2017/06/17

Erreportajea
CORBYN, FENOMENO BAT
«Askorentzat, ez gutxi batzuentzat» ildo, bakar-bakarrik denen aurkako borrokan

Iraganeko erlikia omen zen, Britainia Handia gobernatzeko rockero zahar ezgaitua, bere programa politikaren historian idatzitako suizidio ohar luzeena... Bada, Corbynek, hori guztia gezurtatu du. Egiazkotasuna ardatz, jendeak interes publikoaren defentsa zintzoa estimatzen duela erakutsi du eta bere markak irakaspen oparoak utzi ditu ezkerrarentzat.

Mikel Zubimendi Berastegi
Corbynhiru

Bere hileta-liburua idatzita omen zegoen. Hilotz politiko ibiltaria zela aski zabaldua eta onartua zen duela bospasei aste arte. Inoiz ez bezalako porrota iragartzen zuten “aditu” guztiek. Bere programa politikoa –“The Labour Manifesto”– politikaren historian idatzi den suizidio ohar luzeena omen zen. Dinosaurio politikoa omen zen, iragan mendeko 60ko eta 70eko hamarkadetako erlikia hutsa.

Aurreikuspenak aurreikuspen, Jeremy Corbynek (Chippenham, Ingalaterra, 1946), uste guztiak desafiatu berri ditu, politika munduan aurrekari gutxi dituen ustekabek berpizkunde batekin. II. Mundu Gerraren ondorenetik laborismoak izandako emaitza kaskarrenak bilduko zituela segurtzat jotzen zen. Theresa Mayk gehiengo osoa ziurtatzeko hauteskundeak aurreratu zituenean, Corbyn txikituko zuela uste zen, inoiz ez bezalako porrot laborista atarian zela. Aldez aurretiko emaitza ustez jakinekin hauteskunde kanpaina abiatu zenean, bien arteko gutxieneko distantzia 20 puntutakoa zela zabaldu zen mundu osora. Corbynek, baina, emaitza ikusgarriak lortu ditu, eta, zer zirkunstantziatan lortu dituen kontuan hartuta, fenomeno harrigarria, paregabekoa izan dela esan behar da. Zinezko berpizkunde pertsonal eta politikoa.

Corbynek ezin zuen irabazi, lehen ministro izateko ezin hautatuzkoa omen zen, ezgaia. Laboristen lidergotik kanporatu beharreko gizona; hala, alderdi barrutik bere kanpaina ez laguntzeaz gain, saboteatu egin behar zen. Bakar-bakarrik aritu da denen kontra. Alderdi laboristako aparatu eta parlamentari gehienen aurka, bizpahiru salbuespen kenduta etengabe burla egin baitiote, politikoki akabatu nahi izan dute. Segurtasunerako arrisku gisa irudikatu du prentsak, Corbynen garaipenak ekonomiaren kolapso ziurra ekarriko zuela iradoki dute elite korporatiboek, munduko finantza gune garrantzitsuenetakoa den City ahalguztiduna aurka izan du une oro...

Bada, emaitzak ezagunak dira dagoeneko: 2,4 puntuko distantziarekin irabazi du galtzailetzat jo dute , eta jo behar den, Theresa May kontserbadoreak. Mayrentzat kalamitate hutsa izan da, umiliazio pertsonala. Corbynek, botoen %41 lortuta, 1945tik laboristek izandako parlamentari igoera handiena eskuratuta, markak hautsi ditu. Bere kontra hain gogor aritu diren Ed Miliband, Gordon Brown eta Neil Kinnock buruzagi laboristek sekula lortu gabeko emaitza lortu du. Laboristen historian, Tony Blairrek soilik gainditu du Corbynen marka, 1997an botoen %43 lortuta.

Ezkerrarentzat irakaspenak

Corbynen kanpainan, mezuan eta erabilitako tonu eta jarreran aztertu beharreko gako asko daude. Han eta hemen, mundu osoko ezkerrak bere egin ditzakeen irakaspen ugari utzi ditu. Lerrootan denak ezin direnez jaso, azpimarragarrienak bildu ditugu, orokorrean ezkerrak duen eztabaidarako, kutsu existentzialeko ahalegin horretarako, pista baliagarriak eskain ditzaketelakoan. Corbynen kanpainak esperantzak eta ametsak eskaini dizkio jendeari, ez du beldurra eta aurreikuspen ilunak herriratzea lehenetsi. Herritarren haserre bera sentitzen duela ulertarazi eta hura gainditzeko bide eraikitzaile bat eskaini du. Positiboa eta inspiratzailea den aukera.

