Amagoia Mujika

KOOPERATIBA SOZIALA, JENDEAREKIN ETA JENDEARENTZAT

Uba harrera zentroak badu berezitasun bat: Zabalduz Kooperatiba Elkarteak kudeatzen duen zerbitzua da. Zabalduz kooperatiba gaztea da, 2012. urtean sortua. Baina atzetik soka luzea dauka, Bizkaian kooperatiba modura 25 urte lanean daramatzan Agintzariren bultzada baitauka. «Agintzarik 40 urte daramatza kolektibo bezala Bizkaian lanean –25 kooperatiba modura– eta enpresa sozial bat da. Orokorrean arlo sozialean aritzen da eta bereziki adin txikikoen babes neurrietan. Azken urteotan konturatzen ari ginen kapital enpresa asko arlo sozialean sartzen saiatzen ari zirela –bereziki Gipuzkoan–. Kapital enpresetan kapitala da garrantzitsua, etekinak ateratzea. Enpresa sozialak, berriz, jendarteari lotuta gaude, lan egiten dugun jendartearekin konektatuta gaude eta ez dugu irabazi asmorik. Etekinak berriz inbertitzen ditugu jendarte horretan, zerbitzuak etengabe hobetuz eta lan egiten dugun jendearen beharrak oso kontuan izanik», hasi du azalpena Josu Gagok. Agintzari Gipuzkoako zuzendaria da eta baita Zabalduzeko kanpo zuzendaria ere. Izan ere, gaur-gaurkoz Zabalduz Kooperatiba Elkartea mistoa da: norbanakoek osatzen dute eta Agintzari kooperatibak ere bere partea dauka. Izan ere, Zabalduz sortzeko metxa Agintzarik piztu zuen.

«2011. urtearen bueltan Bizkaitik Gipuzkoara egin genuen salto, gure proiektua indartu nahian. Helburua gure filosofia eta lan egiteko modua zabaltzea da, etorkizunean sare bat josi ahal izateko. Bide horretan, 2012. urtean Uba zentroaren kargu egin ginen. Bertan topatu genuen bere lanarekin oso konprometitua dagoen lantaldea eta proposamen bat egin genien: zatozte gure proiektura eta osa dezagun arlo sozialean arituko den kooperatiba bat. Izan ere, gu ez gentozen zerbitzu baten kudeaketa eskuratzera, eredu bat partekatzera baizik», agertu du egindako bidea Gagok. Eta bide horretan sortu zen Zabalduz 2012. urtean. Oraingoz, Uba da eskaintzen duen zerbitzu nagusia, baina dagoeneko hasi da beste zerbitzu batzuk kudeatzen eta asmoa da etorkizunari begira sarea josten segitzea. «Oraingoz Agintzari Zabalduz kooperatibaren parte da, baina etorkizunean ez dakigu zer gertatuko den. Gure helburua da arlo sozialean lan egingo duten kolektiboen sare bat osatzea, gure filosofiarekin bat egingo duen sare bat. Eta sare horren muina Agintzari eta Zabalduz izango dira».

Autogestioa, gardentasuna, jendartearekin konpromisoa, benetako berdintasuna, kalitate teknikoa eta berrikuntza. Oinarri horien gainean lan egiten dute hirugarren sektorean diharduten enpresa sozialek. «Kapital enpresetan dabiltzan langileek lanerako oinarri berberak dituzte eta benetako profesionalak dira. Desberdintasuna da kupula, goi karguak, langileekiko urrunago daudela eta segur aski eguneroko beharrak ez dituztela hain presente. Kooperatiba batean, berriz, horizontaltasuna da nagusi eta langileak eta kupula lerro berdinean gaude». Lerro berdinean eta helburu nagusi garbiarekin: beharrak eta zailtasunak bizi dituzten pertsonek baliabide eta tresna onenak izan ditzatela eskura.

Gagoren hitzetan, helmuga ez da hainbeste egun martxan dagoen babes sistema aldatzea, «oinarri oso sendoak» dituelako, baizik eta martxan dagoen sistemaren baitan hobekuntzak eta aldaketak etengabe proposatzea. «Haur bat babesik gabeko egoeran dagoenean, zenbait neurri har daitezke; harrera familia, egoitza batean harrera, adopzioa edota familiarekin esku hartze bat egitea egoera bideratzeko. Badira, baina, bestelako aukerak eta horiek ikertzen ari gara etengabe, Euskal Herritik kanpoko ereduak ezagutzen. Adin txikikoen babeserako sistema etengabe hobetzeko ardura sentitzen dugu. Egoera zailak bizi dituzten haur horien alde egin nahi dugu eta, gainera, modu etiko eta arduratsuan egin nahi dugu».

