Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Oscar Jara Holliday
Soziologoa eta hezitzailea

«Herri hezkuntzaren helburua norberak ingurua eraldatzeko gaitasunak lantzea da»

Gaur egunean nagusi den haizeak bazterketa, desberdintasuna eta gauzak dauden moduan uzteko grina zabaltzen ditu. Haize kontra dabil Oscar Jara, herri hezkuntza erreminta modura hartuta, komunitate inklusiboak, bidezkoak eta eraldatzaileak eraikitzen.

Herri hezkuntzan lan egiten du, zapalduta daudenei jakintzak eta tresnak eskura eman eta munduaren norabidea aldatzeko indarrak batuz. Perutarra da sortzez, baina, egun, Costa Rican bizi da. Hamarkadak daramatza Erdialdeko Amerikan eta Latinoamerika osoan komunitate inklusiboak, bidezkoak eta eraldatzaileak eraikitzeko erronkari bultzaka, nagusi den haizearen kontra; «bazterketaren, desberdintasunaren eta gauzak dauden bezala uztearen» kontra.

Duela aste gutxi batzuk Euskal Herrian izan da, Emaus Fundazioak gonbidatuta, norabide berdinean lan egiten baitute. «Badakigu kontrako norabidean ari garela. Finean, helburu berdinarekin ari gara lanean; elkartasunezko harremanak bultzatu nahi ditugu, ez lehiakortasunezkoak. Mundu asko kabitzen diren mundua eraiki nahi dugu, pertsona guztiak hartzen dituena eta ez kapital handien etekinak bakarrik zaintzen dituena. Gure helburu nagusia zoriontasuna sortzea da, eta, horretarako, baldintza garrantzitsu bat jartzen dugu: pertsona bat ezin daiteke zoriontsu izan gainontzekoak zoriontsuak ez badira. Ez da ideia berria, jada Aristotelesek esaten zuen: etika eta bizitzaren zentzua zoriontasuna eraikitzea da. Baina jende askorentzat ezinezkoa da helburu hori eta horrek sumindu egiten gaitu. Gainera, gero eta jende gehiagorentzat da urruna zoriontasunaren erronka. Inoizko aberastasun gehien dagoen garaiotan, diskriminazioa eta pobrezia goraka doaz. Indarrean dagoen sistema eredua ez da jende guztiarentzako hazten».

Esan bezala, Jarak eta Emausek topo egin dute mundu ikuskeran eta mundu berri horren eraikuntzan. Emaus Fundazioak lan oso garrantzitsua egiten du bazterketa arriskuan dagoen edo bestelako asimetria egoerak bizi dituen jendearekin. Ez bakarrik unean uneko egoera samurtu eta erantzuna emateko, baita aurrera begira antzeko egoerak errepika ez daitezen bideak zabaltzeko ere. «Hor elkartu gara, jendartea eraldatzeko nahi horretan», zehaztu du Oscar Jarak.

Hartara, jendarte eraldatzaileak eraikitzeko ikastaro bat antolatu dute, datorren irailean hasi eta otsailean amaituko dena. «Txikiak izan arren, elkartu eta saretzen bagara, indarra egin dezakegu. Ikastaro honen helburua hori da, jendarte inklusiboak, bidezkoak eta eraldatzaileak eraikitzeko tresnak banatzea. Helburua da ikastaroan parte hartzen dutenek gerora bere inguruneak eraldatzeko gaitasuna garatzea. Ikastaroa Euskal Herritik, Kataluniatik eta Costa Ricatik pasatuko da», argitu du.

Herri hezkuntza

Herri hezkuntza da Oscar Jararen lanerako tresna nagusia, jendartea eraldatzeko darabilen motorra. «Herri hezkuntza esaten diogu zentzu bikoitzean. Batetik, herriaz ari da, herri sozialaz. Arrazoi bat edo beste tarteko, asimetria sufritzen dutenez ari da; diskriminazioa, bazterketa ekonomikoa, zapalkuntza modu desberdinak edota marjinazioa sufritzen dutenek osatzen dute herri soziala. Bigarrenik, herri hezkuntzan herria da subjektua, prozesu eraldatzailea martxan jarri eta aurrera daramana. Ez da laguntza edo arreta jasotzen duen objektu pasiboa, prozesuaren protagonista nagusia baizik. Herri politikoaz ari naiz, sufritzen duen asimetria hori eraldatu nahi duen eta horretarako lan egiten duen herri politikoaz; zapalkuntzaren, marjinazioaren, bazterketaren kontra egin eta ekitatearen eta justizia sozial eta ekologikoaren alde lan egiten duena».

