Ramon Sola

Puigdemont Carmenarekin, eta Urkullu Rajoyrekin?

Askoren oroimenean ez da izango agian, baina Iñigo Urkullurenean segur aski bai. 2013ko ekainaren 14an, egun Madrilgo alkatea den Manuela Carmena Castrillok EAEko lehendakariaren eskuetan txosten garrantzitsua pausatu zuen. Estreinakoz, Lakuaren enkarguz, 1960 eta 2013 artean euskal auziari lotuta izandako giza eskubideen bortxaketak jasotzen ziren bertan: ETAk eragindako hildakoak 837 zirela, Estatuko Segurtasun Indarren eskuetan hildakoak 94, talde parapolizial eta ultraeskuindarrek akabatutakoak 73, tortura salaketa publikoak 5.500 inguru... Carmenarekin batera, Juan Maria Uriarte artzapezpikuak, Jon Mirena Landa Lakuako Giza Eskubideen zuzendari ohiak eta PPko zinegotzi izandako Ramon Mugicak ere parte hartu zuten txostena egin zuen lantaldean. Bilduma hark oinarria jarri zuen geroko urratsetarako: iaz Gasteizko Legebiltzarrean aurrera atera zen Estatu indarkeriari loturiko Biktimen Legea eta amaitzear den torturari buruzko lehen ikerketa ofiziala, esaterako. Carmena Patxi Lopezek eta Idoia Mendiak “fitxatu” zuten, beraiek baitziren lehendakari eta Justizia sailburua lantaldea abiatu zenean, baina Urkullu eta Jonan Fernandezen garaian bukatu zuen bere egitekoa.

Lau urte eskas pasata, beste urrats ausart bat ematen ikusi berri dugu Carmena; Kataluniako erreferenduma aldarrikatzera zihoan Carles Puigdemont president-aren hitzaldiari sostengua eskainiz, anfitrioi gisa Madrilgo udaletxeko auditoriumean. Lakuako lan horregatik espainiar hiriburuan Carmena ezbaian jarri bazuten, oraingoan are ederragoak entzun behar izan ditu, noski, nolabait kataluniar etsaiari espainiar bunkerrean atea irekitzeagatik. Horretan berririk ez, bai ordea Lakuako posizioari dagokionez. 2013ko ekain haren talaiatik ikusita, Katalunia egun «erabakitzeko eskubidea ala independentzia» lortzeko langaren aurre-aurrean egongo zela aurreikustea zaila zen oso; Carmena Madrilgo alkatea izatera helduko zela, are zailagoa. Baina bi baldintza horiek emanda EAJ bera PPren eskutik ibiliko zela, Lakua eta Madril batera ariko zirela aurreikustea are sinesgaitzagoa zen oraindik.

Hitzarmen bikoitza Euskal Herrian saldu ahal izateko, Madrilen den Gobernua bakarra Rajoyrena dela eta balizko gehiengo bakarra bere inguruan eraikitzen dena dela adierazten dute Andoni Ortuzar, Aitor Esteban eta abarrek. Baina hori ez zen guztiz egia lehen, eta, pasa den igande gauetik, are zalantzazkoagoa da oraindik. Rajoyri bide emateko, labankada eman zion felipismo-ak Pedro Sanchezi, baina bizirik eta itxuraz indarberriturik itzuli da PSOEren idazkaritza nagusira. Podemosen zentsura mozioa hor da. Eta ustelkeriaren txirrista amaigabean behera goraino kakazten segitzen duen PPren aurkako gehiengoa sortzeko aukera, ere bai.

Moncloako eta Kongresuko gorabeherak alde batera utzita ere, bada nondik eragin Madrilen bertan (bai eta Parisen ere, “bakearen artisauek” ederki frogatu dutenez). Erabakitze eskubidearen inguruko eztabaidari aurre egiteko gai den alkatea, esaterako, aurretik Lakuaren eskaera jarraiki lan txukuna egin duena: horren ostean Carmenaren telefono zenbakia sakelakoan grabaturik beharko luke izan (eta agian izango du) Urkulluk. Baina deitu, lan hartatik abiatu zen Biktimen Legearen aurka helegite baten bidez egin duenari deitzen dio: Rajoyri. Harrigarria.

Jakina da, ez Madrilen ez eta Parisen ere erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengorik ez da momentuz sortu, ez eta preso eta iheslariak etxera ekartzearen aldekorik ere. Baina hori bezain egia borobila da bi estatuen hiriburuetan, esparru batean zein bestean, azken urteotan inoizko indar harreman onena sortzen joan dela, behintzat palanka sartu eta erregimen zaharretan pitzadura egiten saiatzeko modukoa, kontraesanak eraginez, konplizitate berriak eraikiz. PPren gehiengo eskasaren zutabe bilakatu izana baino akats politiko larriagoa da aldaketaren alde sor litekeen aukera hori gutxiestea eta alboratzea. Eta Euskal Herriaren beharretatik ikusita, bekatu barkaezinagoa ere bai. •