Iñaki Altuna

Autokritika, besteei eskatzen zaien ariketa hori

Eztabaida politikoan, ideologikoan eta historikoan arazo larrienetako bat abiapuntu okerra jartzea izan ohi da. Hau da, errealitatearen deskribapena bera erratua izatea. Abiapuntua desitxuratua badago, nekez egin ahal izango da taxuzko eztabaidarik, eta are zailagoa izango da behar bezalako ondorioetara iristea. Zenbaitetan normala ere bada, uneko estutasunak gauzak behar bezala ikustea galarazten baitu. Beste batzuetan, ordea, norberaren nagusitasuna mantentzearren edo norberak dituen gabeziak estaltzearren egin ohi da iruzurra, hau da, errealitatea aldatzea nahi bezalako ondorioak ateratzeko.

Orain dela aste gutxi Iñigo Urkullu lehendakaria Kolonbian egon zen, eta bertan ETAri FARCek egindakoa egiteko esan zion, alegia, eragindako kaltea aitortzeko eta bere jarduera bidegabetzat jotzeko. Horixe da Urkulluren mantra. Baina, egia al da FARCek borroka armatua erabili izanaz damua agertu duenik? Ez, ezta gutxiagorik ere. Mina eragin izana aitortu du, konponbidea lehenago saiatu behar zuela pentsatuko zuen seguru asko eta egindako gehiegikeriengatik bere burua kritikatu du. Aitortu du. Baina ez du borroka armatua abiarazi eta garatu izateagatik bere burua kritikatu.

Beste modu batez esanda, Urkullu berarentzat, egiazki, FARCek egindakoa ez litzateke nahikoa izango ETAren kasuan. ETAk nahi gabe egindako kalteagatik barkamena eskatu du (hala egin zuen Parisen izandako epaiketa batean) eta egindako kaltea onartu du, baina hori ez da Urkullurentzat nahikoa. FARC taldeari aitortutakoa ez lioke ETAri aitortuko. Hau da, bere posizioa justifikatu ahal izateko, ETA bera FARC baino «gaiztoagoa» izatea behar du lehendakariak. Xelebrea ere bada kontua, FARCek konponbidean hartutako bideak ETAk abiatutakoren arrastoari segitu baitzion, bere garaian GARAk argitaratuko gutun batek azaldu zuenez. Euskal Herriko gatazkan ari ziren nazioarteko bitartekariak Kolonbiara joan baitziren segidan prozesu hura martxan jartzeko. Eskema bertsuetan mugitu ziren. Aldea, gobernuen jarreran egon da.

Rajoy ez da, beraz, Kolonbian eta Euskal Herrian jarrera ezberdina mantentzen duen bakarra. Urkulluk ere beste horrenbeste egin du. Rajoyk prozesu bat abiatzeko urrats txikienari ere uko egin dio hemen, eta han babesa eskaini du. Urkulluk han gerrillak egindakoa goraipatu du eta hemen Estatuaren itxikeriari aitzakia ematen dio, euskal “gerrillariek” ez dutela nahikoa egin argudiatuta. Hori dena Kolonbian negoziazio prozesu bat izan dela esan gabe. Gobernua eta FARC aurrez aurre eseri ziren. Hemen, Josu Urrutikoetxeari kartzela zigorra jarri berri diote Oslon elkarrizketarako Madril eta Parisko ordezkarien zain egondako garai horregatik. Horregatik zehazki kondenatu berri du Parisko epaitegiak.

Aste honetan berriro heldu dio Urkulluk argudio-bide berberari. Errealitatea aldatu eta, gainera, erantzukizuna soilik ezker abertzalearen bizkar gainera bota, horixe izan da berriro jokabidea. Horrelakoek argi azaltzen dute lehendakariaren barru-barruko nahia: ezker abertzalearen porrot politiko-historikoa irudikatzea.

Kolonbiakoaren segidan, presoen egoeraren bueltan Urkulluk aldarte bera azaldu du. Alde batetik, ahantzi du EPPK-k gatazkan izandako minari buruz 2013an egindako onarpena, eta, beste batetik, maila batean, giza eskubideak errespetatzea baldintza politiko jakin batzuk betetzearekin lotu du. Zer gehiago behar du Rajoyk bere immobilismoari eusteko?

Nolanahi ere, Urkulluk berriro erakutsi du nola ulertzen den herri honetan autokritika. Besteari eskatzen zaion ariketa baino ez da autokritika. Bestela, presoen gaiaz aritzerakoan, Eusko Jaurlaritzak eta EAJk besterik esateko izan beharko lukete, sakabanaketa politikan parte hartu baitzuten zuzen-zuzen, erantzukizun osoz. Ez ziren aholkulari xume batzuk izan, bai kartzela politikarekin bai, oro har, Estatuaren orduko estrategia errepresiboarekin konprometitu ziren. Beste modu batean esanda, Rafael Vera lagun minarekin konprometitu ziren. •