Ane URKIRI ANSOLA
IPARRORRATZEN AGURRA

Ziklo baten aitzindari izan diren futbolariak

Belaunaldi bat markatu duten XXI. mendeko emakumezkoen futboleko ikurrak dira. Aintzane Encinas, Eli Ibarra, Iraia Iturregi, Maite Lizaso eta Irune Muruak, ibilbide ezberdinak izanik ere, euskal futbolaren historian arrasto galanta utzi dute. Iparrorratzak izan dira. Ziklo baten aitzindari izan ziren bere garaian (Athleticen eta Realaren jaiotzan, 2002 eta 2004an), hesi asko gainditu zituzten, emakumezkoen futbolak izandako hobekuntzen protagonista nagusiak izan dira, beti aldarrikapenekin loturik, eta 2017ko ekainaren 30ean ibilbidearen amaiera ezarriko dute bost jokalariek. Gauza batean bat datoz guztiak: harro doaz.

EliSABETH Ibarra rabancho

 

«Beste eginkizun bat izan dut eta zaila egin zait»

Eli Ibarraren (1981, Azkoitia) ezker oina Athleticen hainbat gol ospakizunen erantzule izan da. Athleticen sorkuntzatik defendatu du elastiko zuri-gorria eta bera da talde bizkaitarrarekin garaikur gehien irabazi dituen jokalaria; bost liga, guztira. Azken denboraldietan minutu gutxi jokatzeak eta inoiz baino lesio gehiago edukitzeak –«txikiak izan diren arren, sasoian jartzea zaildu didate»- erretiratzeko erabakia hartu behar zuela ohartzera eraman dute Ibarra. Lezamako ezker hegaleko ikur bilakatuta esango dio agur futbolari.

Nola gogoratzen duzu zure ibilbidearen hasiera?

Nire familian anaia eta aita futbolariak izan dira eta etxean, betidanik, futbol asko ikusi dut. Nire amak esan izan didanaren arabera, txikitatik, oraindik ibiltzen jakin gabe ere, eskuetan baloia izaten nuen. Ikastolan eskubaloia, saskibaloia, eta areto futbolean ibiltzen nintzen eta 13-14 urterekin erabaki behar izan nuen. Futbola nuen gustukoena eta horrela hasi zen nire ibilbidea.

1995etik futbolean, 15 gorengo mailan. Nola laburbilduko zenuke ibilbidea?

Oraindik ez naiz kontziente. Hemen, Athleticen, 15 urte igaro ditut eta urte asko dira. Hemendik urte batzuetara, segur aski, garrantzi handiagoa emango diet zenbaki hauei.

Ia 15 urte bete dira zure debutetik. Nola oroitzen duzu duzu?

Gogoratzen dut Lezaman jokatu nuela, ligako aurreneko neurketa izan zela eta 7-1 irabazi geniola Torrejoneri. Gola sartzeko zortea ere izan nuen. Gogoratzen dut Lezama bete-beteta zegoela. Athleticeko emakumezko taldearen lehenengo partida zen, jende asko hurbildu zen eta egun berezia izan zen.

Hasieratik sentitu al duzu afizioaren maitasuna?

Bai. Orain ere kalean noanean jendeak ezagutu egiten nau eta niretzat hori oso polita da. Ikastoletara joaten garenean ere umeen zoriontasuna eragiten duzu eta garrantzitsu sentiarazten zaituzte. Oso garrantzitsua da.

Azken urteetan ez dituzu minutu asko jokatu.

Nire ibilbide guztian ez ditut lesio asko eduki eta azkenengo denboraldi hauetan agertu egin dira. Ez dira izan hain garrantzitsuak, baina geldirik eduki naute eta gero berriro fisikoki ondo jartzea kostatzen zitzaidan. Azken urte hau gogorra izan da. Beste eginkizun ezberdin bat izan behar duzu taldean eta zaila egiten da. Nolanahi ere, nire taldekideei laguntzen ahalegindu naiz.

Aurten Champions-a jokatzeko aukerak erretiroa atzeratu du?

Liga bat irabazteak jarraitzeko indar handiagoa ematen dizu. Championsa jokatzea, Europan zehar aritzea, berezia izango zela banekien. Urtero gogotsu ekin izan diot denboraldi-aurreari, nahiz eta azkenaldian urtea nekatuta amaitzen nuen.

