Nagore Belastegi Martin
JANTZIAK ETA IDEIAK

Arropa errebelde izateko sinbolo bat izan daiteke, sistemak bereganatu eta ideologiaz guztiz husten duen arte

CEAR elkarteak kultur aniztasunari buruzko gogoeta egiteko liburu bat plazaratu du, erdigunean jantziak kokatuz. Palestinar zapiek, larruzko jakek eta praka zabalek aldarrikapenerako balio izan zuten noizbait, modak xurgatu zituen arte. Berdina gerta al daiteke emakume musulmanen buruzapiarekin? «Jantzideiak» liburuak hori aztertzen du.

Rosabel Argote CEAR Euskadiko Kultura Arteko Ekintzen arduraduna izan da “Jantzideiak” liburuaren berri eman diguna, berarentzako oso beharrezkoa den argitalpena. Xenofobia zabaltzen ari den honetan, inoiz baino premiazkoagoa da kulturen arteko elkarbizitza, janzkera bezalako oinarrizko gauza batean islatzen dena. «Jantzi guztiek esanahi bat zabaltzen dute, eta janzten dugun guztiak gure identitatearen zantzuak ematen ditu. Ez da kasualitatea logotipo edo marka jakin bat daraman kamiseta bat janztea. Historian zehar jantzi identitario ugari egon dira, eta asko izan dira ere gobernuek horiek kontrolatzeko egindako ahaleginak», azaldu du Argotek, sarri ezbaian izaten direnak emakumeen jantziak direla nabarmenduz. Liburuak gogoeta bat ere egiten du amaieran: pertsona batek zer jantzi dezakeen eta zer ezin duen jantzi erabakitzen duen erakunde bat egotea onartzen badugu, onartzen ari gara noizbait guri nola jantzi behar dugun esan dakigula ere.

Inposizio hori jasaten dute emakume musulmanek, beste batzuek hijab buruzapiaren erabilera erregulatu nahi dutelako. Bestalde, esan ohi da emakumeek belo islamiarra gizonarekiko menpekotasun ikur gisa eramaten dutela, eta CEAR Euskadik horrekin hautsi nahi du. «Guk aurrez aurre egiten dugu lan emakume horiekin, lankide batek ere beloa darama, eta badakigu arrazoi desberdinak daudela beloa eramateko; batzuetan derrigortasun bat izango da, eta emakume horiek ikusiko dute zer egin dezaketen egoera horren aurrean. Baina nik, Mendebaldeko feminista, ez diot esango zer egin behar duen, ni inor baino emeago izango banintz bezala», azaldu du Argotek.

Beste batzuetan identitate sinbolo bat da zapia. «Islamofobia gero eta zabalagoa da, eta badaude emakume batzuk euren identitatea aldarrikatu nahi dutenak. Euren askatasuna da, euren eskubidea. Lanera joaten direnean agian enpresako lan eskubideekin talka egin dezake, eta hori nola kudeatu ikusi beharko da, betiere oinarrian kultur aniztasuna izanik. Gerta daiteke identitatea erakusten duen jantzi bat, arriskua ekartzen duelako-edo kendu behar izatea. Baina pertsona bat hondartzara joan eta burkinia kentzera behartzea ez da batere egokia. Pentsa, garai batean emakumea bainujantziarekin joaten bazen, poliziak zenbat haragi erakusten zuen neurtu behar zuen...».

Liburuan identitatezko jantzietan zehar ibilbide bat egiten da. James Dean eta Marlon Brando larruzko jakak eramaten hasi zirenean errebelde identitatea islatuz, Ameriketako Estatu Batuetako eskola batzuetan jakok debekatu egin zituzten sinbolo bat zirelako. Gero, moda bihurtu ziren. Palestinako zapiekin ere antzeko zerbait gertatu zen. Garai batean Palestinari babesa adierazteko modu bat ziren, baina sistemak sinbolo hori bereganatu eta modan txertatu zuen. Sinboloa galdu egin zen.

