Miguel Fernandez Ibañez
IPAR KURDISTAN

Kurduen garai bateko zaza hizkuntzari buruzko eztabaida bizirik dago Anatoliako penintsulan

Batzuek diote zaza herriak talde etniko propio bat osatzen duela, Turkiako Estatuari interesatzen zaion moduan, eta beste batzuek, aldiz, herri kurduaren zati bat baino ez direla. Ipar Kurdistango makina bat herri bisitatu eta era guztietako iritziak jaso ditugu. Kurduen mugimendua ahultzeko erabiltzen du hizkuntza Ankarak.

Anatolia penintsulako ekialdean bizirik dago zaza herriaren inguruko eztabaida. Batzuek diote talde etniko propio bat osatzen dutela eta beste batzuek, aldiz, herri kurduaren zati bat baino ez direla. Azken boladako eztabaida akademikoak 30 urte ditu dagoeneko, baina herritarren erantzunak indar politikoek eragindakoak dira. Batzuek Zazaistan esaten dioten eremua Ipar Kurdistanen dago. Kamilek Erganiko irteeran gelditu du kamioia. Diclera doa. Beste 30 kilometro. Ni eramateko prest dago. «Zertan ari zara hemen?», galdetu dit agurtu ostean. «Zaza herria ikertzen», erantzun diot.

Kamilen kamioi zaharra Udalak erabiltzen zuen bere garaian, hormigoia garraiatzeko. Errepideko zuloekin batera dantzan ari dela dirudi. Ezkerrean, Taurus mendilerroa dugu (beste aldean, Elazig probintzia kontserbadorea). Eskuinean, Diyarbakir hirira doazen bide irregularrak.

Errepidearen bi aldeetan, Turkiako banderak dituzten kasetak. Korucu-en etxolak dira, Ipar Kurdistanen PKK gerrillaren aurkako borrokan Estatuak erabiltzen dituen zaindarienak. Kamil haserretu egiten da horiek ikuste hutsarekin: bere ustez, zaza herriaren inguruko eztabaidak badu zerikusirik korucu horien arazoarekin: «Estatuaren erruz kurduak saltzen dituzten kurduak dira».

Anatoliako hemezortzi hizkuntza daude desagertzeko zorian eta zaza hizkuntza horietako bat litzateke, adituen arabera.

Bi milioi hiztun

Bi milioi lagunek egiten dute zazeraz, batez ere herrixketan; gehienek 1980ko hamarkadan hasitako gatazka akademiko eta politikoari kasu handirik egin gabe. Batzuen arabera, zaza herriak talde etniko propio bat osatzen du (Turkiako Armadak bat egiten du posizio horrekin). Besteek, HDP Herrien Alderdi Demokratikoaren ingurukoek, berriz, esaten dute zazak kurduak direla eta Ankarako Gobernuak erabiltzen duela kausa hori kurduen mugimendu politikoa zatitzeko.

Akademikoak ez dira ados jartzeko gauza izan eta herritarrek, horien xehetasun teorikoak alde batera utzita, eskualde bakoitzean nagusi den indar politikoaren arabera erantzuten dute: Diyarbakirren esango dizute zazak kurduak direla; Elazigen eta Bingolen, zazak ez direla kurduak eta bakarren batek bota dezake turkiarrak direla; eta herrialdeko hezkuntza mailarik onena eskaintzen duen Dersimen bi eratako erantzunak jasoko dituzu.

«Zazen inguruko eztabaidan eragina dute propaganda politikoak zein erlijiosoak. Batzuek lehentasuna ematen diote erlijioari, eta besteek etniari, baina bi kasuetan propagandak eragin du herritarren posizioa», Zulfu Selcan hizkuntzalariak GAUR8ri onartu dionez.

Dicle herriak garrantzia estrategiko handia du Kurdistango gatazkan. Bertako urtegien aurkako makina bat eraso egin ditu PKK-k, baina ezin da esan gatazka bertan beste lekuetan baino gogorragoa denik (horretarako mendian gora joan behar da, edo ekialdean, Licera).

Bertan hasten da AKP Justiziaren eta Garapenaren Alderdiaren (Erdogan presidentearena) presentzia. Bisitariei ez zaie ongietorririk egiten.

Kamil gidariak esplikatu digunez, «herrixka hau zaza da, eta ondokoa, kurdua. Nahastuta bizi gara. Zazak hizkuntza ezberdin bat duten kurduak dira».