Bederatzi urte igaro ziren laugarren liga eta bosgarrenaren artean. Helburu bezala jarri zenuen azkeneko urteetan?

Azken urteetan gertu ibili gara, San Mamesen galdutakoa, adibide. Erreginaren Kopan ere bi final galdu genituen. Urtero gure helburua goian ibiltzea zen, eta guk ezinezkotzat jotzen genuen hainbeste alditan bigarren geratzea. Horregatik, iaz irabazitako Ligak suposatu zuen irabaztea posible dela, lan, esfortzu eta gure filosofiarekin. Gainera, hasieran irabazitako txapelketetan ere talde indartsuak zeuden, baina esango nuke iaz irabazitakoa are bereziagoa izan zela.

Zer eman dizu Athleticek?

Dena. Ordu asko sartzen ditugu elkarrekin, bizitza mota bat da. Jokalari asko gara, aste oso batez bizi gara elkarrekin eta egunero gauza asko ikasten dituzu.

Eta zer eman diozu Athletici?

Nik uste dut asko eman diodala, baina hori beraiek esan beharko dute [barre artean]. Harro noa.

2002an heldu zinenean irudikatzen zenuen bezalakoa izan da ibilbidea?

Inoiz ez duzu pentsatzen noraino helduko zaren. Azken bi edo hiru urteetan pentsatu izan dut noiz helduko zen agur esateko ordua eta zaila egiten da. Baina ez dut inoiz irudikatu hainbeste liga irabaziko nuenik.

Asko kostatu zaizu agur esateko erabakia hartzea?

Bai, baina pasatu dudan urtea gogorra izan da eta, azkenean, norbera konturatu behar da uzteko ordua iritsi dela.

MAITE LIZASO CAMPOS

«Ezin dut gehiago belaunarekin, futbola uzteko abisua eman dit»

Belauneko lesioak bere futbol ibilbidea trabatzen saiatu diren arren, Maite Lizasok (1983, Zarautz) 21 urtean futbolean aritzea lortu du; Zarautzen hasi eta azken hamahiru denboraldiak Realean eta Athleticen eman ditu. Euskal Selekzioaren elastikoarekin neurketa gehien jokatu dituen jokalaria da (sei, guztira). Zarautzen, Zubietan zein Lezaman zelai erdiko gudaria izan da Lizaso, itzaleko lana eginez eta burugogorkeriak gidaturik. Urte gorabeheratsuak ere igaro ditu, baina garrantzia kentzen saiatzen da. Segurtasuna eta zintzotasuna islatzen du, zelaian legez. Hainbeste amesten zuen titulua besapean, eta harro, uzten du futbola, inoiz ase ez duen arren.

Ibilbidearen amaiera honetan, nola sentitzen zara?

Ondo. Hainbeste urtean futbolean jokatu ostean, nik uste dut erabaki zuzena hartu dudala. Batez ere, niretzako onena den hautua egin dut. Guztiei iristen zaie momentua eta nirea iritsi da. Ez dut gehiago luzatu nahi.

21 urtean aritu zara futbolean. Nola gogoratzen duzu hasi zineneko urte hori?

Ia guztiak bezala, hondartza-futbolean hasi nintzen ikastolako lagunekin. Zarautz Kirol Elkartean hasi nintzeneko izugarrizko oroitzapenak ditut. Iruditzen zait inoiz ez dugula ahaztu behar nondik gatozen. Han zortzi urte pasatu nituen eta han ikasi nuen guztia. Realera joan nintzen ondoren, bertan 10 urte egin nituen, beste mila gauza ikasi nituen eta azkenean hemen bukatu dut, Athleticen, oso zoriontsu.

13 urte pasatu dira Realarekin debuta egin zenuenetik. Nekagarri egin zaizkizu?

Ondo eraman dut. Azkenengo bi hilabete hauek, bai, astunagoak egin zaizkit. Gainera, ez geneukan ezer jokoan, eta apur bat gogorra egin zait. Giro politean ibili naiz urte hauetan, eta bidaiatzea ez zait inoiz inporta izan; beraz, ez zait hain nekagarria egin.

Lagunak eta familia osoa etorri ziren Lezamako azken neurketara. Omenaldi xumea, baina sentikorra?

