2017/06/17

Koldo Sagasti
Araba Euskarazera ez noa

Gaztetan gogo handiz ospatzen nituen ikastolen sostengurako urteroko festak. Iniziaziozko errito modukoak ziren hitzordu haiek; eta, euskararen aldeko aldarrikapenaren aitzakian, orgia etilikorako lehenengoetariko aukerak, bide batez. Orduan, esanahi politikoz beteriko performancea zen Errioxako azken mugaraino joan eta jaialdi euskaltzalea antolatzea. Urteak joan urteak etorri, baina, epeldu egin zait ikastolen jaiarekiko grina hori. Garai bateko erreibindikaziozko ospakizun haiek instituzionalizatu diren neurri berean joan zait niri parte hartzeko gogoa.

Ikastolen mugimenduari eta, oro har, mugimendu euskaltzaleari onartu behar zaio, merezi duen neurrian, euskarazko hezkuntza normalizatzeko egindako ahalegina. Izan ere, borroka horren emaitza da gaur egun euskararen ikaskuntza bermatzen duen (bermatu beharko lukeen?) hezkuntza sistema publikoa izatea. Horregatik, hain zuzen ere, eta hezkuntza sare publikoak herritar guztiei euskarazko heziketa eskaintzea erdietsi den garaian, zer zentzu dauka ikastola pribatu-itunpekoen aldeko elkartasun jaialdi batek?

Estatu mailan itunpeko eskolen tasa handiena duen erkidegoa da EAE, ikastetxeen %50; eta ikas-zentro horiek, titulartasun pribatukoak izanagatik, finantziazio publikoa jasotzen dute ia bere osotasunean. Urteotako eskarmentuak, ordea, erakutsi du itunpeko sareko ikastetxeak elite zuri kristau baten ezkutaleku bilakatzen ari direla, eta immigrazioaren fenomenoa sare publikora zokoratzen duen matrikulazio sistema sustatzen ari dela erakundeetatik.

Gauzak horrela, garai bateko jaialdietara eraman ninduen espiritu militante hark ez nau oraingo honetan biharko Araba Euskarazera erakarriko. Euskal Herria euskalduna izango bada, guztion ondarea izan beharko du euskarak. Gizartearen zati bat baztertzen duen pribatu-itunpeko hezkuntza sistemak ez diezagula elkartasuna eskatu euskaltzaleoi urteroko ospakizun solidarioetan. Euskaltzale honi ez, behintzat. •