzu, ahalegin bat behar duzu, eta ahalegin hori zure baitan dago. Diseinua hortik lantzea interesatzen zait, esfortzu pertsonal bat eskatuta», azaltzen du.

Gustuko du «ia ezer gabe», praka eta alkandora soilez jantzita asetzea, sentitzea ez dela ezer gehiago behar. «Batzuetan badirudi mila istorio jarri behar dituzula ezinbestean kristoren nortasuna duzula sentitzeko kalera ateratzeko… Bada, nik justu alderantziz ulertzen dut hori, gero eta gutxiago hobe; gure buruarengan segurtasun gehiago dugula erakusten du».

Moda geldoa

Uda ostean, irailean, kaleratuko du bere bilduma berria, denboraldi batean atera duen lehenena, izan ere, Antxiaren erritmoak ez dira industriarenak, beste batzuk dira, bereak, propioak. Slow fashion edo “moda geldoa” delakoarekin bat egiten du, justu industria eta kate handiek egiten dutenaren aurkakoa. «Bizitza filosofia bat da. Masan ekoizten denak, bi astetik behin bilduma berri bat ateratzeko, ez du zentzurik. Slow fashion-a horri guztiari frenoa jartzera etorri da, nolabait etengabe ekoizteko logika ez hori salatzeko».

Zaila da, ordea, joera eta denboraldiei jaramonik ez egitea, zurrunbilo basati horretatik aldentzea. Baina eredu ezberdinak posible dira. Adibidez, etxe ezagun jakin batzuek badituzte euren produktu izarrak, beti berdin ekoizten eta saltzen dituztenak, adibidez, Dr. Martens oinetakoak, Levi’s galtza bakero ospetsuak edota Lacoste polo ezagunak.

Moda geldoaren baitan, aldi berean, “moda jasangarria” kontzeptua ere jaio da, ekoizpen erritmoari erreparatu soilik ez, garapena bera ere kontuan hartzen duena: alde soziala, ekonomikoa eta ingurugiroa uztartu eta zaintzen ditu, Antxiak azaltzen duenez. Eta hortxe sartzen da jokoan The Modubat.

Jantziak Alacanteko Elx hiriko formakuntza zentro bateko tailer batean josten dizkio mimo handiz bazterketa arriskuan den emakume talde batek. Asko kartzelan izandakoak dira, beste batzuk langabezian daude… Hala, «oso bizitza ezberdinak» nahasten dira tailerrean. «Konturatzen zara bertan egoteko ez dela beste munduko ezer gertatu behar, adibidez, bi urte langabezian egonda programa horretan parte har dezakezu, beraz, edonor izan daiteke tailerrean».

Formakuntza zentroak bi urtez modaren alorrean hezten ditu ehungintzan lan egin ahal izateko: patroigintza eta mozketa, plantxa, joskintza… Amaitzean batzuk enpresetara doaz lanera eta beste batzuk zentroan bertan gelditzen dira. Tranpolina izateaz gainera, bazterketa saihesteko lagungarria da. Eta hor jartzen du azpimarra aretxabaletarrak, sortzen den horrek inpaktu positiboa izatearen garrantzian alegia. Munduak martxa zuzena har dezan ezinbestekoa, bere ustez.

Norabide horretan kokatzen dira ere jantziak josteko erabilitako ehunak. Jantziak modu etikoan Europan ekoizten dituela iragartzen du Antxiak Themodubat.com atarian, baina, horrez gain, oihal denak naturalak dira. Orain arte kotoi ekologikoak erabili izan ditu, baina, Antxiak, beste diseinatzaile txiki askok bezala, arazo handiak ditu azkenaldian, kate handiak ere batu direlako «moda berdearen» olatura, eta jantziei kotoi ekologikoaren zigilua jartzeko tasak izugarri garestitu direlako. Handien eraginez, txikiek ezin dute pisu ekonomiko hori beren gain hartu. «H&M eta Zara bezalako kate handiek, adibidez, 2030erako egiten duten moda jasangarria izango dela iragarri dute. Horrek lausotu egiten du gurekiko ezberdintasuna erabilitako materialei dagokionez, nahiz ondoren haien ekoizpen moduek gurearekin zerikusirik ez izan», azaldu du.

Horren aurrean, txikiek «informazioaren kultura» sortzea proposatzen du. Hau da, jendeak galde dezala erosten duen bakoitzean non, nola eta zerekin ekoitzi den jantzi hau edo bestea. Kate handi batek eraman dezake kotoi organikoaren zigilua, baina zer gertatzen da inpaktu sozialarekin?». Enpresa handiak, antza, «zer ez duten egiten» esaten hasi dira, baina bere iritziz argigarriagoa da sortzen diren ondorio positiboak zeintzuk diren azaltzea. Edozein kasutan, green washing hutsa da bere ustez, hau da, enpresok beren buruak zuritzeko erabiltzen dituzten estrategiak.

Ekoizteko modua bera militantzia dela dio, ideologia bat. «Zaborra sortzen ari gara, eta horrekin oso kritikoak izan beharko ginateke. Moda jasangarria egiten duela dioen etxe batek ezin du zentzurik gabe ekoitzi. Azken finean, kotoi ekologikoz betetako zabortegi bat horixe delako, zabortegi bat. Horregatik –erantsi du–, modaren gaur egungo ereduari buelta ematen ez bazaio, ez gara moda jasangarria egiten ariko».

Koherentzia eskatzen du pentsatzen den moduan kontsumitzeak. Ardura hori ez da normalean modan jaiotzen, elikaduran edo kosmetikan baizik, eta gero hedatzen da beste arloetara. Eta horretan aletxoa jartzen du TheModubat markak. •