Juantxo EGAÑA

Trebiñu, Lopez de Gereñuren begian eta arabarren bihotzean

Gerardo Lopez de Gereñu
Gerardo Lopez de Gereñu

XX. mendearen erdialdeko irudian Imiruri ageri da, Trebiñu udalerriko kontzejua, Arabako bihotzean dagoena. Argazkiaren egilea Gerardo Lopez de Gereñu argazkilari, etnografo eta historialari gasteiztarra da (1904-1992). Euskaltzaindiko eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide izan zen. 1990ean Manuel Lekuona saria jaso zuen. Argazkigintzan egin zuen obra oso zabala da. Alderdi artistikoari dagokionez, nabarmentzekoak dira natura hilak, eta, alde dokumentalari dagokionez, Araba osoko argazkiak: bertako jendea, arkitektura eta artelanak. Ondoko argazkia datorren ekainaren 1ean Gasteizen zabalduko duten “Trebiñu: Arabako eta arabarren bihotzean” erakusketan egongo da. Erakusketaren aurkezpen testuak dioenez, «Arabak eta konderriak lotura historiko, kultural, sozial eta ekonomiko asko dituzte; horregatik, gure probintziako bihotz geografikoan egoteaz gainera, Araba gure komunitateko parte bezala sentitzen dugu».