Bai, oso sentikorra. Ez nekien ezer. Banekien familia zetorrela, baina ez lagunak. Eta kamisetaren detailearen ideiarik ez neukan. Niretzat omenaldirik handiena beraiek dira, ez dut ezer gehiago behar. Nik eta beraiek badakigu zenbat sufritu dudan, zenbat disfrutatu dudan eta horrekin nahikoa dut.

Realean 10 urte igaro zenituen, nahiko entzutetsuak bihurtu ziren azken urteak, eta atzeko atetik irten zinen. Nola eraman zenuen egoera?

Nik banekien Realean ez nuela omenaldirik izango. Realetik Athleticera etortzea mingarria izan zen. Beti esan dut eta beti esango dut: han pasatu ditudan 10 urteak nire bizitzako urterik onenak izan ziren eta ez nituzke ezergatik aldatuko.

Realean zenbiltzala urtebete zelaitik at eman zenuen. Zerbaitekin damutzen zara?

Ez zait gustatzen egindako gauzez damutzea. Une horretan horrela sentitzen zarelako egiten duzu. Urte hori horrela tokatu zen. Berriz egingo ote nukeen? Ez dakit. Nik uste dut pixka bat engainatu egin nindutela Realean. Hitzarmena sinatua neukan, baina hitzez, sinatzeko orduan, esan zidaten ez zela arazorik egongo nik nahi nuenean joateko. Sinistu egin nuen eta ez zen horrela izan. Ziur, orain, buelta gehiago emango nizkiokeela horrelako beste egoera bat azalduz gero, baina damutu, ez naiz damutzen.

Dena den, 10 urte horietatik ez naiz pasarte horrekin geratzen. Hurrengo urtean itzuli nintzen eta izugarrizko denboraldia pasatu nuen berriro ere; harreman onak gordetzen ditut. Beraiek asko eman didate eta nik ere asko eman diet. Ez daukat ezer txarrik esateko; guztiz alderantziz.

Zelaian itzaleko lanean aritu zara, agur esateko orduan ere itzalean mantendu zara.

Ni gustura nago bukatu dudan moduan bukatuta. Ez dut ezer eskatuko, ez dut ezer espero eta oso harro nago hiru taldeetan pasatutako urteekin, baita Euskal Selekzioarekin jokatutako neurketekin ere. Daukadan pena bakarra da ez dudala jakin noiz izango zen Euskal Selekzioarekin jokatzen nuen azken neurketa; izan ere, azken bi deialdietan ez naiz egon, ezetz esan dudalako belaunarengatik. Dena ezin liteke.

Athleticekin irabazitako Ligak zure ibilbidea apaindu du. Behar zenuen?

Buruan sartuta neukan, Realean jokatzen nuenetik, zerbait irabazi behar nuela. Askotan titulu bat irabazi gabe ere beste gauza asko irabaz ditzakezu, baina nik gauza horiek irabazita neuzkan jada Realean. Eta banekien Realean tituluren bat irabaztea oso zaila izango zela.

Belauneko lau lesio larri pasatu dituzu. Nola altxatu zara?

Ez dakit nola altxatu naizen, egia esan. Min hartzen nuen eta jada ohitura modukoa bihurtu zen, bi lesio oso jarraian eduki bainituen. Futbolean jokatu besterik ez nuen nahi; amorrua atera eta aurrera segitu nuen.

Lesioek ez dute lortu zu erretiratzea?

Ez, baina azkenengo bi urteetan min handiarekin ibili naiz. Neurketak jokatzeko beti ziztatu egin behar izaten nuen edo gauetan pilula hartu behar, neurketaren aurretik ere bai...

Bi urte horrela?

Bai, minik ez edukitzeko. Hitz egin nuenean esan nien belauna ondo edukiz gero jarraituko nuela. Berdin zitzaidan asko edo gutxi jokatu, entrenatzera etortzea eta lagunekin egotea gustatu egiten baitzait. Baina jada ezin dut gehiago, uzteko abisua eman dit.

Orain zer botako duzu faltan?

Futbolarekin ez naiz inoiz aseko, baina min handia pasatu dut azken bi urteetan eta agian ez dut hainbeste igarriko futbolean ez jokatzearen hutsunea. Aldagelako giroa eta talde baten barruan egotea botako dut faltan.

