Miren Azkarate Badiola

Berdintasunaren izenean, amen!

Zer da berdintasuna zuretzat?», galdetu zidaten “Amapola morea” irratsaioan motzean erantzuteko galdera batean. Eta nire erantzuna, «oraindik existitzen ez den zerbait». Mantentzen dut erantzuna, eta, ikusita azkenaldian gertatu zaizkidan egoera batzuk, ez dakit noizbait ezagutuko dudan hitz horren esanahia praktikan. Ze teorian ederki ezagutzen dudan hitz bat da, baina ahoa errazegi betetzen zaigun hitz horietako bat dela iruditzen zait.

Ez da orain bat-batean konturatu naizenik berdintasun hori ez dela existitzen, e? Emakume jaio ninduten, eta momentu horretatik bertatik dakidala uste dut. Eta ikusi dut denborarekin aspektu askotan nabarmen aurreratu dugula! Baina esan bezala azken hilabeteetako esperientzia batzuekin ahoa ezin itxi nabil oraindik.

Zazpi hilabetez haurdun nago eta hirugarren hilabetetik aurrera aurkeztu naizen lan elkarrizketa guztietan ez naute hartu lanerako. Guztietan esan dut haurdun nengoela, batetik ez delako gaixotasun bat, bestetik nabaritzen den zerbait delako, eta, azkenik, nire eskubidea delako. Elkarrizketa guztiak oso ondo joan dira datu txiki hau aipatu arte. Inork ez du ausardia izan aurpegira esateko hauxe denik ez hartzearen arrazoia, baina ez dut beharrik izan. «Ez dugu zure ‘profileko’ norbait bilatzen...» esaldia inoiz baino egokiagoa da kasu honetan (ironia pixka bat).

XXI. mendean eta horrela jarraitzen dugu. Oso ongi, ba diru laguntzak eskatzera noa, zoritxarrez bizi garen sistema kapitalista honetan diru gabe ezin baikara bizi. Langabezia: ez duzu, ez daukazulako urtebete kotizatuta. Subsidioa: ez duzu, ez daukazulako sei hilabetetik urtebetera kotizatuta. Diru sarrerak bermatzeko errenta: ezin duzu, ezkonduta zaude eta zure “senarraren” (orain azalduko dut zergatik jarri dudan kakotx artean) soldatarekin (mila euro inguru) bizi zaitezkete. Haurra jaiotzen denean dauden diru laguntzak: batetik 90 egun baino gehiago izan behar dituzu kotizatuta eta bestetik zure bikotearen soldataren arabera ikusi beharko dugu ea jaso dezakezun ala ez.

Behin honetara iritsita nire hausnarketa: lana nahi dut eta ez didazue ematen, ondorioz, ez dut soldatarik eta ez dut kotizatzen, diru laguntzak kobratzeko kotizatu egin behar dut baina ez dut lanik eta nire “senarraren” mila euro inguruko soldatarekin hiru unitateko familia bat aurrera atera beharko dugu (kasu honetan emaztea, ezkontzera derrigortu gaituelako sistemak bestela ez dituelako senar batek dituen “aitatasun” eskubide berak izango). Hau da, nire bizilagun gizonarekin umea erregistratzera joan naiteke inongo justifikaziorik gabe esanez haurraren aita dela, baina bi emakumeren kasuan ezkonduta egon behar gara (ez digu beste ezerk balio) biak ama garela justifikatzeko. Nire bikotekidea ama izatea hautatzen badut –eta ez dut zalantza izpirik– beste eskubide batzuk galtzen ditut. Eta orduan ze alternatiba dut? Bat bera ere ez. Berdintasunaren izenean, amen! •