Zazera, kurduera eta Ala

Herrixka bat ikusten dugun bakoitzean, gure gidaria zazerazko izena esaten saiatzen da. Bere hiru seme-alabek zazeraz ikastea nahiko luke: «Ehun urte egin ditugu geure hizkuntzaren alde borrokan, eta beste ehun egingo ditugu».

Azkenean Diclen gara. Erdigunea sekulako aldapa da. Gora eginez gero, mendietara zoaz, oso lagun gutxik hartzen duten bidea. Alik eta Celalek diote zazak kurduak direla: «Kurduak gara, baina geure hizkuntza zazera da. Edonola ere, garrantzitsuena Ala eta Korana dira», esplikatu dute burdin artisauek.

«Kurduak zazak bereganatzen ari direla esaten da», bota diegu. «Gezur hutsa! Estatuak zabaldutako gezurra! Bilgol eta Elazigeko biztanleak bai, horiek Turkiako Estatuak asimilatu ditu. Kurduok Estatuaren asimilazio ahaleginak jasan behar izan ditugu, baina inoiz ez dugu inor geureganatu», laburtu du beraien posizioa Alik, bisitariari tea eskaini aurretik.

Kurdu gehienen iritzia bat dator Sebahattin Gultekin irakasleak esaten duenarekin. Zazerazko gramatikari buruzko zenbait liburu idatzi dituen gizonak dio zazera garai bateko kurduera baino ez dela. Beste hizkuntzekin ia harremanik izan ez duenez, kurduerak ez duen purutasunari eutsi dio. Berak “kirmancki” deitzen dio zazerari eta bat dator Alirekin Turkiako Estatuak kurduak zatitu nahi dituela esatean.

Dicletik 34 kilometrora dago Alacakaya. Bertan Gultekinen ideiek ez dute indarrik. Herri txiki horretara iristeko Dicleko kale nagusia utzi eta beste bat hartu behar da. Bertan ez dute zerbitzu publikorik eta ia ez da autorik ikusten.

PKKren aurkako gerra ez da hemen beste herri askotan bezain gogorra izan, baina ezin esan bakean bizi direnik. Aurrerago jakin nuen Dicle eta Alacakayako herritarrak beraien artean gaizki konpontzen direla. Horregatik, Dicletik Alacakayara garraio publikoa erabiliz joateko Erganira itzuli behar duzu eta, gero, Elazig eskualdean sartu, Maden herrira iritsi eta bertan autobus urdin txiki bat hartzeko. Ibilgailuak eramango zaitu aldapaz jositako bidean, herrixka zaza eta kurduen artean.

Herritarrak txantxetan ari dira autobusean. Mendiaren araberako egitura duen Alacakayara iritsi baino lehen Mehmetek bere etxean ostatu hartzeko aukera eskaini dit. Elkarrekin goaz kafetegi batera: Anatoliako bazter guztietan bezalaxe, bezeroak kartetan ari dira. Emakumerik ez da ageri kalean; are gutxiago kafetegian.

«Herri ezberdinak gara»

«Herri ezberdinak gara, geure kultura eta hizkuntza antzekoak diren arren», adierazi du Gokhanek, mahaira kartak botatzen dituen bitartean. Futbol partida jakin batean zein talderen alde apustu egin galdetzen die lagunei. 23 urte ditu, supermerkatu batean egiten du lan eta aurki ezkontzekoa da. Mehmeten lehengusua da. «Ez dakit egia izango den kurduak gu asimilatu nahian dabiltzala, baina Estatuak ez du kontu hau erabili kurduak zatitzeko», esan digu.

Aziz ere kartetan ari da. Gokhanek baino hamar urte gehiago ditu eta berak esaten du jokalari hobea dela. Ez dator bat kurdu askok esaten dutenarekin: «Ez gara herri bera. Guk kurdueraz ikasten dugu, baina beraiek zazeraz ez. Gu ez gara kurduen kontuetan sartzen, baina beraiek gure kontuetan bai. Hauteskundeetan izaten diren emaitzei erreparatzea nahikoa da pentsaera ezberdina dugula konturatzeko. Niri Dicleko herritarrak ez zaizkit gustatzen terrorismoaren aldekoak direlako».

Iaz egin zen erreferendumean, Erdogan presidenteak eskatutako baiezkoak erraz irabazi zuen Alacakayan (%79,4), Diclen bildu zituen aldeko botoen proportzioa bikoiztuta. Mendi arteko leku honetan Gobernuak dioenarekin bat egiten dute: zazak ez dira kurduak. Gainera, Azizek onartu digunez, beste erlijioren bat dutenekin ez dira fidatzen: «Tunceliko herria zoragarria da. Arazo bakarra erlijioa da; horrek zatitzen gaitu».