Herri hezkuntzaren lehen pausoak beste norabide batean eman ziren. Bere garaian ikasteko aukerarik izan ez zuten herritar helduei hezkuntza eskaintzea izan zen hasiera hartan abiapuntua eta helmuga. Denborarekin, baina, inguratzen dituen errealitatea aldatzeko eta eraldatzeko tresnak eskaintzen dizkie herri hezkuntzak herritarrei, haiek direlako beren errealitatea ondoen ezagutzen dutenak, eta, beraz, horri buelta emateko egokienak. Jararen hitzetan, «edozein asimetria mota sufritzen duena subjektu eraldatzailea izatea nahi dugu, eta ez laguntzaren bat jasotzeko zain dagoen subjektu pasiboa».

«Lurraren eta ekoizpen osasuntsu baten alde egiten duten nekazariak; parekidetasunaren alde ari diren emakumeak; beren historia, ohiturak eta jakintza defendatzen dituzten mugimendu indigenak edota etxebizitza eta osasun zerbitzu duinen alde batzen diren hirietako sektore baztertuenak. Norbera bere errealitatea eraldatuko duen protagonista modura». Hezitzaile eta soziologoak oso presente dauka egun nagusi den sistemaren norabidearen kontra ari dela, baina horrek are beharrezkoago egiten du beren lana. «Egungo jendartean alternatibak beti banakakoak izaten dira, indibidualak; ‘egoera honetatik atera nahi dut arrakasta izateko, nahiz eta horretarako jende askoren gainetik pasatu beharko dudan’. Gainera, kontsumoaren logika da nagusi, harrapariarena, planetaren baliabideak xahutzen dituena. Horren parean bestelako harremanak bultzatu behar ditugu. Heriotza dakarren sistema batetik bizitza dakarren beste batera pasatu behar dugu, pertsonen errespetua eta duintasuna defendatuko dituena. Horregatik, sumintzen gaituzten gauza asko daude».

Dena lotuta dago

Oscar Jararen ustez oso garrantzitsua da jendarteari osotasunean begiratzea, «dena lotuta dagoelako». Maxima Acuña indigena perutarraren adibidea ekarri du, 2016an Goldman saria jaso zuen, “Nobel berdea” esaten diotena. Munduko meatze partzuergo handienetakoari aurre egin dio Acuñak. «Meatze partzuergo horrek sekulako ustiategia dauka, sumendi baten kraterraren tamainakoa. Meatze ustiategia handitu eta handitu joan da, Acuñaren lurretara iritsi arte. Berak, baina, ez zizkien lurrak eman nahi, bereak direla eta ekoizteko erabili behar direla esanez. Sekulako mehatxuak eta presioak jasan arren, bereari eutsi zion eta hiru urte epaitegietan bueltaka ibili ondoren, justiziak arrazoia eman dio. Emakume txiki eta erdi analfabeto honek bizitza eta duintasuna defendatu ditu sekulako boterea duen nazioarteko enpresa baten aurrean. Eta irabazi egin du. Baina ez da bakarrik egon, berekin egon dira Latinoamerikako eta munduko emakume indigena guztiak, planeta osasuntsuago baten alde lanean ari direnak eta aire zabalean egiten den meatzaritzaren kontra borrokan ari den mugimendu ekologista osoa».

Pertsona aktiboak

Herri hezkuntzaren bitartez norberaren ingurua eraldatzea eta, bide horretatik, mundua eraldatzea. Proposamen horren erdigunean, zalantzarik gabe, pertsona aktiboak behar dira. «Indarrean dagoen sistemak izaki pasibo bihurtzen gaitu. Komunikabideek ere parte handia daukate horretan, haiek prozesatutako informazioa irensten dugulako; mundua ikusteko gure era baldintzatzen duten izenburuak jartzen dizkigute, intentzioz aukeratutako irudiak eskaini... eta pentsatzen dugu mundua aurkezten diguten bezalakoa dela. Horren parean oso beharrezkoa da beste ikuskera bat lantzea eta garatzea, eta, hain juxtu, herri hezkuntzak proposatzen dituen prozesuetan hori egiten da».