Gaizka Larrañaga Zabalduz Kooperatiba Elkarteko langilea da, bertako kontseilu errektoreko kidea eta lehendakari ordea. Uban egiten du lan hezitzaile modura eta bi garaiak ezagutu ditu, kooperatiba izan aurrekoa eta ondorengoa. «Aldaketa handiena egituran izan da, bertikaltasunetik horizontaltasunera pasatu gara. Eta horizontaltasun horrek gertutasuna dakar; talde lana, parte hartzea, guztion artean eraikitzea, elkarren arteko zaintza... lantaldea oso sendo sentitzen da eta ideia asko ditu eguneroko jarduna hobetzeko. Talde bateko kide sentitzen zarenean, sentsazioak askoz hobeak izaten dira. Proiektuaren parte sentitzeak profesional bezala bete egiten zaitu, ase, eta horrek ilusioa sortzen du». Eta hezitzaileen eguneroko lana ikusita, ezinbestekoak dira ilusioa eta gogoa, egoera kaskarrean eta babesik gabe dauden adin txikikoekin lan egitea ez delako samurra.

«Hezitzaileak buruz sendo egotea eta indarrez sentitzea ezinbestekoa da egunerokoan. Haurrak puskatuta iristen dira zentrora. Gehienetan beren egonezinak, beldurrak, zalantzak, urduritasuna... hezitzaileak jasotzen ditu eta horiek kudeatzen lagundu behar dio. Gainera, gatazka egoera bortitz hori bizi duen familiarekin ere lan egiten dugu. Gure eguneroko lana da eta askotan ez gara kontziente karga horrekin, baina hor dago. Alderdi horretatik ezinbestekoa da talde lana. Egun batean hezitzaile bat baxu samar sentitzen bada, taldeak laguntzen dio altxatzen. Lan gogorra da eta taldeak asko laguntzen du», iritzi dio Larrañagak.

Uba harrera zentroan oso garbi ikusten omen da errealitate latz bat: adin oso goiztiarretan ematen den babes falta batek pertsona horren bizitza osoa baldintza dezake. «3 urte zituela muxuka jaten zintuen haur zoragarri hura 17 urte dituela berriz topatzen duzunean, jendarteak baztertzen duen horretan guztian bihurtuta, eta bizitzaz ezer espero ez duela, lur jota geratzen zara. Gazte batzuk beren bizitzan akaso inoiz zoriontsu ez direla izango konturatzen zarenean, sekulako kolpea hartzen duzu. Min asko egiten dit konturatzeak jaio zaren tokiak eta tratatu zaituzten moduak zure bizitza guztia baldintza dezakeela», aitortu du hezitzaileak.

Gagok gaineratu duenez, «atxikimendua» oinarrizkoa da. «Haur horiei toki seguru bat eskaintzen diegu, konfiantza ematen dieten helduekin eta, era berean, arauak eta mugak zer diren erakusten saiatzen gara. Maitasuna eta babesa garrantzitsuak dira, baina baita arauak eta mugak ere. Hemendik pasatzen direnean, badakigu zerbait ikasten dutela. Gero beste zentro batzuetara bideratzen dituzte eta zentro horietan balio berdinak lantzen dituzte. Hori oso garrantzitsua da. Zorionez, adin txikikoen babeserako sistemak oinarri sendoak ditu eta profesional bikainak ari dira bertan lanean». Atxikimendua garrantzitsua da bai haur autoktonoen kasuan eta baita bakarrik iristen diren gazte migratzaileen kasuan ere. «Familiaren babesik gabe etortzen dira ezagutzen ez duten gizarte batera, erabat arrotza zaien kultura batera. Daukaten erreferentzia bakarra, Mendebaldeko sistemara sartzeko daukaten ate nagusia, hezitzaileak izaten dira askotan. Horregatik da oso garrantzitsua atxikimendua lantzea», gaineratu du Gagok.

Eta atxikimendu hori era egokian eskaintzeko hezitzaileak berak sendo, seguru eta gogotsu egon behar du. «Gure enpresaren jabeak gara, gure proiektuaren gidariak eta horrek sekulako indarra ematen digu eguneroko lanean eta etorkizuna irudikatzerakoan. Kooperatiba sozialaren ereduan sinisten dugu eta hori igarri egiten da gure eguneroko jardunean», nabarmendu du Larrañagak.