Miren Azkarate

Bi herri, bihotz bakarra

Banuen, edo hobeto esanda, badut kamiseta bat “Bi herri, bihotz bakarra” leloa duena idatzita bi banderen goialde eta behealdean. Nerabe nintzela sarri erabiltzen nuen, lepoa eta behealdea moztua garaiak eskatzen zuen bezala. Gaur egun, amatxoren etxeko armairu batean dut gordeta, nahiz eta ez erabili, ezin izan dudalako inoiz bota. Banderetako bat, txuri, gorri eta orlegia, ikurrina. Bestea, aldiz, txuri, gorri eta urdina, kubatarra.

Aurreko astean, Euskal Herriko txoko ezberdinetan, bi herrien arteko elkartasun ekimenak burutu dira, horien artean Pasai Donibanen. Janari, edari eta dantza tailerrak, hitzaldiak, kontzertuak, mahai inguruak, eta abar antolatu ziren. Horietako bateko protagonistak Kuban dauden euskal iheslari eta deportatu politikoen seme-alabak izan ginen. Bertan, gutako bakoitzarentzat egoera honek zer suposatu duen (eta suposatzen duen oraindik ere), gure bizipenak, malkoak eta barreak, anekdotak azaldu genituen.

Ez pentsa, gure bigarren aldia zen denak, edo behintzat seme-alabetako batzuk elkartzen ginena. Lehen aldian Fidel Castrori esker egin genuen. Hura hil zenean Donostian egin zitzaion omenaldi batek batu gintuen eta “Cubatarrak” izeneko Whatsapp talde bati esker harremanetan jarraitzen dugu. Gure gurasoak Euskal Herriaren aldeko borrokak eta maitasunak batu zituen Iparraldean, bertan iheslari zirela. Bertako babesa galdu zutenean, Kubarena jaso zuten eta horrela herri hartako borrokak eta maitasunak batu zituen berriro, gaurdaino, 30 urtez.

Guri, haien seme-alabei, bi herrien aldeko maitasuna eta borrokaren konpromisoa helarazi dizkigute jaio ginetik, eta, horregatik, eraman izan dut beti harrotasun handiz kamiseta hura eta aldarria leku guztietara. Gaurkoan, nire anaiak aste horren barruan burutu zen ekitaldi politikoan bota zuen bertsoarekin amaituko dut: «Pinar del Rioko ixkinatik/ Guantanamoko puntara/ mila eta ehun kilometrotan/ iraultza baten islada/ Euskal Herri aske batentzako/ eredu dugun irla da/ ideia eta armaz defendatuta/ orain ideia arma da/ Iratiko basoetan hasi/ eta Sierra Maestrara/ non hago Urepeleko artzain/ hasta siempre Che Guevara/ Txomin Iturberen bigotetik/ Fidelen bizarretara/ iraultza txiki nahiz handietan/ elkarrekin joango gara». •