Nerea Ibarzabal Salegi

Udako ikastaro posible bat

Lagun batekin hizketan lehengoan, eta esaten zidan ez dakiela nola utzi, batetik, gustatzen ez zaion lana, eta bestetik, gustuko duen baina esperientzi berriak bizitzea zailtzen dion bikotekidea. Lana eta bikote egonkorra –egonkortasuna bere forma guztietan– hain estimatuak diren garaiotan, eta erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria hain zabaldua egon arren, ez da harritzekoa gauzei amaiera emateko erabakia zaila izatea. Bilatzen erakusten digute, bilaketarekin obsesionatzen ere bai, baina kalte egiten hasi zaiguna askatzen ez dakigu; posesioaren hegalpean hazi garenontzat beti baita hobe zerbait edukitzea, txarra ala ona izan, ezer ez edukitzea baino.

Eta unibertsitate garaiaren amaiera den zingira nahasi horrek ez digu onik egin erabakiak hartzea gustatzen ez zaigunoi. Zer erabakiko dugu ba, umetatik marrazki bat egin eta andereñoaren onarpenaren zain egotera ohitu garenok ondo edo gaizki dagoen jakiteko? Oso ondo, oso polita da egin duzun dena delako hori. Orain, urte denek oso antzerakoak izateko mehatxua dakartenean, guztiaren hasiera edo onenaren amaiera den ez dakigun honetan, norberak kudeatu behar ditu erabakiak eta, batez ere, okerreko erabakien erruduntasuna. Beharbada horregatik bozkatzen dugu irribarretsu eta lasai lotesleak ez diren galdeketetan, erabakiak hartzea gustatzen ez zaigunok.

Seguruenik gure klanekoen eta erabakiak hartzea maite dutenen arteko kontsentsu bat izango zen patuaren edo aurrez idatzitako destinoaren ideia; honi esker, erabakiek edo erabaki gabe utzitakoek ez dute eraginik izango bukaerako emaitzan. Ideia lasaigarria batzuontzat, eta gauzak aldatzeko ahaleginik egingo ez denaren bermea besteentzat. Eta pentsa zein erabilgarri suertatzen zaigun oraindik patua errua nori bota ez dakigun egoeretan; azkenean hori baita erabaki nahi ez izatea, norbere damuari eta erruduntasunari beldurra, besterik ez.

Luze hitz egin genuen lagunak eta biok, erabakiak hartzen ikasteko moduren bat aurkitu nahian, UEUko ikastaroetan bada ere. Eta “patuak” hala nahita edo, liburu batean –“Carpe Diem” izenekoan, beti kostatu izan zait mezu hori errespetatzea– aurkitu zuen truku bat lagunak gau hartan bertan. Oraindik praktikan jarri ez dudan arren, zuekin elkarbanatuko dut. Udako ikastaro bat balitz, “Erabakiak: har itzazu hil aurretik” deituko litzateke, eta edonork eman ahalko luke izena –nahi beste aldiz–.

Tipikoa eta muturreko xamarra dirudi, baina heriotzaren inguruan pentsatzeko ohitura hartuz gero, eguneroko keinu txikiak aldatu egiten omen dira. Liburu horrek dioenez, egunean heriotzari mentalki bi minutu eskainiz gero, oroituz gero gure azalari geroz eta gutxiago geratzen zaiola usteltzen hasteko, benetan axola zaizkigun erabakiak errazago hartuko ditugu. Baliteke. Eta horrekin aski izango ez bagenu, beste ariketa bat proposatzen du: imajinatu hilda gaudela dagoeneko, eta gela batean sartu gaituztela izan gintezkeen baino izan ez garen gure “gu” guztiekin; Medikuntza ikasi zuena, Arte Ederrak egin zituena, ezkondu zena, haurrik izan ez zuena, lanpostu hartan jarraitu zuena, alkoholikoa, bidaia hura egin zuena… irudikatu horietako bakoitza, eta pentsatu zeinekin hitz egingo zenukeen gustura, eta zeinekin ez. Hori ere lagungarri omen da erabakiak hartzerako orduan. Saiatu naiz gela horretan kokatzen, baina, noski, ezin izan dut erabaki norekin hitz egin. Denek dute zerbait kontatzeko, baina denei diet beldurra, hartu ditudanak baino erabaki hobeak hartu nitzakeela erakutsi diezadaketelako. Edo errieta egingo didate agian, ausartagoa ez izateagatik, txoriburu bat izateagatik, komeni zen lekuan ez egoteagatik komeni zen momentuan, edo agian aukeretan onenak hartu nituela esango didate. Ebakiak edo adabakiak izan baitaitezke erabakiak. Horregatik ez dago horrelako ikastarorik UEUn.

Agian lagunari Kattalin Minerren liburu berria elkarrekin irakurtzea proposatuko diot, eta Anariren kantuak entzun ahala, denborari joaten uztea, beste behin ere denborak gureak diren lanak egin ditzan. Hori ere erabakitzeko modu bat da, ezta, andereño? •