Iñaki Altuna

Estatu espainolak inork baino hobeto ulertu zuen

ETAk borroka armatua utzi zuenean, 2011ko urrian, gatazkaren ondorioak konpontzeko garaia zela hedatu zen gure artean. Hori zela egin beharrekoa uste zuten herritar askok. Ezker abertzaleak, zehazkiago, ondorioak gaindituta prozesu politikoa azkartzeko ahaleginari ekin beharko zitzaiola adierazi zuen. Gutxieneko egoera demokratikora heltzeko asmoa azaldu zuen, gero, bere egitasmoari jarraituz, beheko kanpamentu horretatik independentziaren gailurrera iritsi ahal izateko.

Inork baino gehiago Madrilek sinetsi zuen bide orri horren egingarritasunean. Izan ere, horrelakorik gerta ez zedin, lehen urratsetik ibilbidea eragozten saiatu baitzen. Berez, gatazkaren ondorioak gainditzea guztiontzat beharko luke onurako. Armak, biktimak, kartzelak… pakete oso horri erantzuteak ekinbide positiboa baitirudi. PPko Gobernuak, ordea, beste irakurketa bat egin zuen: gatazkaren ondorioak gaindituta, prozesu politikoa azkartuko bada, nork izango du bere proiektuan aurreratzeko aukera gehiago? 78ko erregimena auzitan jartzen ari zen unean, ez zen ustelkeriaren pipiak jotako Estatua izango eskaintza erakargarriena, bistakoa zen.

Estatu espainolak gatazka politikoei modu bortitzez eta ez demokratikoz ekiteko berezko duen joera ahaztu gabe, oraingo honetan gatazka armatuaren giroa behin eta berriro elikatzeko beharra zuela ondorioztatu zuen Madrilek, eta jada existitzen ez zena existitzen zela islatzen egin zuen indarra. ETAk 2011ko urtarrilean su-eten iraunkorra eta orokorra iragarri zuenean, garai hartan oraindik erakunde armatua zena ekintzak prestatzen ari zela zabaldu zuen Barne Ministerioak. Eta jokabide horrek ez du etenik izan orduz geroztik, beti saiatu izan baitira euskal gatazka “logika antiterroristaren” baitan kokatzen. Armagabetzearen inguruan sortutako egoera groteskoa dugu adibide nabarmenena. Ez zuten armagabetze adosturik ez aldebakarrekorik nahi. Beren hautua garaipen poliziala goraipatzearena baitzen, betiko lez.

Eta hari horri tiraka iritsi gara aste honetan bertan Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak egindako astakeriara Altsasuko gazteen auzian. Terroristak direlako. Euskal terroristak, zehazkiago esanda. Gau giroko liskar bat ETAko ekintza talde baten jardunarekin parekatu dute, borroka armatua amaitu zenetik zazpi urte pasa direnean.

Bidegabetzat eta neurriz kanpokotzat jo dute askok eta askok fiskalen eskaera. Halere, bada ezintasun sentipen bat barru-barruraino sartua Euskal Herrian. Zertarako balio du Altsasuko herri osoa astakeria horren kontra egotea? Zertarako Nafarroako erakundeak Altsasuko gazteak jasaten ari direnaren kontra agertu izana? Estatuaren logikak berdin-berdin segitzen du, terrorismoa eta terroristak bilatzen.

Gazi-gozoa era bada Espainian aldaketa demokratikoa ekarriko zuela zioen indarraren erreakzioa. Bai, Podemosek gehiegikeriatzat jotzen ditu horrelakoak, baina, betiere, Estatuaren kontakizunaren abiapuntua neurri handi batean ontzat emanez. Altsasuko gertakarien ondoko lehen erreakzioa negargarria izan zen. Erregimena zalantzan jartzeko gogo hark behera egin duen seinale.

Bi errealitate horiek (Estatu honen barruan etsipena baino ez dugu euskaldunok ordainsari, alde batetik, eta aldaketa ekarri behar omen zutenak ez dira kontakizun nagusia zalantzan jartzeko gai, beste batetik) berresten dute Estatuaren demokratizazioaren bidean ezin dela, gaur-gaurkoz, itxaropen handirik izan, eta burujabetzaren bidea dela eremu guztietan, baita gure gazteak kartzelan ez usteltzeko ere, aukerarik eraginkorrena. Katalunia urrats erabakigarriak egitera doa zentzu horretan, eta hori ikusita hobeto uler daiteke Estatuaren jokabidea “euskal gatazkari” dagokionez, betiere bai Katalunia eta Euskal Herria nazio gisa bai erabakitze eskubidea bere horretan onartzeko asmo txikiena ez duenez. Horregatik nahiago izan du Euskal Herrian lehen unetik, gatazka armatuaren ondorioen bueltan, egoera trabatu burujabetzaren aldeko bigarren fronte bat gorpuztu aurretik. •