Laura Mintegi

Gure esku dagoelako

Gaur Gure Esku Dagok ekimen jendetsua antolatu du Bilboko kaleetan. Euskadi Plazatik Plaza Eliptikora jende andanak osatuko du galdera ikurra, elastiko koralak jantzita. Koska bat gehiago da kate luze batean, herriz herri eta auzoz auzo osatzen ari den katean. Hiru urte baino ez dira Durango eta Iruñea arteko katea osatu zenetik, 2014ko ekainaren 8an. 150.000 lagunek eskuak elkarri lotu eta, guztien artean lortu zuten, lortu genuen, bi hirien arteko 123 kilometroak batzea.

Ordutik ekimenak ugarituz joan dira. Dagoeneko 142 udalerritan egin dira kontsultak eta urtea amaitu arterainoko kontsultak kontuan hartuta, 2017 amaitzerako ia milioi bat lagunek edukiko dute aukera adierazteko ea burujabeak izan nahi duten, ea estatu independente batean bizi nahi duten. Marka ez da makala.

Ekimen hauen guztien balio handiena, ordea, ez da kualitatiboa, garrantzitsua izanda ere. Benetako balioa kualitatiboa da. Herri kontsulta bakoitzean, antolatzen den ekimen bakoitzean, milaka pertsona daude inplikaturik modu aktiboan. Emaitza edozein dela ere (eta kasu guztietan emaitza positiboa da) benetako garrantzia duena ideia demokratiko baten inguruan amaraun sendoa nola ari den antolatzen da: herritarrek eskubidea dutela beren etorkizuna erabakitzeko, eta, zain egon ordez, mobilizatzea erabaki dutela.

Euskaldunok, edozein ideologiatako euskaldunok, umiliazio kolektiboa jasan genuen 2005eko otsailaren 1ean Espainiako Kongresuak 313 botorekin atzera bota zuenean Ibarretxe Plana. Ez zuen onartu ezta eztabaidatua izan zedin ere. Planak 29 boto bakarrik eskuratu zituen (EAJ, EA, NaBai, CiU, ERC eta BNGren botoak), baina aldeko botoa eman zioten haiek ere ez zuten tutik egin ezezkoaren aurrean.

Ibarretxe Planak gehiengo osoa eskuratu bazuen ere Gasteizko Legebiltzarrean (39 boto alde eta 35 aurka), ez erakundeetan, ezta kalean ere, ez zen zirkinik egin Madrileko zaplaztekoari erantzuteko. Plana tiraderan gorde zen, eta gaur arte.

Ibarretxe Plana Madrilera eraman zen garaian Euskal Herriko Unibertsitateko Politika Zientzien Sailak egin zuen Euskobarometroa inkestaren arabera, EAEko hiritar gehienek zioten prest zeudela balizko erreferendum batean parte hartzeko. Parte hartuko zutenen artean, %30ek baietza emango zioten Planari, eta %21ek ezetza. Pertsona askok ez zekien zer erantzun, %33k. Deigarria zen herritarrek bazutela asmoa botoa emateko (galdetuak izateko gogoa adierazten zuten) nahiz eta aitortu ez zekitela, zehatz-mehatz, zer-nolako ondorioak izango zituen erreferendumean hartutako erabakiak.

Bizpahiru irakasgai atera daitezke orain arte esandakotik. Lehenik, galdetuak izateko nahia ez dela apaldu, areagotu baizik. Bigarrenik, herri mobilizatua topatuko lukeela gaur egun espainiarren ezezko erantzunak, 2005ean ez bezala. Eta, hirugarrenik, ez dela nahikoa herritarren emotibitatea piztea. Zehaztasunak ere behar dira, konkrezioak. Hori ez da Gure Esku Dagoren lana. Alderdi independentistei dagokie irudikatzea nolako estatu berria nahi duten, zer den euskal errepublika, zein oinarri jarri behar diren estatu justua eraikitzeko, herritarrek botoa ematen dutenerako jakin dezaten zeren alde ematen ari diren botoa.

Gauza bat, behinik behin, zalantzatik kanpo dago, eta hori da, egiatan, motibatzen gaituena: kolektibo batek determinazioa hartzen duenean, ez dago inposiziorik, ez dago neurri antidemokratikorik, ez dago mehatxurik geldiaraziko duenik. Katalunian frogatu dute, Eskozian frogatu dute, eta, lehenago edo beranduago, Euskal Herrian ere frogatuko da. •