Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Topikoak

Sargoria azalera itsatsi zaigu eta berunezkoa da airea; arnas kolpe bakoitza behin eta berriz murtxikatzen dute gure sudur-mintzek. Surflariak dantzan dabiltza beren oholetan Zurriolako ertz bateko apar zurietan eta inurrien gisan pilatu dira bainujantzidunak hareatan, nork bere toalla koloretsuarekin etxe bat eraiki nahiko balu bezala. Uda iritsi da bere aire ezarekin, bere sargori astunarekin, eta arindu egin dira egunkariak, oporretara doaz albisteak eta hondartzen eta jaien inguruko gehigarriak irakurtzen ari da petrilean eseritako agurea. Sagues begi-kolpe batekin aztertu dut. Gogoan dauzkat gaztetxotan Aste Nagusian hemen bizi izan genituen kontzertuak: lehendabiziko kalimotxoak eta jende pilaketak eta gurasoekin negoziazio prozesu gogorren ondoren adostutako itzulera orduak. Gaur ez dago oholtzarik. Turistak hara-hona dabiltza beren argazki kamerekin eta ozen hitz egiten dute, ulertzen ez ditudan hitzak ulertzen ditudanekin nahasten dira eta hizkuntzak, eguzkitako krema usainak eta sudurretik sartzen den berunezko airea pilatzen dira nire zainetan. Bero egiten du.

Aurten ere iritsiko da Aste Nagusia eta La Oreja de Van Gogh etorriko da hona, eta Los Secretos, Los Manolos, eta abarrak. Gozategi izango da euskaraz kantatuko duen talde bakarra. Lagunekin hona etortzen ginen garaietako eztabaidekin oroitu naiz: euskal kultura ez dela saltzen eta euskal kultura aspergarria dela eta mundura zabaldu beharra daukagula. Eta erantzungo nuen euskal musika anitza dela, ahots eta estilo asko daudela, baina ezetz esango zidaten, “euskal” gehiago dela “musika” baino. Euskaraz dakien mediku onik ez dagoen mitoarekin akordatu naiz. Eta pentsatu dut ederra dela mundura zabaltzea, munduko talde onenak gurera ekartzea. Baina “mundua” eta “gaztelera” sinonimotzat hartzea ez dakit ez ote den itxikeria sintoma. Eta petrilean egunkaria irakurtzen ari denari begira orain dela egun batzuetako notizia ekarri dit sargoriak azalera: terrorismoaren beldurrez euskaraz ikasi ez zuten ertzainena. “Terrorismoa” eta “euskara”. “Mundua” eta “gaztelera”. Harrigarria da hitz batzuk nola eransten zaizkien besteei, eta nola bata esateak bestea ere esan nahi duela sinestera heltzen garen. Gaztelerak GALik izan ez balu bezala, konkistatzailerik izan ez balu bezala, diktadurarik izan ez balu bezala. Baina gaztelerak joan zen mendean hona etorri eta fabriketan goizetik gaueraino lanean aritu eta Euskal Herria bizitzeko modu berriak erakutsi zizkiguten langileak ere baditu, Lorca ere badu, “Los lunes al sol” ere badu; milioika ahots ditu gaztelerak eta haietako bakoitzak definitzen du. Baina euskarak ahots bakarra du nonbait; indarkeriari lotua, modernoa ez dena, salgarria ez dena, mundurako balio ez duena. Hizkuntza hiztunok egin beharrean hizkuntzak hiztunok egingo bagintu bezala.

Beroa azalera eta pentsamendura itsatsita daramat eta Saguesetik Kursaal aldera abiatu naiz bete-bete eginda dagoen espaloian barrena. Jendea dabil toalla bizkarrean hartuta, jendea hizketan, jendea izozkia janez, jendea egunkaria besapeetan hartuta, jendea jendea eta jendea; eta turistek beren argazki kamerekin harrapatzen dituzte Zurriolako ilunabarra eta olatuak eta hondartza betea eta gu, gu ere argazki kamerekin harrapatzen gaituzte lauburu bihurtuta, txapela eta abarka bilakatuta, tokiko topiko, esanahiz gabetuta, hizkuntza berezi batean mintzo arren munduari ezer esateko ez dugunak; guk gure buruari kontatzen dizkiogun gezurrak erakusten dizkiogu gugana datorrenari eta ulertzen ez ditudan hitzen eta ulertzen ditudanen eta bero-saparen artean zerbait oihukatu nahiko nuke; banaizela esan, banabilela. Baina bero astunak arindu ditu egunkariak. •