Errealitatea distantzia kritiko batetik begiratzen ez da, baina, egun batetik bestera ikasten. Ez da ikastaro batean jasotzen, barne prozesu garrantzitsua eskatzen du. «Herri hezkuntzan ez da hain garrantzitsua edukia, garatzen diren gaitasunak baizik. Ikasten ikasten da, ikaskuntza prozesuak barneratzen ikasten da. Arazoak aztertzen, identifikatzen eta aterabideak lantzen; nik zer egin dezaket egoera hori konpontzeko, eta, guk, jendarte bezala, zer egin dezakegu. Analizatzen, laburbiltzen, komunikatzen, plangintzak egiten... Finean, eraldatzeko gaitasunak lantzea da herri hezkuntzaren helburu nagusia».

Costa Ricako meatzeak eta anana

Herri hezkuntzaren adibide zehatz bat eskatuta, Costa Ricako meatzeak eta anana hartu ditu ahotan Jarak. «Costa Rican ananaren zabalkunde basatia sufritzen ari gara, meatzaritza bezain kaltegarria gertatzen ari dena».

Eta meatzaritzak dakarren kaltea ez da txantxetakoa. Jarak dioen bezala, «ez da existitzen kutsatzen ez duen meatzaritzarik». Aire zabalean aritzen den urrezko meatze batean egun bakarrean gastatzen den ur kopurua nekazari familia batek urtebetean gastatzen duenaren parekoa da. Izan ere, harkaitza urarekin zulatzen da eta ontza bat urre ateratzeko lau tona harkaitz puskatu behar dira. Gainera, zianuro ontza bat erabili behar da urrea eta gainontzeko materialak bereizteko. Urrea eramaten dute eta zianuro putzua bertan uzten dute, betiko, «hori ez baita lurruntzen edota beste planeta batera joaten». Urrea joan egiten da eta pobrezia bertan geratzen da, eta kutsadura.

«Hamar-hamabost urtez 800-1.000 pertsonak lana izatearen truke enpresa batek herrialde oso bat hondamenera eraman dezake. Duela sei-zazpi bat urte, eta herri hezkuntzako prozesu baten ondorioz, herritar talde batek meatze proiektu garrantzitsu bat geratzea lortu zuen. Eta ez hori bakarrik, Costa Rican aire zabaleko meatzeak debekatzea lortu zuten».

Ananarekin antzeko egoera gertatzen ari da orain. Costa Ricak 56.000 kilometro karratu ditu eta Latinoamerikako bigarren herrialdea da anana ekoizpenean, Brasilen atzetik –zortzi milioi kilometrotik gorako azalera duen herrialdea–. Munduko zortzi anana ekoizle handienen artean dago, gainera, Costa Rica. Brasilen urtean 1.300.000 tona anana ekoizten dira eta Costa Rican –askoz azalera txikiagoan–, 400.000 tona.

«Imajinatu dezakezu gure lurraldearen nolako proportzioa dagoen ananaren ekoizpenera bideratua, horrek dakartzan kalteekin. Monolaborantza guztiak kaltegarriak dira, lurraren susperraldia eragozten dutelako eta bestelako ekoizpenak desagerrarazi. Kanpoko enpresa handi bat etortzen da, nekazariei anana haziak ematen dizkie eta joan egiten da. Nekazariek, orduan, anana landatzen dute eta bestelakoak landatzeari uzten diote; arroza, artoa, babarrunak... Zazpi-zortzi urteren buruan lursail horiek erabat erreta bukatzen dute, mantenugairik gabe, eta gutxienez hamar urte itxaron behar dira berriz landatzeko. Ordurako, baina, atzerriko enpresa handi horiek desagertu egin dira; anana tonak hartu eta joan egin dira berriro».