Alacakaya utzi eta mendian behera hasi gara. Aldapak amaitzen direnean, urtegiak hasten dira. Azkenean Kovancilar hiria ikusi dugu, Elozig, Bingol eta Tunceliren arteko bidegurutzea. Azken hiri horretara hurbiltzen garenean, korucu-ak ageri dira. Aldapa berriz. Mendiak dira kurduen lagun bakarrak.

Tunceli Dersim hiriaren turkierazko izena da. Zaza herriaren inguruko eztabaidaren zentro inportanteetako bat da, turkiar gehienentzat garrantzirik ez duen kontua, baina kurduentzat lehentasuna duena.

Tradizio komunista

Azken urteotan HDP asko indartu da tradizio komunista duen eskualdean. Erlijioari dagokionez, aleviak dira herritarrak, eta musulman suniten alderdiak ez dituzte gogoko. Herritar batzuek diote alevismoa ez dela erlijio bat, iritzi multzo bat baizik. Ataturk errespetatu egin behar al dute? Hau da, 1937ko eta 1938ko beraien aurkako bonbardaketak agindu zituen agintariarekin zer egin behar dute? Zer dira, turkiarrak, kurduak, zazak…? Egun osoa eztabaidan pasa dezakete Tunceliko lagunek.

Adituek diote mendi artean ezkutatuta dauden herrixka horietan zazerak beste inon baino indar handiagoa duela. Zaharrenek menderatzen dute beren hizkuntza, baina gazteenak Ankarak abian jarritako asimilazio politikaren biktima izan dira eta ezin dute zazeraz egin.

«Ni herritar xume bat besterik ez naiz eta ez dakit gauza handirik, baina ez nuke esango ezberdinak garenik. Estatua da gu zatitzen ari dena. Hiri honetan era guztietako sufrimendua jasan behar izan dugu», esan du 75 urteko Hadirrek. Ondoan du Seyid Riza herriko buruzagiaren omenez zutitutako estatua. Supermerkatuko gerenteak isilka esan digu beraiek zazak direla, eta 30 urteko emakume batek zalantzarik gabe esan du kurduak direla. Badirudi gazteek hobeto ulertzen dutela kontua.

Tunceliko Unibertsitateko zazerazko literatura departamentuan berehala antzematen da gaiak eragiten duen aztoramendua. Ikasle gehienak Ipar Kurdistango beste lekuetatik etorritakoak dira: irakasleek bertsio ofiziala eman badiete ere, zazak ere kurduak direlakoan daude.

Ikasgelan posizio horri eutsi dioten ikasleak zigortu izan dituzte. «Unibertsitatean ez dago adierazpen askatasunik eta ematen diren edukiak ez dira batere objektiboak. Selcanek gai honi buruzko eztabaida politikoak debekatu egiten dizkigu. Bere klase batean bere posizioaren aurkako jarrera azaldu nuenean, ‘probokatzaile’ deitu ninduen, ‘kanpoko indarren aldekoa’ zela nire jarrera. Ikasleen %70 nik esandakoaren alde daude, baina hilabete bateko zigorra ezarri zidaten eta azkenean horko ikasketak uztea erabaki nuen, ezberdintasun ideologikoek eraginda», azaldu digu Emrulla ikasle gazteak. Sakelako telefonoan gordea du egun hartako eztabaida.

Ezinezko eztabaida

Zulfu Selcan Unibertsitateko departamentuko buruak esaten du zaza herriak talde etniko propioa osatzen duela: «Zazerazko literaturan lizentziadunak izango dira nire ikasleak, ez kausa politikoetan. 30 urte daramatzagu gaiari buruzko gezurrak entzuten. Kontua bide politikotik eraman nahi dutenak zigortu egiten ditugu».

Emrulla beste Unibertsitate batera joan zen azkenean. Bere ustez, Selcanek bere burua saldu dio Turkiako Estatuari. Gaiari buruzko eztabaida aske bat egiteko eskatzen du, baina oso zaila dirudi Turkian duten testuinguruan, unibertsitate guztietan eduki homogeneoak ematea baita agintari islamisten asmoa.