AINTZANE ENCINAS GOMEZ

«Garaipenik handiena ezagutu ditudan pertsonak izan dira»

13 urte eman ditu Realean. Taldearen sorkuntza gertutik ezagutu du Aintzane Encinasek (1988, Donostia). Kapitainaren besokoa eraman du 2011tik, Larraitz Lucasek utzitako testigua hartuta, eta zentzuz ordezkatu ditu Realaren balioak, zelaian eta zelaitik kanpo. Lesioekin zorte handia izan eta azken denboraldian partida askotan itzalean egon bada ere, 388 neurketa jokatu ditu elastiko txuri-urdinarekin. Orain, Encinas gabeko taldea ikustera ohitu beharko da afizionatu realzalea, bera hasia baita bere etorkizuna eraikitzen: «Gipuzkoako selekzioko kadeteekin lan-saio batzuk egin ditut, infantilen talde bat ere eramaten dut, futbol eskola bat daukat [GABEN], taldeen zuzendaritzaren inguruko klaseak ematen ditut entrenatzaileen kurtsoan duela bi urtetik...».

Amaiera ona izan da?

Bai, oso hunkigarria. Negar asko egin dut. Baina irribarrea ere atera zait urte guzti hauetako momentuak gogoraraztean eta disfrutatzen ari naiz. Ez nuen azken neurketa iristerik nahi, baina era berean hau guztia amaitzea nahi nuen. Nik ez ditut botak zintzilikatuko, ezta gutxiagorik ere. Botak beti jantzita izango ditut, zelaian edo futbolaren edozein aldetan egonda ere.

Iaz urte baterako luzatu zenuen kontratua. Agur usaina zuen hitzarmen horrek?

Iaz une batzuetan pentsatu nuen agur esatea. Ez da erraza hainbeste urtean elitean egotea eta beti zure onena ematea. Oraindik ondo nengoela erretiratu nahi nuen eta Reala ahalik eta gorenen utzita. Horrela izan da. Joan den denboraldian urte baterako sinatu nuen, segur aski azkena izango zela pentsatuz.

29 urterekin esan duzu agur, baina oso gazte hasi zinen Realean, 15 urte zenituela. Horrek eraginik izan du?

Nekagarri egiten da hainbeste urtean leku berean egotea. Eta horrek eragina du jokatzeko orduan eta alderdi guztietan. Benetako aldaketa gertatu behar den unea iritsi egiten da, zikloek amaiera dute. Nekeak eragin handia izan du nigan eta ondo egon nahi nuen erabaki dudana erabakitzeko.

Azken denboraldian ez duzu asko jokatu.

Egia da ez ditudala minutu asko izan, baina taldekideak ondo aritu direla ulertzen dut eta entrenatzaileak horien aldeko apustua egin du. Jokatu ditudan minutuetan nire onena ematen saiatu naiz eta hori egingo nuen zalantzarik ez zegoen, minutu guztiak edo gutxiago jokatu arren.

«Futbolari ohi» adierak zer esaten dizu?

[Barre artean] Ez dago mediku ohi, abokatu ohi edo horrelako adierarik. Futbolari ohiaren figura badago eta gustuko dut; ohorea da futbolari ohia izatea. Dena den, beste lanbide askotan ‘ohi’ hitza erabiltzen ez den bezala, niri ere gustatuko litzaidake betiko futbolari izatea, ametsetan bada ere.

Eta entrenatzaile?

Entrenatzailea naiz eta izango naiz. Irakastea asko gustatzen zait, ikastea gustatzen zaidan bezala, are gehiago futbolaren bitartez. Nire bizitza beti egon da futbolarekin estuki lotuta.

Realarekin estuki lotuta jarraituko duzu?

Proposamen bat egin dit Realak klubean jarraitzeko, nesken taldeekin gauza ezberdinak egiteko asmoz. Ikusiko dugu.

Nola ikusten duzu bigarren taldea sortzearen ideia?

Gertu dagoen zerbait da. Klubak egin didan eskaintza ere horrekin lotua dagoela uste dut. Pauso garrantzitsua da. Nahiz eta egun Gipuzkoako harrobi ia guztia Realaren bigarren talde moduko bat izan, bigarren talde propio bat edukitzeak suposatuko lukeen jarraipena ez da modu berean egiten.

GABEN kirol kluba da zure proiektuetako bat. Bertan ikusten duzu zeure burua urte askoan?