«Sistema zelula bat bezalakoa da; nukleo bat dauka eta babeserako geruza bat. Arnastu ere egin behar du: bestela eztanda egiten du. Arnasbiderik ez duen gizarte sistema batek ere eztanda egiten du. Sistemaren nukleotik urruntzen diren pertsona horiek kokatzeko ertz bat behar da, disidentziarako espazioa beharrezkoa da. Gizarte zelulan bizi direnak sistema itxi batean daudela baldin badakite, azkenean matxinatu egiten dira. Beraz, sisteman ertzak badaude, gizarte sistema eraldatu dezaketela uste duten pertsonak bertan kokatzen dira, eta sistemak xurgatu egiten ditu azkenean», azpimarratu du Argotek.

Zapi palestinarrekin hori gertatu zen: Bigarren Intifadarekin bat, Palestinaren aldeko mugimenduak asko ugaritu ziren. Eta orduan moda zapi palestinarra erabiltzen hasi zen. «Ez dut esaten teoria konspiratibo bat zegoenik, baina finean gertatu zena da modak elementu hori barneratu egin zuela eta hilabete batzuen bueltan kolore guztietako zapiak zeudela denda guztietan. Eta pertsonaia publikoak ere hasi ziren zapi palestinarra erabiltzen. Hortik aurrera, kaletik zapi palestinar bat zeraman norbaitekin gurutzatzean ez zenuen jada identitatearekin lotzen; elkarren artean identifikatu eta erresistentzia talde bezala antolatzeko sinboloa galdu egin zen ondorioz».

Beste adibide bat 60ko hamarkadan New York bezalako hirietan sortutako raparen inguruko lehen mugimenduetan aurki dezakegu. Sistemaren kontrako kantak abesten zituzten eta baggy pants praka zabal eta eroriak eramaten zituzten, baita koloretako buruzapiak ere. Elementu horiek espetxetatik hartu zituzten; gerrikoak kentzen zizkietenez, prakak erori egiten zitzaizkien, eta buruzapiak zein bandatako kide ziren adierazteko erabiltzen zituzten. Auzo pobreetako neska-mutil gaiztoak ziren, baina, halako batean, euren artean borrokan aritu beharrean, elkartu egin ziren eta sistemaren kontra jo zuten, poliziaren bortizkeria salatzeko testu bateratuak kaleratuz. Baina sistemak sinbolo horiek bereganatu zituen eta mota guztietako jendea hasi zen praka zabalak eramaten, buruzapiak jartzen eta rapa abesten.

«Liburuak proposatzen du agian modak beloa barneratuko duela. Horrek ez du esan nahi emakume askok euren identitatearen parte bezala janzten jarraituko ez dutenik, baina agian modara jantzi nahi dutenen armairuan ere gordeko da, bere pisu sinbolikoa kenduz», aurreikusi du Argotek.

“Jantzideiak” PDF formatuan lor daiteke, baina paperean ez. Ikerketa Gasteizko Udalaren diru laguntza deialdi baten ondorioz abiatu zuten, baina epez kanpo aurkeztu zuten eskaria, eta azkenean ez dute laguntzarik jaso. «Alde onetik ikusita, liburua gurea da, eta, argitaletxeren batek interesa balu, prest egongo ginateke publikatzeko». Jende gazteari dago zuzenduta, «horiek baitira eskolan zapi palestinarrekin eta hijabarekin aritzen direnak. Horiek dira gaiari buruz pentsatu behar dutenak».

Benetako elkarbizitza

Liburuak, nolabait, xenofobiari aurre egin nahi dio; krisi humanitario baten erdian gero eta handiagoa den xenofobiari. Errefuxiatuen gaia ere azaleratu da aspaldian, eta horri buruz ere hitz egin dugu Argoterekin. Gurean uste duguna baino errefuxiatu gehiago daudela argitu digu. «Asiloa eskatzen duten pertsonak, aberrigabeak eta errefuxiatuak artatzen ditugu. Luzaroan asiloa emateko nazioarteko babesa oso eskasa izan da, eta horrek esan nahi du norbaitek ezin izan duenean frogatu jazarpena jasaten ari dela herrialdetik ateratzera gonbidatzen dutela», salatu du. Pertsona horiek kasu askotan ezin dira euren herrialdeetara itzuli, eta gurean gelditzen dira. «Galdetzen digutenean ea zenbat errefuxiatu dauden Euskal Herrian, asiloa eskatu duten pertsonei buruzko zifrak eman ditzakegu, baina gurean atzerritartasun erregimenarekin bizi diren errefuxiatu asko daude, bere garaian asilo eskakizuna egin zutenean ukatua izan zitzaielako».

