Saioa Aginako Lamarain
Psikoterapeuta

Behin hasita, bidean gaude

Gaur egin dezakezuna, biharko ez utzi», ohartarazten du esaera zaharrak. Zaharra izan arren, egun ere ahoz aho ibiltzen da, helduek haur eta gazteei igortzen diegu, eta berehala beraien hitz errepertorioan kokatzen da, mezua helaraztearen helburua aski ongi betetzen duen esaldi labur eta irmoa izanik. Baina galdetu al diozu noizbait zure buruari, zeintzuk diren esaldi horren atzean ezkutatzen diren ekintza, emozio eta pentsamenduak?

Egunez egun makina bat eginbehar pilatzen zaizkigu; batzuk beste batzuk baino ohikoagoak dira, gure errutinaren zati handiago bat betetzen baitute. Multzo horretan adibidez, platerak garbitu, ogia erosi eta maite dituzun pertsonekin kontaktuan egotea bezalakoak aurki daitezke. Aipatutakoak, egunerokotasunean txertatuak izan ahal ditzakegun ohiturak dira, betiere, bizitzeko moduak pertsonak bezain beste daudela kontuan izanda. Aldi berean, arruntak izan arren, maiz gertatzen ez diren gertakizunak daude, beste batzuen artean bonbilla bat aldatzea, laneko aurkezpen bat prestatzea edo atsekabetuta zaituen gertaerari buruz hitz egitea bezalakoak. Ezberdintasunak ikusten al dituzu bi multzoak osatzen dituzten zereginen artean?

Bat aukeratu beharko banu, multzo bakoitza osatzen duten ekintzen gauzatzeak suposatzen duen erresistentzia psikologiko maila izango litzateke. Hau da, “gaur egin dezakezuna, biharko ez utzi” esaldia argibide bezala hartuta, litekeena da bigarren multzoa osatzen duten ekintzak geroratzea, “biharko ustea” alegia.

Argi dago zenbait ekintza burutzea, beste batzuk egitea baino gehiago kostatzen zaigula, eta hori dela eta ekintzon gauzatzea atzeratzen dugu atsegingarritzat ditugunengatik ordezkatuz. Hori dela eta, horrek sortzen dituen ondorioak pairatzeko egoeran jartzen dugu gure burua. Modu horretan, egitekoen zerrendan ditugunak, alde batera uzten joaten gara, gure aldetik ahalegin fisiko, intelektual zein emozionala eskatzen dutelako, eta, hala, gaurko egunean ez bada, etorkizun gertu batean egingo ditugula sinistarazten diogu gure buruari. Azken finean, jokabide horrekin, aurre egin nahi ez diogun zerbaitetik ihes egiten ari gara eta aitzakiak sortzen ditugu gure jokabideari zentzu bat emateko asmoarekin; “ez nago inspiratuta, bihar egingo dut”, “orain ez da etxean egongo, bihar deituko diot” edo “berandu egin zait, bihar lasaiago egingo dut” bezalako mezuak errepikatzen dizkiogu gure buruari. Kontua da, gure baitan badakigula zer egin beharko genukeen: egiteko daukaguna egitea. Baina, hala ere, ez dugu egiten. Zergatik?

Arrazoiak anitzak dira. Estresa, ardura, mina, bakardadea eta errealitatea bezalakoak ekidin nahi ditugu. Ekidite horren atzean beldurrak eta ezgaitasun sentimenduak aurkitzen dira normalean. Azken finean, pentsamendu negatiboekin betetzen dugu gure burua, arreta indar puntuetan jarri beharrean. Era berean, ekintza batetik eratorritako ondorioak ikusteko itxoin behar baldin badugu, seguruena ekintza horren gauzatzea gehiagotan atzeratuko dugu berehalako ondorio argiak dituen ekintza baten gauzatzea baino. Horrek akidura emozionala ekartzen du, egiteko garrantzitsuak atzeratzeak estresa sorrarazten baitu. Buruak ez baitu deskantsatzen denboran zehar luzatzen diren egitekoak izanda.

Faktua da, guztiok uzten ditugula eginbeharrak biharko. Arreta horrek gugan duen eraginean jarri behar dugu batetik, eta, bestetik, maiztasunean, eginkizunak atzeratzea ohitura bihurtu dugun edo ez alegia. Zereginak atzeratzeak sortzen dizkigun ondorio negatibo eta kaltegarriei buruz hausnartu genezake eta horiekin zerrenda bat egin. Zailena, ordea, egiten jartzea da, gure bidea oztopatzen dituzten pentsamenduak alde batera uztea eta idazteke dugun ehun orriko txosten horren lehenengo ehun lerroak idaztea, edota elkarrizketa sakon eta esanguratsua izango denaren hasierako esaldi urduriak soinuz gorpuztea. Zailena beti hasiera da. Egiteko, pentsatzeko eta sentitzeko era berria suposatuko duen hasiera. Behin hasita, bidean gaude. •

saioaaginako@gmail.com