Asimilazio hitzarekin nazka-nazka eginda daude Ali eta Celal, alde batetik, eta Aziz, bestetik. Kamilek, berriz, kamioia gidatzen jarraitzen du eta esan digu kurduen eskubideak aldarrikatzen segituko duela, inoiz etsi gabe. Aipatzen dituen lehentasunen artean «ama hizkuntzan emandako hezkuntza» dago. Bere burua kurdutzat duen gidariaren arabera, zazera indoirandar familiako hizkuntza bat da, zoroastrismo edo mazdeismoaren “Avesta” liburu sakratuarekin, persierarekin eta balutxerarekin lotura duena.

Oskar Mann hizkuntzalari alemanak ipini zuen Turkiako Estatuari komeni zaion eztabaidaren hazia

Amaitzeko itxurarik ez duen eztabaida akademikoaren hazia Oskar Mann hizkuntzalari alemanak ipini zuen XX. mendeko lehen urteetan. 1903an eta 1907an bisitatu zuen Anatolia, hegoaldea eta erdialdea zehazki. Orduan konturatu zen Urfa eskualdeko Siverek herriko biztanleek ez zutela kurmanjin hizkuntzan egiten, Ipar Kurdistanen nagusi den kurdueraren aldaeran, beste hizkuntza batean baizik. Beste hizkuntza horri zazera deituko zioten.

Mannen eta bere jarraitzaileen teoriak ahaztuta geratu ziren urte askoan, 1980ko hamarkadan Turkiako Estatuaren eta PKK Kurdistango Langileen Alderdiko indarren arteko borrokak hasi ziren arte.

Geroztik bi teoria ditugu. Lehenengoa Alemaniatik dator, Anatoliatik ihes egin behar izan zuten herritarrek bultzatuta. Mesut Keskin eta Zulfu Selcan bezalako hizkuntzalariek diote zaza eta kurdua bi herri ezberdin direla. «Lurralde bateko bi herrik bi hizkuntza badituzte, eta herri batekoak bestekoarekin hitz egiteko gai ez badira, bi herri ezberdin dira», dio Zulfu Selcanek.

Erakunde kurdu askoren sostengua du beste tesiak, Rosan Lezgin eta Sebahattin Gultekin bezalako adituek defenditzen dutenak. Zazera garai bateko kurduera baino ez da, beste hizkuntzekin harreman gutxiago izan duelako gutxiago kutsatu dena. Horregatik ezberdina dirudi.

«Zazerak mendi artean bizirik jarraitzen du. Horixe da garai bateko kurduera, eta bertatik sortu ziren sorani eta kurmanji bezalako aldaerak. Antzina Estatuaren presioak eragin zuen herritar askok mendietara ihes egitea, hizkuntza, erlijio eta guzti. Ez dut ulertzen Mannek zergatik esan zuen zazera hizkuntza ezberdina dela. Bera Siverekera joan zen, baina Dersimera joan izan balitz, esango zukeen han ere beste hizkuntza bat dagoela, Siverekekoek bertakoek esandakoa ezin dute ulertu-eta», esplikatu du Gultekinek.

Bi hizkuntzak alderatu ditu Gultekinek. Ondorioztatu du zazeraren eta kurdueraren gramatikak sekulako antza dutela, persierak ez duena, esaterako. Hitz asko, hori bai, ezberdinak dira, baina adituak dio kurduerak beste hizkuntzetako hitz asko hartu dituela, eta hortik sortu direla ezberdintasunak.

Gainera, Historiak ere tesi hori sustengatzen duela idatzi zuen Abdulla Ocalan PKK-ko buruak (Turkiak preso dauka oraindik) “War and Peace in Kurdistan” izenburuko liburuan.

Zulfu Selcanekin Mamakin hitz egin dugu. Hori hiriaren zazerazko izena da, turkieraz Tunceli esaten baitiote, eta kurdueraz Dersim. Unibertsitateko bulegoan esplikatu digu ez duela Gultekinekin ezer eztabaidatzeko asmorik. «Turkiako Estatuaren agente bat naizela esan didate, baina guk debekatuta zegoen hizkuntza bat defenditu besterik ez dugu egin. Salaketa horiek gezur hutsa dira», esan digu. Lasaitasunez hitz egiten du, PKK aipatu dugun arte. Bere arreba erakunde horretako kidea zela hil zen. «PKKren eraginez bere buruaz beste egin zuen», salatu du irakasleak. Bere ustez PKK-k eragin du zaza eta kurduen arteko egungo aldea, erakunde hori sortu arte guztiak elkarrekin bizi baitziren.