Kasu gehienetan jazarpena frogatu egin behar da eta horrek trabak sortzen ditu krisian dagoen asilo eskubidea bermatzeko garaian. Kasu bakan batzuetan, ordea, jazarpena frogatzea ez da derrigorrezkoa, adibidez, homosexualitatea zigortuta dagoen herrialde bateko homosexual batek ez du zertan dokumenturik erakutsi behar, ezta gerra dela eta ihesean atera den norbaitek ere. Baina legez kanpokoa den sindikatu batekoa den norbaitek, aldiz, afiliazio txartela aurkeztu beharko du.

Errefuxiatuen krisia hasi zenetik askotan esan izan da errefuxiatuak ez direla iristen eta hori ez da zehatza. «Errefuxiatuak iristen ari dira, baina iristeko dituzten bide ofizialen funtzionamendu kaskarra dela eta, beste bide batzuk aukeratzera derrigortuta daude. Bizitza jokatzen dute», salatzen du adituak. Horregatik, ia egunero daude itsasoan aurkitu dituzten taldeen inguruko berriak.

Baina errefuxiatuez ari garenean ezin dugu Siria, Eritrea eta Iraki buruz besterik hitz egin. «Ahaztutako gatazka asko daude munduan, jazarpen ikusezin ugari daude lekualdatze behartuak eragiten dituztenak», nabarmentzen du Argotek. Hori dela eta, errefuxiatu guztiak maila berdinean kokatzen dituzte CEAR Euskadin, guztiei harrera berdina eskainiz. «Ezin ditugu lehen mailako eta bigarren mailako errefuxiatuak izan. Siriako gatazkak aurrekaririk gabeko lekualdatze krudelak eragin ditu, baina ezin ditugu ahaztu Erdialdeko Afrikatik, Hondurasetik, Ukrainiatik, Kamerunetik datozen pertsonak. Horiek dira orain harrera etxeak okupatzen dituztenak».

Harreraz hitz egitean, pertsona horiek gurera etortzeko bideak izan ditzaten saiatzen dira, baina laguntza ez da hor amaitu behar. Adituaren ustez, sentsibilizazio kanpainetan eta kulturen arteko bizikidetzan lan egin behar da. «Euskal Herria askotan azaldu da errefuxiatuen alde eta adierazi du harrera lurralde izan nahi duela. Baina euren hijabekin etortzen dira, euren ohiturekin, espazio publikoa erabiltzeko euren moduarekin, euren familia ereduekin… Hori da kulturartekotasuna. Euskal gizartea pixkanaka ari da horretara moldatzen».

Batzuek diote kanpotik datozenek «gure kulturara» moldatu behar dutela, baina, zer da gure kultura? «Azken 20 urtetan, 200 urtetan, 2.000 urtetan sortu dugun kultura? Egungo gizartea oso desberdina da lehengoarekin alderatuta. Egun hibrido kultural bat dugu. Gizartea ez da hemen denbora gehien daramagunona. Elkarbizitzen ikasi behar dugu. Pauso hori naturaltasunez emango da egoera egoki kudeatzen badugu», nabarmentzen du CEAR Euskadiko kideak.

Argoteren ustez elkarbizitza «azoka gastronomiko edo munduko dantzen azokak antolatzea baino askoz gehiago da». Adibide moduan Bizilagunak programa aipatzen du amaitzeko, zurrumurruen kontrako proiektu aparta delako: «Norbait urrutitik ikusten dugunean aurreiritziez eta estereotipoez fidatzen gara. Baina pertsonak aurrez aurre ezagutzen ditugunean, berdin du zein kulturakoak diren, konturatzen zara gauza gehiago direla batzen gaituztenak urruntzen gaituztenak baino».