Iratxe Urizar

Haziak

Hasi berri dugun uztaila honetan, 15etik 24ra eta Derion, Via Campesina antolakundearen VII. Nazioarteko Kongresua egingo da. Kasu honetan, “Gure herriak elikatuz mugimendua eraikitzen dugu, mundua elikatzeko” leloa aukeratu dute, eta, izenburuak berak aditzera ematen duenez, elikaduraren inguruan arituko dira luze eta zabal, beste gai batzuen artean.

Kongresu hori lau urtean behin egiten da eta azkenekoa Indonesian izan zen, 2013. urtean. Ezin ahaztu dezakegu munduan 200 milioi nekazari dagoela eta euren borroka kriminalizatua dagoela hainbat herrialdetan. Via Campesina elkarteak eskala txikian egindako nekazaritza jasangarriaren alde egiten du borroka eta bide hori erabiltzen du justizia soziala eta herrien duintasuna aldarrikatzeko. 164 elkartek baino gehiagok osatzen dute antolakundea, kontinente guztiak barnebilduz eta kontinentez kontinenteko beharrei erantzuten saiatuz, tokian tokiko ohituretara moldatuz.

Euskal Herrian egingo den honetan, EHNE Bizkaia sindikatua izango da bertaratuko diren delegatuen anfitrioi. Euskal Herriak izaera propioa dauka sektore honetan eta pentsatzekoa da hori agertuko duela egingo diren eztabaidetan eta partekatuko diren hausnarketa eta planteamenduetan.

Elikaduraren inguruko borroka eta hausnarketa ez da txantxetako gauza eta oso loturik dago herrialdeen eta herritarren subiranotasunarekin. Izan ere, ondo konturatu dira multinazional boteretsuak auziak duen garrantziaz. Ezin ahaztu dezakegu, esaterako, hazien inguruan ematen den borroka. Oligopolio indartsuek hazien patenteak egiten dituzte, printzipioz denona den eskubide bat merkantilizatuz eta pribatizatuz, haziak eta hazi horietatik jaiotako elikagaien gaineko jabetza pribatu bilakatuz. Oinarrizko haziak, moldatu gabekoak, laborategietan esperimentatu gabekoak, modu horretan enpresa handienenak izatera pasatu dira kasu askotan, eta horiek landatu ahal izateko, betidanik euren jaki izan badira ere, nekazariek ordaindu beharra daukate. Ez hori bakarrik, hazi horiekin proba ezberdinak egiteko eskubide osoa ere izango dute, noski.

Hazi “garbi” horien aldeko borroka, zaporeen globalizazioaren aurrean (dagoeneko askotan berdin dio munduko zein tokitara goazen, antzeko jaki eta zaporeak dastatzen ditugu-eta) nortasunaren aldeko borroka da. Txikien nortasuna handien merkantilismoaren aurrean. Ez da soilik gaur egun produktu zaporetsu eta kalitatezkoak luxuzko elementu bihurtu dituztela, hainbat nekazari komunitaterentzako arazo honek berebiziko garrantzia du eta euren bizirautea ere jokoan dago.

Gai honen inguruan TTIP edo CETA bezalako politikek ezkutatzen dituzten asmoak biluztu egin behar dira, kontradikzioak azaleratu eta txikiari garrantzia ematen jakin multinazionalen aurrean. Enpresa eta estatuen arteko akordioen bitartez interes ekonomikoak babesten dira eta inolaz ere ez herritarren ongizatea edo jaki osasuntsuen inguruko ardura. Halako akordioen pean baldin bagaude, enpresa handien interesak egongo dira beti gainetik eta horien kontrako zerbait erabakitzen denean (adibide bat izan daiteke erabiltzen dituzten barazkietarako pozoiak osasunaren aurkakoak direla esatea lege bidez, nahiz eta askoz arinago hazi) herritarrak izango dira galera ekonomikoaren erantzule. Gainera, naturaren alde lan egiten dutela (eta ez bere interes espekulatzaileen alde) sinestarazi nahi izango digute, aurrera eramaten dituzten politikei “itxura ekologikoa” emanik. Produktore txikien garrantziaz jabetu behar dugu, kalitatezko, hurbileko nekazaritza sustatu eta bideak ireki hemen ere nekazarien biziraupena eta ongizatea bermatzeko. Eta ez soilik kalitatezko janaria izateko, jatekoa osasungarria izateko denon eskubidea bermatzeko. •