Corbynen itzulera indartsuaren beste lezio inportanteenetako bat egia, hainbeste alditan politikaren lehen biktima bezala aurkeztu dena, arma oso eraginkorra izan daitekeela da. Egia esanez, egiazkotasuna haragituz, aurrerabidea badagoela politikan. Komunikabide boteretsuek landu nahi ez duten egia inportante horiei egiazko lider batek ez diela beldurrik izan behar, ez diela izkin egin behar erakutsi du.

Kanpainan Manchesterren eta Londresen izandako atentatu jihadisten ondoren, egia esanez erantzun du Corbynek: ekintza horien arrazoiaren parte bat Britainia Handiko kanpo politika gerrazalean datza, bereziki Libian izandako jokaeran. Merkatuaren erlijio erradikala gizarte solidario baten utopiarekin borrokatu du. Jendearen hizkuntza hitz eginez, bere azalean eroso sentituz, egiten ari zenarekin dibertituz. Mayk, aldiz, ohiko politikari askok egiten duten bezala, ez zirudien batere egiati, ez zuen jendearekin kontaktua bilatu; berarentzat orkestratutako kanpaina bateko robot baten itxura eman du. Are, Corbynekin eztabaidatzeari uko egitean, ezkutatzeko zerbait, edo asko, zuela jakitera eman du.

AEBetako Bernie Sandersen kanpainan aritu zirenen laguntza izan du Corbynek. Bi kanpainen arteko elkarkidetza, bitarteko eta esperientzia trukaketa egon da. Eta Sandersen aurka egin bezala Corbynen kontrako etsai-giroa sustatu dutenen aurrean, bereziki ia inon ez bezalako irakurle kopurua duten egunkarien erasoaren aurrean, jendearekiko aurrez aurreko kontaktuan, sare sozialetan eta telebistako agerpenetan oinarritu du kanpaina buruzagi laboristak. Ongi baitzekien Corbynek, Blairrek, ezkutuan, alderdi laboristaren arima korporazio handiei, lobby indartsuei, City ahalguztidunari saldu ziela. Deabruarekin egindako itun horrek bermatu zion Blairri komunikabide gehienen babesa, tartean Rupert Murdochen inperioko egunkari eta telebistena. Bada, komunikabide korporatibo erraldoi horiek saihestuz, sare sozialen erabilera inteligente batekin erantzun du Corbynek. Sandersek bezala animaleko gazte pila mobilizatu ditu, egiazkoa, freskoa eta esperantzagarria den zerbait ikusi duten ehunka mila gazte.

Defentsa zintzoa eta kuraia

Corbynek kanpainan erabilitako ideiak (“for the many, not the few”, hots, “askorentzat, ez gutxi batzuentzat”) eta herriratutako eskaintza programatikoak (“The Labour Manifesto”) jasotako babes zabalak demostratu du jendeak estimatzen duela ondasun publikoen defentsa zintzoa. Politikaren historian izan den suizidio ohar luzeena bezala hartu zuten, zaharkitutako erlikia gisa. Baina elkarrizketa publikoaren oinarrian egotea lortu du. Eztabaida ez da izan “Brexit Gogorra vs Brexit Leuna”, hots, Europar Batasunetik irteera bilatzeko modua eta negoziazio eskema. Harrigarriki, oinarrizko zerbitzu publikoen, besteak beste trenbide sarea eta ur horniketa zerbitzua, nazionalizazioaz hitz egin da, irakaskuntzaz, etxebizitzaz, osasungintzaz, korporazioen eta aberatsen irabaziak jende pobrearen irabaziekin orekatzeko neurriez....

Osasungintza publikoaren zabalkunde erradikala defendatu du Corbynek, haurren zaintza publikoa, langileen boterea indartzeko lan harremanen gaineko legedi berria, erretiro adinaren luzapenari topeak jartzea, korporazioei eta diru-sarrera handiak dituztenei zerga gehiago jartzea, finantza transakzioen gaineko zerga zorrotzak ezartzea gastu sozialak finantzatu ahal izateko. Hori guzti hori, politikoki asmatzea ez ezik, kuraiaz beteriko apustu irmoa ere izan da. Alderdi laboristaren memoria historikoaren eta tradizioaren alde inolako konplexurik gabe egitea, oinarri sozialen eta boto-emaile askoren bihotzetan errotutako justizia ekonomiko eta sozialaren alde irmoki egitea.

