Ander Izagirre - @anderiza
Kazetaria

Karlomagno musean, kartak odoletan

Arnegiko muga pasa ondoren, errepide nagusia utzi eta Ontzorone aldera sartu naiz. Baserri baten bila nabil eta hango hura izan daitekeela uste dut, horma zuri eta leiho gorriduna, ondoan harrizko borda bat eta plastikozko negutegi bat dauzkana. Negutegira sartu eta lurrak belztutako eskuak dituen gizon gazte bat aurkitu dut, piper eta tomate landareen artean. «Barkatu, hau al da Mokosailia etxea?». Baietz esan dit.

Gizonak Jean-Marc Goienaga du izena. Azkaindarra da, baina bailara honetara etorri zen artzain lanak egitera eta orain sendabelarrak eta landare usaintsuak hazten ditu hektarea eta erdian. Eskuz egiten du dena: landatu, belar txarrak atera, loreak eta hostoak bildu, lehortu, olioak eta ziropak prestatu.

Etxearen historiaz galdetu diot, zerbait irakurri dudalako: Orreagako agiri batean aipatzen dute, 1333. urtean. «Bai, hemen erromesak hartzen zituzten eta mendia nondik pasatu behar zuten azaltzen zieten –dio Jean-Marcek–. Hortik datorkio izena. Ils donnent des bons conseils (“aholku onak ematen dituzte”). Erromesak etxeari Bon Conseil deitzen hasi ziren, eta bertakoek frantsesez ez zekitenez, pixkanaka izena aldatu zioten: Moncoseil, Mocoseil… Azkenean, euskaldundu egin zuten: Mokosailia».

«Eta, esaten dutenez, Karlomagno…», segitu dut nik.

«Bai, Karlomagno armadaren buruan zihoan eta etxe honetan gelditu zen, Orreagatik jaisten ari ziren soldaduen zain. Esaten dute musean jokatzen ari zela eta bat-batean kartak odoletan hasi zirela, Errolan hil zutenean».

Bertsio klasikoek diote Errolanek bolizko adarra jo zuela, lokietako zainak lehertu arte, eta Karlomagnok oso urrutitik entzun zuela adar-hotsa. Bertsio klasikoak: ai, bertsio klasikoak!

Zaragoza konkistatzeko saiakeran porrot egin ondoren, Ebro bailarako andalusiekin eta haien aliatu baskoiekin liskarrak izan ondoren, Iruñeko harresiak bota ondoren, frankoen armadak Orreagako lepoak zeharkatu zituen etxerako bidean. Atzeguardia zintzur batean sartu zenean, turuta hotsa entzun zen, erasorako deia: baskoiak mendian behera korrika, geziak eta harriak airean, soldadu frankoak errekan sarraskituta.

Bataila horren lehen kronika Eginhardok idatzi zuen, Karlomagnoren biografoak, 830. urtearen inguruan. Baskoi maltzurrak basoan ezkutatu zirela eta armadari lapurreta egiteko eraso ziotela esaten du. Gertakaria ez zen handiegia izan ziurrenik, liskar odoltsu bat, baina berrehun urte geroago fraide normandiar batek kontakizuna puztu zuen, bere garaiak behar zuen best seller-a osatzeko: etorri denok eta entzun “La Chanson de Roland”, mundu guztiak errezitatzen duen gesta-kanta! Mairuen eta kristauen arteko bataila ikaragarria! Lau mila bertso, sarrazeno fedegabeen ankerkeriarekin eta gure heroi kristauen ausardiarekin hunkitzeko! XI. mendean, Gurutzaden bezperan, erresuma europarrek superheroi kristauen istorioak behar zituzten herritarren gogoa pizteko: adibidez, Karlomagno, Errolan eta Frantziako Hamabi Pareak musulman beldurgarrien kontrako borrokan. Beraz, Errolanen kantuan, Europako memorian gelditu zen narrazioan, baskoiak desagertu eta laurehun mila mairu azaldu ziren.

Kondairak dio Durandarte ezpata famatua puskatzen saiatu zela Errolan, musulmanen eskuetan ez uzteko, eta kolpe itzela eman ziola harkaitz bati: harkaitza hautsi eta iturri bat sortu zen. Bentarteko lepoan dagoenari deitzen diote Errolanen Iturria orain. Baina inguruetako artzainek diote betidanik beste iturri bat izan dela Errolanena, mendian ezkutuago dagoen beste iturri bat, baina turismoa sustatu nahi duten agintariek izena lekuz aldatu zuten: Bentarteko iturria Donejakue Bidean dago, milaka erromes pasatzen dira urtero eta mitologia pixka bat eskaini nahi izan zieten.

Hori da kondairek duten onena, XI. edo XXI. mendean: erabiltzailearen beharren arabera moldatzen direla, arazorik gabe, komeni den moduan. •

www.anderiza.com