Ula Iruretagioena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

Lurraldearen desorekak

Lurraldearen antolaketa, gizakion bizimoduan eragina duten funtzionamendu politika desberdinak ezartzeko lan eskala da. Eskala horretan lurraldearen unitate morfologikoen konplexutasuna ulertzea posible da, ingurumen naturalaren ekosistemak eta giza bizitza gainjartzeak irakurgai baitira. Konplexutasun maila horrek ikuspegi bateratu bat izatea baimentzen du, baina zehaztasun maila handirik gabe. Batzuek defendatzen dute eskualde mailatik egindako antolaketak loteslea beharko lukeela, hau da, hartutako erabakiek lurralde-arau gisa funtzionatu beharko luketela beste antolaketa eskala txikiagoentzat (udalerriak kasu). Beste batzuk, aldiz, gida eta estrategia nagusiak erabakitzeko eskala dela defendatu arren, eskala txikiko antolaketak ere estrategien garapenean aldaketak eta egokitzapenak egiteko aukera izan behar duela uste dute. Bata edo bestearen alde egiteko, kasuan kasuko lurralde azterketa egin behar dela esango nuke nik. Baina argi dagoena da eskualde eskala dela ikuspegi integralarekin lurralde plangintza egiteko egokiena; gainera, egikaritze eta zehaztapen prozesuaren koordinazioa eta jarraipena egiteko eskala aproposa ere bada.

Lurralde eskalan eta mapari begira ari garela, bizitokiak puntu borobilen bidez sinplifikatuta daude. Tamaina desberdinetako puntu horiek (etxe isolatuak, etxe isolatu multzoak, herriak, hiriak, hiriburuak) gainontzeko elementuak ezabaturik irudikatuko bagenitu, zeru-izar mapa bat osatuko genuke. Eta bizilekuen satelite-marrazki horrek sistema bat bezala funtzionatuko luke sateliteen artean lotura-harremanak ezarriz gero. Eskualde mailako antolaketaren helburu nagusietako bat, hain zuzen, bizitokien sistema horren lotura-harremanak finkatzean datza. Afektuzko harremanetan bezalaxe, bizitokien artean ere hiru harreman mota nagusi daude: hierarkikoa, dependentziazkoa eta osagarritasunezko harremana.

Bizitokien sistema diseinatzerako garaian, biztanle kopuruak berebiziko garrantzia du, izan ere, lurraldearen desoreka-afera hiri-tamainen inguruan datza hain justu. Mapan zenbat eta satelite-puntu handiagoa erdietsi, orduan eta botere –ekonomiko– gehiago. Puntu lodi batek erakartze-efektua –dependentzia harremana– sortzen du bere inguruan diren tamaina txikiagoko bizitokiengan eta mundu mapan ikusgarritasuna hartzen du.

Ohiko bizimoduan berebiziko garrantzia du puntuaren tamainak, ospitalea, unibertsitatea, kultur zentro nagusia, igerilekua, kongresu aretoa bezalako zerbitzuak bertan bildu eta kontzentratzeko estrategia erabiltzen delako. Hiriburuen gehiegizko zentralitatea bultzatzen da, tamaina eta izaera desberdinetako zerbitzuen sistema heterogeneo bat garatu beharrean (aurrekontuei erreparatuz gero gune nagusien aldeko apustua argia da). Hiriguneak zerbitzuen zentro biltzaile izateari abantailak ikusiko dizkiote seguru askok, fast food janariaren arrakasta-argudio berdinari eutsiz: kalitatearen gainetik, erosotasuna irabazten da.

Eraikuntzaren zoramen urteetan, berriz, Estatu espainiarrean –eta gurean– beste sistema eredu bati heldu zaio: edozein tamainako bizitokiek handiekiko duten zerbitzu-dependentzia puskatzea. Desoreka erregulatzeko taktika baten barnean pentsatu izan balitz, sistemaren osaera orekatuagorako eredu ere izan zitekeen. Baina jakina da han-hemenka altxatu diren ekipamenduek ez zutela ibilbide orririk jarraitzen.

Lurralde desoreken inguruan gogoeta egitea beharrezkoa da euskal eremuan, Gipuzkoan eta Bizkaian batik bat, lurraldeok hiri ertain askoko sistema batekin osatuta daudelako. Giza harremanetan gertatzen den bezalaxe, osagarritasun loturetan oinarritutako sistema baterantz jotzeko erronka dugu aurrez aurre. •