«Monsieur Zen»

Antipolitikariaren pertsonifikazioa omen zenak bere jeinua botilatik atera du. Nolakoa du, baina? Bere burua “Monsieur Zen” legez definitu izan du Corbynek. Beti dio politikako gertakarien aurrean erlaxatuta egon beharra dagoela. Estresatzeak eta estutzeak ez dakarrela ezer onik. Azken 50 urteetan begetarianoa da, gaztetan txerritegi batean lanean aritu ondoren txerriei zor dien errespetuagatik. Baratzea maite du, elikadura burujabetza lehen pertsonan jorratzea. Eta bere baratzeko perla olibondoa du, bakearen ikur unibertsala.

Sinesgaitza dirudi hainbeste azpijoko eta kolpe jasan dituenak holako patxada proiektatzea. Izan ere, duela bi urte eskas, alderdi laboristaren buru izateko lehian sartzean, sozialista nostalgiko eta erotzat jotzen zuten. Londreseko apustu etxeek ez zuten txakur handirik ematen bere alde. Lepotik aberastuko ziren Corbynen alde apustu egin zutenak, bai horixe!

Zortea ere izan du bidean. Bere hautagaitza bultzatu zuten laboristen primarioak ordura arte erabili gabeko arauekin egin ziren. Ordura arte, sindikatuek eta parlamentari laboristek kontrolatzen zuten prozesu osoa. Arau berriekin, hautagaiek 35 parlamentariren (%15) babesarekin aski zuten parte hartzeko. 36ren babesa lortu zuen Corbynek, justu-justu behar zirenak baino bat gehiago. Eta berehala bazter guztietan mitinak emateari ekin zion, bere egiak eta egiazkotasuna eskainiz. Beste hiru hautagaienak (hirurak Milibanden taldekoak, Blairren sokakoak) baino jendetsuagoak ziren. Lau hilabetetan, primarioetan botoa emateko izena emandakoak 200.000 lagun izatetik 550.000 izatera pasatzea lortu zuen. Hala, %59,5eko babesarekin irabazi zituen primarioak, inoizko emaitza onena. Barne mailako estatu kolpeak, parlamentarien matxinadak, prentsaren erasoak... heldu ziren berehala. Konplot denek, baina, porrot egin dute babes herritarraren aurrean. Blairren gertuko kontseilari eta “laborismo berriaren” arkitektotzat jotako Lord Mandelsonek horrela deskribatu du egoera: «Egoera bitxian gaude, herrialdea zuzentzeko ezin hautatuzkoa da, baina alderdiaren baitan menderaezina».

Ordezkatzen den jendea ulertu

Bere gurasoak zientifikoak ziren, 1936an Espainiako Errepublikaren alde Londresen egin zen elkarretaratze batean elkar ezagututakoak. Sozialismoaren aurrerabide arrazionalean sinesten zuen bikote ezkertiar baten semea da. Bere beste hiru anaiek zientziaren bidetik jo zuten, baina Jeremy 16 urte zituenetik mugimendu sozial guztietan aritu da: apartheid-aren, gerraren edo austeritatearen kontra, bakearen eta giza eskubideen alde… Irlandako Sinn Feinen alde egin du, Hegoafrikako ANC, kurduak, Palestina, Namibia, Kongo, Txile, Kuba, Nikaragua, Venezuelako Hugo Chavez komandantea babestu ditu. Afganistan eta Irakeko gerren aurkako “Stop The War” koalizioaren buru izandakoa da.

Corbyn ez da oratoriarako abilidade aparta duen politikaria. Ez da estratega handia. Lasai egoten eta herritarrei euren hizkuntzan hitz egiten daki, eta ez du etsitzen. Koaderno beltza beti altzoan eramaten du, atez ate hitz egin duen jendearen izena eta egindako eskaerak apuntatzeko. Astero-astero Londresetik atera eta herrietan kanpaina egitea maite du, kaleko jendea entzutea, haien protestak, ekintzak eta kezkak parlamentura eramatea. Berarentzat argi dago lidergoa zer den: ordezkatzen den jendea ulertzea.

Merkatuaren erlijio erradikala gizarte solidario baten utopiarekin borrokatu du Corbynek. Jendearen hizkuntza hitz eginez, bere azalean eroso sentituz, egiten ari zenarekin dibertituz

Demostratu du hainbestetan politikaren lehen biktima bezala aurkeztu izan den egia arma oso eraginkorra izan daitekeela. Egia esanez, egiazkotasunez, aurrerabidea badagoela

Demostratu du jendeak maite duela ondasun publikoen defentsa zintzoa. Laborismoaren memoria kondentsatu du boto-emaileen gogoan den justizia sozialaren alde egitean

«Monsieur Zen» gisa definitzen du bere burua. Beti dio politikako gertakarien aurrean erlaxatuta egon beharra dagoela. Estresatzeak eta estutzeak ez dakarrela ezer onik