Nerea Ibarzabal Salegi

Lumaren pisua

Heteropatriarkatuak “emakumeak jipoitzea gaizki dago” esaten ikasi duen moduan, beste hainbat baldintza onartu behar izan ditu bere biziraupena ziurtatzeko, tartean “homofobia txarra da” edo “lesbianak eta gayak errespetatu behar dira” bezalako premisak. Baina sistema honek galdutako lursail bakoitzeko berreskuratzen du beste bat, eta gogorarazten dizu zeintzuk diren zure askatasunaren baldintzak, benetan inporta dutenak, azken finean.

“Lumafobia” kontzeptuaren berri izan dut duela gutxi, Yogurinha Borovaren kantu baten bitartez. Hitza ezagutu ez arren, erraz identifika dezakegu zer den ondorengo esaldietan: “Homosexuala zara? Ba ez zaizu nabaritzen”, “Gaya izatea ondo dago, baina marikoia…”, “Begira maritxu, lokaza, pasiba… hori”, “Beharrezkoak dira keinu horiek?”… Barruko LGTBIfobia aitorrezinaren pista bat baino ez da lumafobia, edo teknikoago esanda, gayen jarrera femeninoak nahiz lesbianen maskulinoak ez onartzea. Hau da, gay izan zaitezkeela, baina ez “gayegi”; izan zaitez behar bezalako gizon/emakume bat –ez bien bitarteko ezer–, aurkitu bikote egonkor bat, izan serioa, utzi zure sexualitatea intimitaterako, ez purpurina, ez karroza, ez lakarik. Tolerantzia eta eskubideak eskaini zaizkizu, beraz, ez egin trabarik heteronorman.

Eta gaitz erdi lumafobia heterosexualetara mugatuko balitz soilik; tamalez, LGTBI kolektiboaren barruan ere hedatua da jarrera hau. Jendea ezagutzeko aplikazioetan, esaterako, ohikoa da honelako esaldiak irakurtzea hainbat profiletan: “Mutil maskulinoak bakarrik, ‘marikonarik’ ez”; gustu kontu xume batetik harago doala esan daiteke. Cal Strodek Erresuma Batuan eta Kalifornian egindako ikerketa baten arabera, euren burua “lumarik gabeko gay” bezala definitzen dutenen %37k uste dute “lumadunek” homosexualen irudi txarra sustatzen dutela. Datu gehiago ere azaleratu zituen, tartean “lumarik gabekoek” gainerakoek baino homofobia eta diskriminazio egoera gutxiago jasan dituztela, %33 gutxiago zehazki.

Zer da orduan gizarteak benetan zigortzen duena, genero berekoak gustatzea edo norbere generoari dagozkion rolak ez betetzea? Zer azpimarratzen da kaletik “bollera” edo “marika” oihukatzen badigute, inori eskutik helduta joan gabe ere? Eta oraindik beraien sexualitatea deskubritu ez duten haurrek bizi duten jazarpen LGTBfoboak, zein azalpen du? 2012an FELGTBek –Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexualen Estatu Federazioak– kaleratutako ikerketa batek erakusten du Espainiako gazte LGTBIen %57k jasan dutela diskriminazio egoeraren bat eskolan; Saph Rodriguez izan zen horietako bat, eta bere hitzak jaso zituen Eldiario.es-ek: «Jazarpena jasan nuen ez nituelako ezarritako normak jarraitzen, eta irainen artean beti zegoen ‘lesbiana’ hitza. Baina ni nire sexualitateaz beranduago ohartu nintzen, 17 edo 18 urterekin». Horra, lumaren pisua.

LGTBI kolektiboko pertsona askok luma ezkutatzen ikasi dute, lanean, etxean edo kalean arazorik ez izateko. Ez da harritzekoa, Hego Euskal Herrian 23 eraso homofobo zenbatu ziren 2014an, eta aurten ere hiruren berri izan dugu oso denbora tarte laburrean –eta salatu gabeak, auskalo–. Eusko Jaurlaritzak hezkuntza-sisteman LGTBIfobia neurtzeko egindako ikerketaren emaitzak ere, izugarriak: EAEko nerabe gehienek ez dute jendaurrean kolektiboko pertsonen aurkako adierazpenik egiten, baina “deseroso” senti daitezke lesbianen eta gayen aurrean, edo sexu bereko pertsonen arteko maitasun-adierazpenen aurrean “atsekabea erakuts dezakete”. Eta hori 2017ko maiatzean, adi.

Horrez gain, ikerketa askok islatzen dute luma duten mutil homosexualek eta bisexualek presio handiagoa jasaten dutela luma duten emakume lesbiana eta bisexualek baino, emakumearen antza duen gizon maritxuak “akats” doblea egiten duelako. Baina, bestalde, orokortuago dago lumadun gizonezkoaren irudia medioetan eta egunerokotasunean –“Aida”, “Modern Family”…–. Lesbianen kasuan, ekoizten diren telesail eta pelikula gehienetan gorputz eta izaera heteronormatiboak dituzten emakumeak azaltzen dira, lumarik gabeak eta enkajatzen dutenak –“The L World”, kasu–. Izan ere, emakumeari bere sexualitate propioa ere ukatu bazaio, nola onartu normatik ateratzen den sexualitatea izatea?

Horregatik da neurrigabea lumaren indar iraultzailea, jendearen tripetan hazkura eta ezinegona eragiten duten gauza guztiena bezala. Yogurinhak diosku:, «zure lumak traba egiten badie, sar iezaiezu!». •