Jose Angel Oria
NIGERIA

Errepresioak eragin du askatasunaren aldeko mugimenduak Biafran gora egitea

Biafrako Errepublikaren sorreraren 50. urteurrena zela-eta, maiatzaren 30ean Nigeriako hego-ekialdeko makina bat hiritan ez zen ia inolako jarduerarik izan. Orain mende erdi porrot egin zuen esperimentu politikoak, baina Biafrako independentziaren aldeko mugimendua indartzen ari da eta lanuztearen arrakasta indar horren adierazle izan zen.

Urteurrenaren harira deitutako lanuzteak horixe erakutsi zuen, independentziaren aldeko mugimendua hazten ari dela Biafran, nahiz eta herritar askok betiko ohiturei eustea erabaki zuten.

Umuahia hirian, esaterako, Nigeriako Poliziak esandakoaren arabera, normaltasuna izan zen nagusi, baina eskola batzuek ez zituzten ateak zabaldu. Biafrako Errepublikak 1967an izan zuen lurraldearen zati bat Abiako estatua da gaur egun, eta bertako hiriburua da Umuahia. Bertatik gertu dagoen Aba merkataritza hirian, aldiz, herritar gehienek bat egin zuten IPOB Biafrako Jatorrizko Herritarrak eta Massob Biafrako Estatu Burujabea Lortzeko Mugimenduak deitutako protestaldiarekin. Lanuzteak jarraitzaile gutxi izan zituen Asaba Delta estatuko hiriburuan eta Anambra estatuko Onitshan (bertan dute Nigeria osoko azoka handienetako bat). Enugun eta Owerrin, berriz, oihartzun handiagoa izan zuen deialdiak, Efe agentziaren arabera. Edonola ere, hazten ari den mugimendu bat dago Biafran.

Oso arriskutsua da gaur egungo Nigerian Biafrako independentziaren aldeko ekitaldietan esku hartzea. Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak iazko azaroan exijitu zion Muhammadu Buhari presidenteari Biafraren aldeko 150 ekintzaileren judizioz kanpoko exekuzioa ikertzeko. Segurtasun indarrek ukatu egin zuten horrelakorik egin zutenik. Edonola ere, Amnesty Internationalek Nigeriako Armadari eskatu zion tankerako sarraskiak saihesteko.

Poliziak emandako datuek ez dute behar bezala islatzen Biafran gertatu zena. Onitshara bertaratu ziren France Presseko kazetariek hiri fantasma bat ikusi zuten urteurren egunean. Denda, eskola eta bulego gehienak itxita zeuden. Gainera, protesta egitera etxetik irtenez gero, atxilotua izateko arriskua ikaragarria zen (urteurrena iritsi aurretik ehun lagun atxilotu zituzten bertan, iturri batzuek salatu dutenez), segurtasun indarrek oso ozen jakinarazi baitzuten ez zeudela protestaldiren baten aurrean geldirik geratzeko moduan. Testuinguru horretan herritar askok etxean janariak pilatzea erabaki zuten, ezin baitzen baztertu urteurrenaren eraginez borroka izugarriak sortzea, iaz gertatu moduan. Orduan hirurogei pertsona hil zituzten merkataritza hirian segurtasun indarrek, Amnesty Internationalen arabera. Gobernuz kanpoko erakundeak egindako kalkuluek diote 2015eko abuztuaz geroztik 150 herritar hil dituztela Biafraren independentziaren aldeko mobilizazioetan esku hartzeagatik.

«Ez goaz lanera»

«Ez goaz lanera», esan zuen Ebere Ichukwu Eli 47 urteko gizonak, kalera jaistera ausartu zen herritar bakarrenetakoak. «Biafran gaude, ez gara nigeriarrak, baina ez dugu indarkeriarik nahi. Gure protestaldiak baketsuak dira».

Justine izena baino eman nahi ez zuen emakume batek Onitshako azokan saltzen ditu bere produktuak, baina egun hartan etxean geratzea erabaki zuen, «hiri hila» ekimenarekin bat egiteko: «Gaur etxean, nire seme-alabekin. Gure Biafra maite dugu, gure lurra da. Horregatik guztiok etxean geratzen gara». Bere posizioarekin bat egiten dute Onitshako herritar askok.

