Jose Angel Oria

TRUMPEN BIDEAN JATORRIZKO HERRIEK IPAR DAKOTAN JARRITAKO OZTOPOA

Mendeak gizon zuriaren menpe egin dituzten jatorrizko herriek kanpaina eredugarri bat jarri zuten abian eta petrolioarekin aberasten direnen asmoak arriskuan jarri zituzten. Rafael Tufawon ekintzailea harro dago egindakoaz. Europa bisitatu du esperientzia konpartitzeko.

James Boasberg epaileak arrazoia eman die Standing Rock erreserbako herritarrei eta ekintzaileei, dagoeneko lanean ari den DAPL oliobidearen jarduerak eragin ditzakeen ondorio kaltegarrien inguruko azterketa gehiago egin behar dela esatean. Horixe eskatzen zuen iaz Ipar Dakotako paraje haietan 12.000 ekintzaile elkartzera iritsi zen giza mugimendu eredugarriak. Poztekoa da berria, oliobide horren aurkako borroka berriz indartu egingo du-eta.

Texasen egoitza duen Energy Transfer Partners konpainiak eraiki du 3.800 milioi dolarreko kostua izan duen egitura. Ipar Dakotako mendebaldeko petrolioa Illinoisko instalazioetara eramateko egin dute, bertatik mundu osora saltzeko. Ekainaren 1ean hasi zen lanean eta dagoeneko isurketa batzuk eragin ditu. Ipar Dakotan egunean ateratzen den petrolioaren erdia garraiatzeko gaitasuna du.

Proiektuak Ipar Dakotako jatorrizko herriak mehatxupean ipini ditu ordea. Oliobidea ixteko agintzeko eskatu diote epaileari, haren jarduerak beraien ingurumenean eta bizimoduan oso ondorio kaltegarriak izango dituelakoan. Eta epaitegietatik kanpo, beren mezua zabaltzen saiatzen ari dira. Europako makina bat hiri bisitatu dituzte maiatzaren 19az geroztik, G7 munduko estatu aberatsenen taldearen gailurraren aurkako mobilizazioetan, banketxeen okupazio sinbolikoetan, Alemaniako Hambacher basoaren aldeko eta ikatzaren aurkako kanpaldian, BBVA, Credit Suisse eta Societe Generale bezalako bankuen aurkako mobilizazioetan…

«Europan komunitate asko borrokan ari direla ikusi ahal izan dugu», esan dio GAUR8ri Rafael Tufawon Gonzalesek. «Oso borroka ezberdinak dira, baina neurri batean guztiek helburu berberak dituzte, jendea babestea». Hip hop abeslaria (Bruselan 12.000 lagunen aurrean aritu zen), Bilbon eta Donostian izan zen ekainean, Standing Rockeko borrokaren inguruko lekukotasuna eta hausnarketak konpartitzeko. Italian ezagutu ahal izan dituen mugimenduak bereziki inspiragarriak iruditu zaizkio Tufawoni. Bolonian plastikozko lan-jantziekin eta bizikleta gainean Intesa-San Paolo bankuaren egoitzara sartu ziren eta beren propaganda banatu. Hiri horretako Labas Occupato ekimena goraipatzen du.

Rafael Tufawon Gonzalesen aita taino edo arawak etniakoa da, Puerto Ricokoa. Eta ama, lakota, “siux” hitzarekin laburtzen ditugun etnien multzokoa. Iaz Standing Rocken izan zen, oso jendetsuak izatera iritsi ziren mobilizazioetan esku hartzen. Energy Transfer Partners konpainiak ordaindutako segurtasun agenteek zauritu egin zuten. Obama garaiko presidenteak proiektua geldiarazteko agindu zuenean, sekulako poza bizi izan zuen, eta, aldiz, Trumpek kontrako bidea hartu zuenean, beheraldia iritsi zitzaion. Emakume indigenek «uraren aldeko borrokan» izan duten protagonismoa nabarmentzen du. Hedabide alternatiboek eragin ditzaketen aldaketak ere aipatzen ditu, bere esperientziatik abiatuta.

1851ko ituna

Donostiako hitzaldia Guardetxean eskaini zuen, Alde Zaharrean. Aretoa BBVAren aurkako pankarta batekin apainduta zegoen. Euskal Herrian egoitza duen entitate hori da Estatu espainolean armagintzan gehien inbertitzen duena eta ingurumena erabat kaltetzen duten proiektuak finantzatzeko garaian ere beti lehen lerroan egoten da, baita Dakota Access oliobidearen kasuan ere. Goiko aldetik erortzen ziren pintura puskek testuinguru surrealista samarra eman zioten ekitaldiari.

Rafael Tufawon Gonzales Minnesota estatuko Minneapolis hirian bizi da, dakota etniako herritar asko erabat integratuta bizi diren lekuan. Etxetik sei ordura dagoen Standing Rockera joatea erabaki zuen, bertan antolatzen ziren oliobidearen aurka eta bizitzaren aldeko ekintza zuzen eta ez-biolentoetan esku hartzera. Iazko abuztua zen.

Gogoan du abeslariak lehen egun haietako mobilizazioak antolatzeko garaian emakume indigena baten lurrak oso garrantzitsuak izan zirela. Emakume hura Tufawon bera bezala Europan barna ibili da, Parisen zehazki, bizitako esperientziaren berri ematen. Ondoren mobilizazioa erreserbatik Missouri ibaiaren beste aldera eraman zuten, Cannon Ballera, baina AEBetako Gobernuak eta jatorrizko herriek 1851n sinatu zuten itunaren pean dauden lurretatik irten gabe.

