Iñaki Soto

Masterra bidea ireki duen nazionalismoaz

Euskal Nazionalismoa XXI. Mendean unibertsitate masterrak bereak egin du, ez du gehiagorako ematen, horrela ez da bideragarria. 2010. urtean hasi zen UPV-EHUn, Julen Zabalo eta Mario Zubiaga irakasleen bultzadaz, beste askoren artean. Etena iragartzen zuen mezua jaso dudanean noiz hasi ginen bilatu dut, eta, oroitzen ez nintzen arren, masterra abiatzearekin batera biei GARArako elkarrizketa egin niela ikusi dut [goo.gl/V9D7Su]. Orain irakurrita, abiatze-faseari lotutako kutsu publizitariotik harago, helburuak bete direla eta aurrerapen handia egin dela baiezta daiteke.

Masterra maila honetan nazionalismoari buruzko ikerketak gure unibertsitatera ekartzeko ahaleginik sendoena da. Euskal nazionalismoa betidanik izan da atzerriko unibertsitateetan ikerketa-objektu. Ikasketokin gurean ere auziari buruzko ikerketarako egitura bat antolatzeko lan egin da. Ikerketan subjektu izatera pasa gara, ez da gutxi.

Diziplinartekotasuna masterraren ezaugarri nagusietako bat izan da. Alegia, alor desberdinetako irakasleek eman dituzte eskolak bertan. Unibertsitatean apurtzen oso zaila den fakultate eta sailen egitura gainditu da, ahalik eta ikasketa osatuenak eta kalitate handienekoak ematea helburu. Atzerritik adituak ekartzeko esfortzua nabarmendu behar da. Ikertzaileak trebatzeko lan handia egin da. Irakasleen ikuspuntuak ere oso anitzak izan dira, ikasleentzat ikaragarri aberasgarria dena, nire ustez. Doktrinarik ez da eman, eta ematekotan elkarren aberasgarri, are eta elkarren artean kontraesankor ere izan dira. Zorroztasuna egon da.

Ikasleak ere oso jatorri ezberdinetakoak izan dira, bai geografikoki bai background akademikoari dagokionez: soziologoak, kazetariak, filosofoak, “benetako” zientzietako ordezkariren bat… Tesiarekin aurrera egiten ari direnak eta akademiaz kanpo lanean dabiltzanak ibili dira. Horietako batzuen ibilbidea ezagututa, han ikasitakoari etekina atera diotela nabarmena da.

Nire kasuan, unibertsitatez kanpoko profesional edo “aditu” gisa atal bat ematera gonbidatu ninduten, eta plazera izan da, benetako plazera. Txoli Mateosen lana azpimarratu nahi dut, nire atalaren arduraduna izan baita. Urtero, egunkariko zoramenetik alde egin eta bi egunez ikasleekin nire iraganeko ezagutza akademikoak eta gaur egungo bizipen profesionalak konpartitu ahal izan ditut. Aroak neurri gisa hartzen dituzten teoriak eta horien adierazpen txikiak diren gertaerak konbinatuz nire parte hartzeak izan zezakeen “balio erantsian” sakontzen ahalegindu naiz. Batzuetan lortu dut, beste batzuetan ez. Orokorrean ikasteko borondate txundigarria zuten pertsonak ezagutu ditut, baita herriagatik eta herritarrengatik kezka bizia eta interes zintzoa zuten pertsonak ere.

Duela hamar urte baino gehiago London School of Economics (LSE) prestigiotsuan nazionalismoari buruzko konferentzietan egon ginenean, miresmenez ikusi genuen zer-nolako interesa pizten zuen gaiak mundu osoko ikertzaileen artean. Erpin eta ikuspuntu denetatik begiratzen zioten nazioaren eta nazionalismoaren auziari. Mundu anglosaxoiko agintariak trebatzen dituzten unibertsitate horretan ikasketok anaia txikia ziren, zalantzarik gabe, eta batzuen eta besteen arteko botere borrokak ere sumatu genituen.

Kanpotik begiratuta, egitura akademiko horiek ahuldu egin direla dirudi, baina aurrerantzean auziaren interesak gora egingo du, etengabe. Eskozia, Katalunia, Brexita, exodoak, hegemonia eta eskubideak, herritartasuna… fenomeno horren adierazpenak ere badira, baita ikerketarako gai ezin aproposagoak ere. Urrutiago joan gabe, aipatutako LSEren baitan kokatzen zen ASEAN taldeari adar bat jaio zaio iragan maiatzean, non eta Edinburgon [goo.gl/T8n7nM].

Masterraren zuzendariei duela zazpi urte egindako elkarrizketa irakurri eta ordutik honako bidearen errepasoa egitean, Eusko Ikaskuntzan egiten ari diren Liburu Zuriari buruz Mario Zubiaga berari eta Beatriz Akizuri oraintsu egindako beste elkarrizketa honetaz oroitu naiz [goo.gl/Q6keZs]. Akademiari propio zaion geldotasunaz, alor honetan beste askotan baino gehiago egin dugula aurrera esango nuke. Bide horretan masterra ekarpen handia izan da. •