Antton Izagirre

Kukuak jotzen duenean

Aurten ere, martxo-apirilean, kukua lehen aldiz entzun dugunean, txanpon batzuen bila patrikak tentatu ditugu eta hasperen egin dugu.

Kukuak jotzen duenean, aldean dirua baldin badugu, ez omen dugu urte osoan diru beharrik izango. Urte garai horretan, gure aitak, basoko lanetik bueltan, «gaur kukuak jo du» esango zigun eta patrikan zituen txanponak harrotasunez erakutsiz, «aurten ez zait txanponik faltako» botako zuen. Basoan ez zuen diru beharrik, baina «kukuak jotzen duenerako» gainean eramango zituen txanpon batzuk, bederen.

Geroztik, haien irakaspenari jarraituz, kukuak jotzen duenean, adi-adi jarri, pausoa gelditu eta behin eta birritan kukuaren kantua entzungo dugu. «Aurten ez dugu dirurik faltako», aitortuko dugu erdi brometan. Sinetsi ala ez, hala botako dugu.

Gure aurrekoengandik datorkigun legatuaz pentsatzen jarrita, haien anbizioen xumetasunean aurki dezakegu parabolaren zentzua. Bizitzeko premiazkoa zuten horretan gabeziarik ez izatea zen “ku-ku, ku-ku” hark iragar zezakeena; ez inolaz ere, betirako aberastasunik. Ondo ikasia zuten, lan nekezaren ondorio zela bizimodua aurrera ateratzeko aukera bakarra.

Gaur egun, ordea, aberaste azkarraren kultura gailentzen ari zaigun honetan, beste kuku batek hartu digu gaina. Belaunaldi berrien belarrietan “ku-ku” hotsak bestelakoak izaten ari dira. Cristiano Ronaldo, Messi eta antzeko ereduak dituzte begiz joak. Ez du axola horiek zer abilezia erabili duten aberasteko.

Badakigu trikimailuak erabili dituztela, legeari muzin eginez, kirolari, aktore eta pertsona ezagunek paradisu fiskaletan dirua gorde dutela, badakigu hango eta hemengo politikariek beren aberastasunerako boterea erabili dutela, badakigu bankuek guztion dirutik milioiak jaso dituztela; jakin badakigu... baina haien gehiegikeriak salatu baino, maizago eta errazago hartu izan ditugu begitan, bizitza premiak bultzatuta gure lurretara helduko diren etorkin txiroak.

Gauzak bere onera ekartze aldera premiazkoa dugu geure eremu sozialetan, eskola, aisialdi eta lagunarteetan arbasoen “kukuaren kultura” aldarrikatzea.

Berriz ere, kukuak jotzen duenean... •