Roberto Ruiz de Arcaute Rivero

Ekoizpen ekologikoa: osasuna, gertutasuna, kontzientzia, zaporea

Euskal Herriko Unibertsitateak zientziak eta berrikuntzak nekazaritza ekologikoan duten eragina aztertu asmoz Udako Ikastaro bat programatu du ekainaren 26rako eta 27rako. Helburua da ekoizpen eredu ekologikora pasatzeko nekazariek izaten dituzten zalantzak argitu eta gure ereduak eskaintzen dituen alternatibak azaltzea.

Gaur egun, ekoizpen ekologikoarekin lotutako albisteak bata bestearen atzetik argitaratzen dira, abiadura bizian. Horren arrazoietako bat izan liteke medioek interesa sortzen duen gai bat topatu izana. Eragina du ere, noski, herritarrek osasunari, ingurumenari eta elikadurari ematen dioten gero eta garrantzi handiagoa. Izan ere, elikagaiak ekoizteko eredu ekologikoak denontzat onurak dakartza. Ekuazioa aski sinplea da: substantzia kimikorik gabeko laborantza = ingurumen garbia + elikagai osasuntsuak.

Harreman hori gero eta jende gehiagok ulertzen du eta, ondorioz, herritarren eta ekoizleen arteko konpromisoak areagotzen doaz, egunerokotasunean etxeetako mahaietan elikagai ekologikoen presentzia areagotzen doan bezala. Mundu mailan, espainiar Estatua 10. postuan dago kontsumoari dagokionez. Eta hori horrela da azken urteetan gertatutakoak gertatu eta gero (krisia, familien ahalmen ekonomikoaren txikitzea, elikagai ekologikoak topatzeko zailtasunak, zenbait produktuk duten prezioa...).

Elikaduraren alorrean herritarron kontzientzia garatzen ari den seinale da, ere, janaria erosterakoan, gero eta galdera gehiago egiten dizkiogula gure buruari. Ez da aski elikagai bat ekologikoa dela jakitea, kontsumitzaileak jakin nahi du zenbat kilometro egin dituen elikagai horrek saltokira iritsi arte, eta aukeran, nahiago du –arrazoi guztiarekin nahi ere- bere janariak bidaia laburra egin izana. Gure inguruan denetik ekoiztea ezinezkoa dela jakinda, gero eta pertsona gehiagok itauntzen dio bere buruari munduaren beste partetik datorren elikagai bat erostearen beharrizanaz. Izan ere, elikagaiez ari garelarik, ekologia ez da soilik ekoizpen eredu bat bermatzen duen zigilua izatea, ekoizpen gunetik saltokiraino sortzen diren ingurumen inpaktuak ere kontuan izan beharko lirateke ekuazioan (garraioa, batik bat. Baliteke erosi nahi dugun fruta horrek milaka kilometro bidaiatu izana… Aldi berean, baliteke ere gure eremu hurbilean bertoko ekoizle baten sasoiko fruta ekologikoa eskuratzeko aukera egotea. Kostu energetikoei dagokionez, aldea nabarmena da. Ez hori bakarrik: tokiko fruta ekologikoa aukeratuta, bertoko baserritar bati laguntzen diogu. Hori guztia ere ekologia da!

Pausuz pausu, esan bezala, kontzientzia ekologikoa handituz doa: janari osasuntsua kontsumitzearekin ez da nahikoa, beste konpromiso batzuk ere badaude, edozein erantzun onartzen ez duten galderak sortzen dira. Ekoizpen ekologikotik haratago goaz, agroekologiarantz: tratamendu toxikorik gabeko ekoizpena; abereen ongizatea; bioaniztasuna; ekoizleak salmenta puntutik gertu egotea; kontsumitzaileekin hurbileko harremana; ekoizleen lan baldintza duinak; bidezko salneurriak ekoizle zein eroslearentzat… Gardentasuna bere zentzurik zabalenean.

Jendartean kontzientzia bere kabuz zabaltzen ari den honetan, ekoizpena bultzatzea da premiazkoena. Horretarako modurik onena da ezagutza lau haizetara zabaltzea. Nekazari eta abeltzainek beraien laboreak kudeatzeko moduari buruzko jakin-mina dute: lurraren maneiua eta ongarritzea nola egin; belarren kontrola nola bermatu; bioaniztasuna indartuz izurri eta gaixotasunen kudeaketan nola lagundu; kalitatezko produktuak nola lortu; errentagarritasuna bermatu. Eta ez baratze txikietan soilik, baita labore estentsiboetan ere, azalera zabaletan ezarri daitekeen eredua baita ekologikoa. Jakintza hori guztia ekoizleen eta teknikari zein ikertzaileen arteko elkarlanetik sortzen da.

Azken helburu hori lortu asmoz, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroa planteatu da, ekainaren 26an eta 27an Agurainen egingo dena. Ikastaro honek zientziak eta berrikuntzak ekoizpen ekologikoan duten papera aztertuko du. Hizlari bezala parte hartzen duten ikertzaile eta profesionalek lau alor ezberdinei buruzko ezagutza berritzaileak azalduko dituzte: lurraren kudeaketa (nitrogenoaren finkotze biologikoa, gai organikoen erabilera eta lurraren osasuna); izurri eta gaixotasunen kudeaketa; abeltzaintza (larratze-molde berriak, fitoterapia eta etxaldeen kudeaketa egunerokotasunean); eta hobekuntza genetikoa eta haziak (araudiak, tokiko barietateak eta interes ekologikoaren araberako hobekuntza teknikak). Izena emateko epea oraindik irekita dago.