Begiraleek nabarmendu dute independentziaren aldeko mugimendua indartzen ari dela Biafran, eta herritar askok munduko beste leku batzuetan ere, Marokoko Rifeko Al-Hoceiman azken hilabeteotan esaterako, erabilitako argudio berberak eskaintzen dituztela. «Nigeriak ez du gure aldeko ezer egin gerra amaitu zenetik. Ez dugu ez errepiderik ez azpiegiturarik ez lanik», esplikatu du John Ahaneku ekintzaileak: «Gurasoek hasitako lana bukatzeko garaia da».

Orain 50 urte Biafrako indarrek halako hamar soldadu zituen Nigeriako Armadak. Armak ere, unionistenak independentziaren aldekoenak baino askoz ere hobeak ziren. Hiru urteko ahaleginen ondoren, gerra amaitutzat eman zuten, borrokek eta propio eragindako goseak milioi batetik gora hildako utzi ostean.

Orduan bukatutzat eman ziren askatasun ametsak, baina Abujako agintariek igbo etniarekiko geroztik izan duten jarrerak berpiztu egin du independentzia gogoa.

Gerra ondoren izandako diktadura militarren garaian botere ekonomiko zein politikotik baztertuta sentitu ziren Biafrakoak, hausa, fulani eta yoruba etniakoak izan baitziren nagusi.

Nolabaiteko demokrazia 1999an itzuli zen Nigeriara, eta horrekin batera, Biafrakoen askatasun egarria. Gaur egun autodeterminazio erreferendum bat eskatzen dute, eta Buhari jeneralari (musulmana eta herrialdeko iparraldekoa, 2015eko hauteskundeak irabazi zituen politikaria) leporatzen diote beraien adierazpen askatasuna etengabe bortxatzea.

Buhari agintera iritsi zen urtean Biafrako egoerak inflexio puntu bat izan zuen, Nnamdi Kanu IPOB mugimenduko burua atxilotu eta kartzelara sartu zutenean. «Traizioa» leporatu zioten Abujako agintariek, baina oraindik ez dute egin Kanuren aurkako epaiketarik. Orain esaten dute datorren uztailean epaituko ote duten.

Nnamdi Kanu IPOB mugimenduko burua oso ezagun egin da Biafran. Biafra Irratiko (pirata, Londresetik emititzen du) zuzendariak hedabide hori erabiltzen zuen bere mezuak plazaratzeko eta 2015ean, Nigeriara egin zuen bisita batean, hotelean atxilotu eta kartzelatu egin zuten.

«Biafra Irratiaren misioa oso argi dago: Biafra eraikitzea, gure esku dauden baliabide guztiak erabilita. Baita gerra bera ere. Eta Nigeria osoa bonbardatua izango da. Horretarako prestatu zaitezte», esan zuen 2015ean. Bi hilabete lehenago AEBetako Los Angelesen egin zen Igbo etniaren Munduko Kongresua. Bertan zera adierazi zuen: «Amerikarrok, zuen armak eta balak behar ditugu».

Kanuren atxiloketak bere irudia indartu baino ez zuen egin. «Akats larria eta justifikaziorik gabeko atxiloketa, ezegokia, izan zen», esan du Fred Anibeze analistak. «Irratiaren bitartez propaganda egiten zuen Biafraren izenean, eta, atxilotuta, erdi-jainko hori indartu egin dute».

Espetxean Nigeriaren aurkako grina ez zaio batere ahuldu eta denbora asko baztertuta egin zuen gizonak politikaren lehen lerroa bereganatu du orain.

Umuahiako etxean bisitatu zuten Kanu AFPko kazetariek. Osasun arazoengatik eman zioten fidantzapeko askatasuna apirilean, baina debekatuta dauka mobilizazioetan esku hartzea, hedabideei elkarrizketak eskaintzea eta hamar lagun baino gehiagoko taldeen kide izatea. Oso mantso egiten du oinez jarraitzaileek «salbatzaile» izendatu duten buruzagiak.

Igbo etniako juduak

Jainkoaren aipamen ugari dituen diskurtsoan Biafra askea Israelgo Estatuarekin alderatzen du. Bere burua judutzat du, eta igbo etnia herri judua osatzen zuten hamabi leinuetako bat dela esaten du, gainerako juduen artean tesi horrek inolako babesik lortzen ez badu ere (ezta igboen artean ere, ikerketa batzuek diotenez 5.000 inguru baitira soilik bere burua judutzat duten igboak). Erreferendum bat antolatu nahi du eta hori lortzeko desobedientzia zibila proposatzen du. Nigerian egiten diren hauteskundeei boikot egiteko eskatzen du.