Klub bat edukitzea irudikatzen nuen, nire ilusioa zen, eta beste proiektuekin egin bezala, aurrera eramatea gustatzen zait. Udako kanpalekuak egiten ditugu, Tximist Torneoa antolatzen dugu... Gauza txikiak dira, baina handi egitea nahi dut. Tximist Torneoan aurten iaz baino talde eta jokalari gehiagok eman dute izena eta egun horietan Hondarribian ekintza gehiago ere egingo ditugu (tailerrak, umeentzako lasterketa txikiak, free style ikuskizunak...), areto-futboleko txapelketaz gain [atzo hasi zen eta bihar bukatuko da].

Juan Carlos Samaniego «Tximist»-en hutsunea 13 denboraldi hauetako une negatiboena izan da, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Tximist-en [Juan Carlos Samaniego, prestatzaile fisikoa] heriotzak asko markatu gintuen bera ezagutzeko aukera izan eta gertutik bizi izan genuenok. Urte asko partekatu genituen berarekin. Beti zegoen gurekin, nahiz eta azken urtean gizonezkoen taldearekin lan egin. Asko babesten gintuen, edozertan. Tximist Torneoa, nola ez, berarengatik da. Txapelketa bat sortu nahi nuen eta Hondarribian egin nahi nuen, asko gustatzen zitzaidan lekua zelako. Tximist bera prest agertu zen Hondarribiko udaleko kontaktuak emateko eta hil baino astebete lehenago eman zizkidan. Seinale garbi bat izan zen, torneo horrek bere izena eraman behar zuen. Niretzat esanahi handia izan zuenez, torneo handi bat izatea nahi dut, urtero esanguratsuagoa, eta berak merezi duen guztia helaraztea nahi dut.

Eta gauzarik positiboena?

Ezagutu ditudan pertsonak. Lagun asko egin ditut Realari eta futbolari esker. Lagun handiak eman dizkit futbolak. Garaipenak baino porrot gehiago bizi izan ditudanez, garaipenik handiena ezagutu ditudan pertsonak dira.

IRUNE MURUA cuesta

«‘9’ zenbakia eraman dut eta eragin handia izan du psikologikoki»

Bigarren plano batean igaro da Irune Murua (1986, Barakaldo) Athleticen jokatu dituen 14 denboraldietan. 2003an UEFA Women's Cup-eko kanporaketan egin zuen debuta, 17 urterekin. Lau liga irabazi eta 106 gol sartu ditu guztira, baina umiltasunez erantzuten die datu horiei. Arantzarik ez zaio geratzen, nahiz eta zelaian ez duen jarraitutasun handirik eduki. Gainera, iaz eta 2014-2015 denboraldian lesioek zapuztu zioten urtea. Fokuetatik at ibili da eta agurreko prentsaurrekoan ere buru-makur eta hitzik ahoskatu ezinik egon zen; «egoerak gainditu ninduen». Bere eginkizuna zuzen eta zintzo egin duen sentsazioarekin diosku agur.

Azken urteetako belauneko lesioek nola eragin dizute?

Ez didate hainbeste eragin, inoiz ez dut jarraitutasun handirik izan, eta psikologikoki ere ez ninduten asko mindu.

Osatu eta handik gutxira, ordea, meniskoko ebakuntza egin zizuten.

Denboran hain gertu izan ziren, ez zidala taldean sartzeko astirik eman. Nik uste dut horrela hobeto etorri zitzaidala; taldean bete-betean sartuta egon eta berriro lesionatzea baino. Niretzat lesioaren jarraipen bat izan zen, ez lesio berri bat.

Erretiroa aurrerarazi du?

Ez, inola ere ez. Lesioek ez dute zerikusirik izan. Urte asko neramatzan hemen [Athleticen] eta ez dut futbolean jokatzen jarraitu nahi.

Noiz hartu zenuen behin betiko erabakia?

Denboraldi hasieran jada pentsatua neukan. Urtean zehar aldaketa handia gertatu beharra zegoen erabakiz aldatzeko. Ez dut asko jokatu eta ez daukat geratzera behartzen nauen ezer.

Beste aurrelariak maila onean egoteak bultzatu zaitu agur esatera?

Yulema [Corres] eta Nekane [Diez] golak sartzen dabiltza, Erika [Vazquez] maila ezin hobean... Beraiekin lehiatzea ezinezkoa da eta ezin dut gehiago eskatu.

Zuk utzi duzu futbola edo futbolak utzi zaitu zu?

