Gorka Zozaia - @zotz_
Kimikaria

Zibersegurtasuna ala autodefentsa digitala?

Atentzioa eman zidan aurrekoan irratian Araban zibersegurtasun zentro bat zabalduko dutela jakiteak Gipuzkoan haserrea eragin duela entzuteak. Atentzioa eman bide zidan bikote politiko obszenoaren kalapitak aireratzen ari zitzaizkigulako aste berean Bilbotik eta Gipuzkoatik, baina are, Miñao ez nuelako Epsilonen kontuetatik entzuten eta antza beste proiektu izar bat jasoko duelako. Ez da txantxetarako kontua, aurreko hilabetean izan ziren “zibereraso” masiboak azken urteotako gorakadaren ispilu besterik ez baitira, eta garrantzitsua da segurtasunaren profesionalak lan honi ekitea. Hala, auzo bat babesteko argindarra mozten duten berberek, “Zibersegurtasun Zentro Baskoa” jarriko dute martxan irailetik aurrera, haien esanetan, «azpiegitura kritikoak eta enpresa ‘baskoak’ mehatxuen aurrean babesteko». Jakina, “mehatxua” zein ote den da gakoa, eta ez nuke hemen honetan luzatu nahi, baina Miñaoko zentroa zabalduko duten berberentzat bonbak kargatzeari uko egin zion suhiltzailea da mehatxua...

Aliantza Atlantikoaren segurtasun politikek gaurkotasun handia dute Gernikako bonbardaketen 80. urteurrenaren garai ankerrotan. Teknologia militarrerako laborategi hautatu gintuzten orduan, eta gaur da eguna gu geu garena berrikuntza eta ikerketa teknologikoa industria militarraren eskutik egiten ari garenak, logika neoliberal aplastanteaz noski, hortxe baitago dirua (eta ez Trumpena soilik). Bitartean, Tapia eta Beltran de Herediak aipatu berria eman zuten aste berean, Aliantza Atlantikotik at den Txinak urrats kualitatiboa iragarri zuen, hain zuzen ere, zibersegurtasunaren eremuan. Gurean matematikak kriptografiarako edo robotak gizakiengandik banatzeko darabiltzagun bitartean, Txinan telekomunikazioak uhin elektromagnetikoen bidez egin ordez, korapilatutako fotoien bidez egiteko aukera bizkortzen dabiltza, hackeatzea ezinezkoa litzatekeen sarea eraikitzen joateko. Hots, munduari aurrea hartu diotela telekomunikazio kuantikoaren esparruan.

Korapilaturiko fotoien fenomenoa, arin esanda, honoko fenomeno kuantikoa da: partikula bi kuantikoki korapilatuta badaude, batean eragitean bestean ere eragiten da, biak distantzia handira egon arren. Bikiekin gertatu ei denez, bi partikulek ez dute sistema independente gisa jokatzen, baizik eta sistema bakar bezala. Horrek esan nahi duena da, iturri beretik korapilatuta irteten diren fotoi bi distantzia batera dauden hartzaile banatara bidaliz gero, hartzaileetako batek fotoi bat manipulatzean beste hartzaileak manipulazio hori ikusiko duela berari heldu zaion fotoi korapilatuan, bien artean inongo mezurik (hots, uhin elektromagnetikoetan oinarrituriko ohiko telekomunikaziorik) bidali gabe. Alegia, bi hartzaile horien arteko komunikazio bat ematen ahal dela bitartekorik gabe eta horregatik dela hackeatu ezina. Ezaugarri kuantiko horren ustiaketan aspaldian dabiltza fisikariak, fotoien korapilatzea gero eta distantzia handiagoetan lortuz. Orain arte 100 bat kilometro arteko distantzia lortzen bazen, txinatarrek 1.203 kilometrotara lortu dute fotoiak korapilatuak mantentzea Micius satelitearen bidez. Hurrengo saiakera Txina eta Europa arteko komunikazio interkontinental bat egitea izango da, eta, ondo bidean, 2030. urterako mundu mailako sare bat izatea aurreikusten dute.

Edward Snowdenek AEBek euren enpresak salduriko hardwarearen bidez mundu mailako espioitza egiten zutela argitara eman zuenetik bertako produktuen inportazioa mugatu zuen Txinak. Adi dira txinatarrak informazioaren aro honetan, eta adi beharko genuke guk geuk ere. Tabernetan notak uztetik Google bidez komunikatzera pasa gara, ezkutatzeko ezer ez dugulako antza, besterik barik zerbitzu on bat doan ematen digutela pentsatzen dugulako, produktua gu geu garenean. Harrikada handiegia izango da oraindik, baina nago segurtasuna telekomunikazio sare propioak eraikitzetik etorriko dela, auzokideari mezu bat helarazteko hodeirik behar ez izatetik, alegia.

Baina tira, urgenteak ez diren gai inportanteen zakuan sar dezakegu hau ere momentuz... •