Adi-adi daude Kanuk etxean hartu dituen ekintzaile beterano zein gazteak. Berrogei urte inguruko buruzagiak betaurreko borobilak ditu eta bisitariak hartzen dituen egongelan bere koadro handi batek pareta estaltzen du. Igbo herriak jasaten dituen sarraskiak, bortxaketak, bazterketa, jazarpen poliziala, Buhari presidentearen aurkako mezuekin nahasten du. Biafra pobretzea beste helbururik ez omen dute Nigeriako agintariek.

Datuek arrazoia ematen diote. Nigeriak dituen diru-sarreren %70 petrolioak ematen du, baina nigeriarren %62 pobreziaren mailaren azpitik bizi da. Eta Biafra da petrolio gehien duten Nigeriako lurraldeetako bat.

«Jendeak entzun nahi zuena esaten zuen Kanuk», esplikatu du Don Okereke analistak. Bere ustez, belaunaldi berriek, gerra ezagutu zutenak baino erradikalagoak diren horiek, beren nahiak eta itxaropenak islatuta ikusi dituzte IPOB mugimenduko buruaren mezuetan. Urteurreneko ekitaldietan Israelgo eta AEBetako banderak erakutsi zituzten, Trumpen aldeko kamisetekin batera. Biafrar batek baino gehiagok esaten du AEBetako presidente berriak beren asmoekin bat egin dezakeela.

Gazteak gerrarako ere prest daude, eta bide hori jorratzeko buruzagirik ez zaie faltako. Zaharrenek 1970eko hondamendia ezin dute ahaztu, baina Biafrako egungo biztanleen %7 baino ez zegoen jaiota garai hartan. Gainerakoentzat oso urruti geratu zen Biafrako gerra eta Nigeriako ikastetxeetan herrialde konplexuaren historia nahasia ez da esplikatzen. Akatsak errepikatzeko biderik zuzenena.

Petrolioak eta kolonizatzaileek ezarri zuten mapak eragindako sufrimendua

Nigeriak ia 200 milioi biztanle ditu gaur egun eta bertan, elkarrekin edo elkarren aurka, bizi diren ehunka etniek 500 hizkuntzatan solas egiten dute. Kolonizatzaileek ezarritako mapan ikusten ditugu mugak. Mendebaldean yoruba etnia da nagusi, iparraldean hausa etnia, eta, ekialdean, igbo etnia. Estatua menderatzea ezinbesteko sentitzen zuten herri ezberdinek, eta, ondorioz, atentatuak eta estatu kolpeak izan ziren 1969an independentzia lortu zenetik. Gutxiengoa ziren lekuetan, eraso ugari jasan behar izan zituzten igboek.

Igbo etnia nagusi den Biafra Nigeriako hego-ekialdean dago. Bertan petrolioa aurkitu zuten eta arazoak konponbidean jarri beharrean, gaiztotu egin ziren, munduko beste herri askori gertatu moduan. Igboen aurkako erasoak eta petrolioak ematen zituen etekinak ez zirela modu justuan banatzen ikusita, Odumegwu Ojukwu garaiko gobernadoreak Nigeriako Federazioa utzi eta Biafraren independentzia aldarrikatu zuen. A ze festa giroa!

1967ko maiatzaren 30ean hasi zen gerra. Gabonek, Haitik, Boli Kostak, Tanzaniak eta Zambiak baino ez zuten ofizialki herrialde berria aintzatetsi; hala ere, Israel, Estatu frantsesa, Portugal, Rhodesia, Hegoafrika eta Vatikanoaren laguntza jaso zuen Biafrak. Afrikako gainerako herrialde gehienek, Britainia Handiak eta Sobietar Batasunak Nigeriarekin bat egin zuten.

Biafrakoen lehen erasoaldiaren ondoren, Nigeriako indarrek lurraldea setiatu egin zuten. Handik urtebetera Biafrak bere lurraldearen erdia galdua zuen. Gosez egunero milaka igbo hiltzen ziren. Hedabideetan ikusitako lehen gosete izugarriaren irudiak bertakoak izan ziren (gero Afrikako beste herri batzuetan gauza bera gertatuko zen). 1970ean gerra amaitutzat eman zenean, 500.000 hildako kalkulatu ziren. Beste iturri batzuek hiru milioi ere aipatu izan dituzte. Ez da harritzekoa Victor Ukaogu Nigeriako Unibertsitateko Historia irakasleak «genozidio» hitza aipatzea.