Nik utzi dut. Jarrai nezake jokatzen, ez naiz hain zaharra. Baina nekaturik nago, batez ere psikologikoki. Ezin dut gehiago. Fisikoki jarraitu nezake; hala ere, arintasun gutxiago igartzen da oinetan [barre artean]. Hau zen momentua.

14 urte igaro dituzu. Nola gogoratzen dituzu?

Hasieran ez nuen hitz egiten, oso lotsatia naiz. Lauzpabost urtean ez nuen hitz egiten eta gauza askotaz ez nintzen ohartzen. Hona [Lezamara] etortzen nintzen, lan-saioetan parte hartzen nuen, baina ez naiz oso ondo gogoratzen hasierarekin.

106 gol sartu dituzu.

14 denboralditan eta aurrelaria izanik... Ez dut inoiz hasierako hamaikakoan jarraitutasun handirik eduki, Alberto Berasaluzerekin izan nuen segidarik handiena (2010-2011 sasoian). Taldean beti egon dira ni baino aurrelari hobeak eta nire egoera onartu dut.

Jokalari eredugarria izan zarela uste duzu?

Ez, ez naiz nabarmendu-eta. Ez naiz buru izan, ez dut erabaki garrantzitsurik hartu, ez dut inoiz arreta berezirik izan...

Maitatua sentitu zara?

Bai, baina ez naiz erreferente kontsideratzen. Ez dut uste ume batek ni bezalakoa izan nahi duenik.

Arantza bat da?

Ez, ez dut gutxiagotasun sentimendurik. Ni baino jokalari hobeak dira, eta kito.

Aurrelaria zara, baina berekoikeriatik urrun?

Taldeko lana goraipatzea gustatzen zait eta ez naiz golegile peto-petoa. ‘9’ zenbakia eraman dut eta eragin handia izan du psikologikoki. presio moduko bat nuen. Nahiz eta bost minutuz jokatu, golarekin topo egin nahi nuen, ‘9’-a neramalako eta aurrelaria nintzelako.

Amestutako ibilbidea izan da?

Futbola gustatzen zait eta ez dut inoiz pentsatu zer izan nahi nuen. Dibertsio hutsagatik jokatu dut.

Ez zinen eliteko futbolari sentitzen?

Ez, agian orain gehiago. Ni hona disfrutatzera etortzen nintzen. Orain heldutasun bat daukat eta zorrotzagoa naiz.

IRAIA ITURREGI sustatxa

«Erreferente bilakatzea garaipen soziala izan da»

Egunkari batean bere izenaren atzean ‘futbolari ohi’ adiera ikusita, pena pixka bat sentitu duela onartu du Iraia Iturregik (1985, Loiu). Ez omen da kontziente hurrengo denboraldian ez dela berdegunean egongo. 15 denboraldi eman ditu elitean, goi-mailan, 14 urte Athleticen eta bat Floridan, esperientzia berrien gosez. Lau liga garaikurrek apaintzen dute bere futbol ibilbidea, eta txikienen erreferente bilakatzea lortu du. Kapitainaren besokoarekin aritu da azkenengo zortzi urteetan eta, taldeko izarra izan ez arren, Athleticen balioen ordezkari zuzenena bilakatu da.

Gutxik espero zuten zure agurra.

Denboraldi hasieratik erabakia hartua nuen eta taldekideek ere bazekiten.

Hasieratik hartutako erabakia izan zen?

Bai. Iaz Liga irabazi genuenean esan nuen aurtengoa azkenengo denboraldia izango zela eta klubari ere txapelketa hasieran komunikatu nion. Ondo egonda utzi nahi nuen. Futbolarekin erlazionatutako zerbaitetan jarraitu nahi dut eta ez nuen amaitu nahi futbola gorrotatzen. Pixkanaka ohartzen zoaz ez dela berdina entrenatzera etortzea eta nahiago nuen horrela uztea.

Klubari erretiratzera zindoazela komunikatu zenionean, saiatu ziren jarraitzeko konbentzitzen?

Urte osoan zehar saiatu dira. Koordinatzailearekin bizpahiru bilera eduki ditut eta saiatu dira konbentzitzen urtebete gehiago jarraitzeko. Nik argi neukan eta gainera urte oso bat eduki dut hausnartzeko, klubak nik jarraitzea nahi zuela jakinda. Aukerak baloratzen joan naiz, baina hilabete guzti hauetan ez dut iritziz aldatu. Hausnartu dut, baina argi neukan utzi egin nahi nuela.

