2017/05/20

Mirari Martiarena
Primerakoak

Esaten da bizitzako gauza guztiak norbere esku daudela. Gure esku dauden erabaki txikiek baldintzatzen dutela etorkizuna. Bai, batzuetan horrela izan daiteke, baina beste batzuetan gure ahaleginak ez dira nahikoak izaten. Pasatako urak errotarik mugitzen ez duenean bezala, alferrik izaten dira, “banu”, “balego” eta “balitz” hitzak erabiltzea.

Oiartzungo futboleko Lehen Mailako taldea liga amaierara iritsi da indar guztiak emanda. Jaitsiera postuetako mamuari ihes egin nahian ibili da. Itzal luzea izaki, denboraldiko azken partiduan ere azaldu egingo da. Bihar 12:00etan Karla Lekuona futbol zelaian Oiartzunen eta Zaragozaren arteko partidua jokatuko da. Oiartzunek garaipena lortuta ere beste partidu bati begira egon beharko du, ez baitago Oiartzunen esku bakarrik Lehen Mailan mantentzea; Betisen esku ere badago. Izan ere, andaluziarrek Albacete mendean hartuz gero, Oiartzunek hirugarren denboraldia egingo luke Lehen Mailan.

Futbolari profesionalak dira, hori telebistak esan baino lehen ere bagenekien arren. Inor gutxik daki, ordea, zein ordutan entrenatzen duten, edo, lesioren bat, giharretako gainkargaren bat edo eskuineko hankako behatz potoloko azkazala hautsi badute, medikuak zer esan duen. Ehun euro jasotzen ditu jokalari bakoitzak hilean gasolina ordaintzeko, entrenamenduetako joan-etorrietarako.

Oiartzunek bere esku dagoen guztia egingo du Lehen Mailan mantentzeko. Beste behin ere zaleok han izango gara bultzada hori emateko eta Bigarren Mailaren mamua uxatzeko (joan dadila Albacetekoekin).

Primerako jokalariak eta lagun taldea dira oiartzuarrak. Ez jokalariak eta entrenatzaileak bakarrik, harmailetan eta zelaiaren bueltan egoten diren zale guztiak ere bai. Ligako talde gutxik dituzte horrelako zale sutsuak, “Oiartzun, gogor erantzun!” leloa zelaiz zelai zabaldu dutenak.

Biharko proposamen bat: zergatik ez gara zelaira 11:30ean joaten jokalariak beroketa ariketak egiten ari diren bitartean animatzen hasteko? •