Horrez gain, ananaren ekoizpenerako agrotoxiko kopuru izugarria erabiltzen da. «Anana ekoizpen handia dagoen tokietan dagoeneko ura kutsatu egin da agrotoxikoekin eta haurrak gaixotzen ari dira».

Hori guztia gutxi ez, eta ananaren inguruan sortzen den sasitzak abereei sekulako kaltea egiten dien euli mota bat erakartzen du. Hartara, anana dagoen tokietan ezin da abeltzaintzarik egon. «Eta horri garapena deitzen diote. Garapen horrek ez dakar ez ongizaterik ez zoriontasunik. Horregatik da hain beharrezkoa elkartzea, kontzientzia sortzea eta garapen basati eta bihozgabe horren aurka borroka egitea».

FRENASSAP elkartea

Costa Ricako komunitate desberdinetan aspaldi hasiak ziren konturatzen ananaren ekoizpen basatiak zekartzan kalte izugarriez. «Haurrak gaixotzen ari ziren eta ez zekiten zergatik. Unibertsitateko talde bat hasi zen kontua ikertzen eta kutsaduraren iturrira iritsi ziren, agrotoxikoetara. Jendea biltzen eta arazoaren kontzientzia hartzen hasi zen pixkanaka-pixkanaka. ‘Nola onar dezakegu anana enpresek gure ura kutsatzea?’. Kontzientzia horretatik abiatuta, anana ekoizpenaren inguruko modulu bat egiten hasi ziren; erabiltzen ari ziren kimikoen informazioa bildu, ananaren ekoizpen organikoaren inguruan formakuntza jaso... eta mugimendu horretatik sortu zen FRENASSAP (Frente Nacional de Sectores Afectados por la Producción Piñera). Elkarte hori lanean ari da anana ekoizten den toki guztietan eta kontzientzia sortzen lan handia egiten du, ez bakarrik ekoizleen artean, baita kontsumitzaileen artean ere». Hortxe, beraz, herri hezkuntzaren adibide garbia.

Herri hezkuntzaren oinarrietako bat sistematizazioa da. «Gakoa ezagutza sistematikoa sortzea da, zorrotza, sendoa, teoria praktikatik abiatuta sortzen duena, ezagutzatik abiatuta».

Garatutako esperientzia berreskuratzen du sistematizazioak, egindakotik ikasten du. «Egunerokoan bizi dugunaren, egiten dugunaren ikaskuntza berreskuratzea da asmoa. Egiten dugun gauza bakoitzarekin ikas dezakegu horri denbora eta energia eskainiz gero. Berdin nekazaria izan edo medikua izan, egunero egiten dugunetik ikasteko metodoa da sistematizazioa».

Utopia egunero eraikitzen

«Benetan sinisten duzu mundua alda daitekeela?», bota diogu azken galdera Oscar Jarari. «Noski baietz, zalantzarik gabe. Baina mundua aldatzea ez da bat-batean ‘klik’ egin eta egun batetik bestera dena aldatzea. Mundua aldatzeko prozesuak mantsoak eta konplexuak dira. Horietan beharrezkoa da jendea protagonista izatea eta utopia egunerokoarekin lotzea. Mundua aldatzeko utopia ez da zain egon eta besterik gabe iritsiko zaigun zerbait. Utopia eraikitzen joan behar dugu, gure izateko eta harremantzeko moduarekin, egiten dugunaren arabera eraikiko dugulako utopia hori».

Alegia, utopia eraiki beharreko zerbait dela. «Paulo Freireren hezkuntza askatzailearen ideia ekarri nahi dut gogora, hezkuntza lotzen nauen horretatik askatzeko eta, gainera, nire gaitasunak askatzeko. Paulo Freirek koherentziaren erronka proposatzen du, koherentzia bera ez baita bertute bat. Koherentziaren bilaketa da bertutea. Nire gaurko koherentzia biharko nire inkoherentzia izan daitekeelako. Baina, era berean, nire gaurko inkoherentzia nire biharko koherentzia izan daiteke. Utopiaren bilaketa eguneroko bizitzan kokatuko nuke, egiten dudanaren eta pentsatzen dudanaren arteko tentsio horretan. Hor garatzen gara hobeak izan nahi dugun pertsona bezala, bizitza eta mundua eraldatzen»