Nekagarri egin zaizkizu elitean eman dituzun 15 denboraldiak?

Bai fisikoki bai mentalki nekagarri egin dira. Talde lehiakor batean egonda, beti zaude motibatua, erronka garrantzitsuak daudelako urtero. Baina egia da urtero daukazula presioa, eta gogorra egiten da.

Laugarren liga irabazi ostean, bederatzi urte pasatu ziren titulurik irabazi gabe; bosgarren ligak lasaitu ederra emango zizuen, ezta?

Bai. Egia da azkenengo liga horretan presioa ez zela hain handia, jendeak ez zuelako espero guk irabaztea, baina guk presioa bageneukan. Hainbeste urtean hain hurbil ikusi ostean, lasaigarri moduko bat izan zen. Taldea ez zen konformatzen bigarren postuarekin eta iaz, azkenean, heldu zen saria.

Orain, nola ikusten duzu Athleticen etorkizuna Iberdrolaren iritsierarekin?

Iberdrolaren ekarpena eta emakumezkoen futbolean dirua sartzea positiboa da, nahiz eta Athleticentzat, filosofiarengatik, ez izan hain onuragarria. Baina nik hobetzea nahi dut. Zentzu horretan, asko pozten naiz eta onuragarritzat jotzen ditut erakunde guztien inbertsioak.

Zer nolako sentsazioekin bizi izan duzu azken denboraldi hau?

Titulu batekin erretiratzea nahi nuke, baina iazko garaikurra gertu dago. Niretzat oso motibagarria zen berriro Champions-a Athleticekin jokatzea. Urtebete gehiago jarraitzeko arrazoi bat izan zen eta esperientzia itzela izan zen niretzako San Mames Barrian jokatzea; ez dut inoiz ahaztuko.

Etorkizunean Athletici estuki lotuta ikusten duzu zeure burua?

Nire asmoa hori da. Horren inguruan hitz egiten gabiltza eta nik espero dut jarraitzea, gutxienez, futbolarekin lotuta; eta Athleticen izan badaiteke, are hobeto.

Urte hauetan zeren falta igarri duzu?

Orokorrean, emakumezkoen futbolak errekonozimendu gehiago izatea, alde guztietatik. Izugarri kostatzen da errekonozitua izatea, bai komunikabideen aldetik, bai baldintza aldetik hobetzea... Gutxika-gutxika lortzen joan gara eta aurrerapausoak ematen gabiltza, baina errekonozimendua askoz ere handiagoa izan behar delakoan nago.

Erreferente bilakatu izana da garaipenik handiena?

Beti esan izan ohi dut, tituluak irabaztea bezain garrantzitsua, edo gehiago, dela sozialki lortu dugun guztia. Erreferente bilakatzea, bai talde bezala, baita pertsonalki ere, garaipen soziala izan da. Guraso batzuek esaten dizute, adibidez, beren alabari jarri diotela zure izena zuregatik. Tituluak hor daude, eta egia da irabazi nahi dituzula, baina sozialki lortu duguna are handiagoa izan da.

Txikitan inoiz esan zenuen futbolari izan nahi zenuela?

Nik uste dut inoiz ez nuela esan etxean futbolari izan nahi nuenik, baina egunero jokatzen nuen futbolean [irribarrez]. Argi zegoen. Nire etxean beti egon da kirolerako zaletasuna. Lehengusuarekin hasi nintzen jokatzen, eta gero eskolako jolas-orduetan edo eskolatik atera eta arratsalde osoan futbolean aritzen nintzen.

Zer eman dizu futbolak?

Niri futbolak plazera ematen zidan eta futbolean jokatzeko irrikan nengoen beti, izan patioan, zelaian... Bestetik, eman dizkit lagun asko, balio asko. Alderdi guztietan hezi egin nau.

Zerbaitekin damutzen zara?

Ez. Agian gustatuko litzaidake apur bat beranduago jaio izana, hurrengo belaunaldia egoera askoz hobean egongo baita eta beste era batera disfrutatuko dute [barrez]. Hori ezin daiteke erabaki. Baina egia da bizi izan ditudala esperientzia batzuk, non gaztetxoenak ez diren egon; lehenengo liga, esaterako, 35.000 zaleren aurrean. Beraz, hori ere ez dut aldatzen.