«Gure lurra da», esplikatu zuen Minneapolisko ekintzaileak 1851ko itunaren arabera lakota, dakota eta nakota herriei utzi zieten eremuarengatik. AEBetako Konstituzioak berak jasotzen du ituna. Baina paperak dioena betetzeko joerarik ez dute izaten agintari guztiek, eta, une batez deskuidatuz gero, hiriburuan erabakiak hartzen dituzten gizon zuriek ezer gabe utziko dituzte indigenak. Historia adibidez josita dago eta jatorrizko herrietako kideek txiki-txikitatik bizitzen dute egoera hori.

«Ingurumen arrazakeria»

“Ingurumen arrazakeria” kontzeptuaren berri ere eman zuen Tufawonek Guardetxean. Esplikatu zuen oliobidea Standing Rocketik pasako zela erabaki aurretik, sustatzaileen lehen asmoa zela egitura Bismarck Ipar Dakotako hiriburutik pasatzea. Herritar zuriak gehiengo diren herrian ez zuen inolako graziarik eragin berriak eta bozketa egin zuten. Oliobidearen aurkako jarrerak erraz irabazi zuen. Ezezkoaren aldekoek argudiatu zuten DAPL hodiak hiriak behar duen ura arriskupean ipintzen zuela. Eta oliobidearen ibilbidea aldatzea lortu zuten hiriburuko herritarrek, Standing Rockekoei ukatzen zaiena.

Tufawonek nabarmentzen du arazoa lekuz aldatu zutela, baina konpondu gabe. Bismarckek zuen arazoa ura kutsatzea bazen, arazo bera dute erreserban bizi diren 8.000 lagunek zein Missouri ibaiko ura edaten eta erabiltzen duten beste 18 milioi lagunek. Gainera, ekosistema osoa mehatxatzen du proiektuak.

Iazko abuztuan hasi ziren hodiak sartu ahal izateko lubakiak egiten, nahiz eta bertakoak erabat aurka zeuden. Lanak hasita, batzuek uste zuten protestaldiarekin jarraitzeak ez zuela zentzu handirik, baina une horretan gertatuko zen ondorengo asteak erabat aldatuko zituen txinparta moduko zerbait. Lakota etniako lau emakume makinen aurrean jarri ziren, eta lanak geldiaraztea eragin zuten. «Kontu hau oso garbi utzi nahi nuke: lau emakume gazte izan ziren makina horiei aurre egiten hasi zirenak», nabarmendu zuen Donostian Tufawonek.

Egun haietan oso erraz geldiarazten zituzten lanak. Minneapolisko abeslariak gogoan du manifestariak langileengana hurbiltzean, makinak utzi eta alde egiten zutela. Orduan ez zegoen ez Poliziarik ez bestelako segurtasun zerbitzurik. Manifestariek mobilizazio baketsuak egiten zituzten, kasu batzuetan indigenen erritu zaharren arabera.

Baina egoera aldatu egin zen eta gauzak larriagotzen hasi ziren. Urrian segurtasun pribatua kontratatu zuten hodia eraikitzen ari zirenek. Uniformedunek zakurrak ere erabili zituzten, ekintzaileak izutu nahian. Manifestari askori kosk egin zieten zakurrek. «Hura izan zen gure aurkako lehen erreakzio biolentoa. Amy Goodman Democracy Now! Interneteko hedabideko kazetariak zakurren erasoak grabatu zituen. Baita piper-gasaren erabilera ere. Erreportajea sarean jarri zuenean, ikaragarri hedatu zen. Birala bihurtu zen. Bazter guztietan ikusi ahal izan zuten guri egiten ari zirena», adierazi zuen. Oliobidearen aurkako mugimendua hazten ari zen. AEBetako jatorrizko herri guztiek bat egin zuten Standing Rockekin, makina bat elkarte, erakunde eta pertsona ezagunek egin zuten moduan. Europatik ere iritsi zitzaien elkartasuna. 12.000 ekintzaile izatera iritsi ziren kanpalekuan.

Ur kanoiak sekulako hotza dagoenean

“Mertzenario” deitzen zieten ekintzaileek beraien aurkako indar armatuei. Uniformedunak bestelako baliabideak erabiltzen hasi ziren: gomazko balak, zalaparta eragiten duten granadak, biktima zorabiatzen dutenak... “Arma ez-hilgarriak”, teorian. Baina egoera jakin batean “ez-hilgarria” dena, hilgarri bihurtu daiteke baldintzak aldatzean (esaterako, erasoa jasan duenak gaixotasunen bat badu). Adibidez, erabilitako ur-kanoiek askoz ere kalte larriagoak eragiten dituzte termometroa zero azpitik dabilenean, Standing Rocken egun haietan izan zuten moduan. «Hipotermia eragin dezakete eta hilgarriak dira», dio Tufawonek.

Oliobidearen aurkako mobilizazioetan esku hartu dutenen giza eskubideak askotan urratu dituztela dio ekintzaileak. Biluztu egiten zituzten miatzeko eta bere lagun bat arroparik gabe sartu zuten zakurren kaiolan, sekulako hotza zegoela.

Hala ere, jatorrizko herriek azken 500 urteetan lortu zuten arreta baino handiagoa eskuratu zuten Standing Rocken. Zergatik? Minneapoliskoak uste du «bizitzaren babesleek eta hedabide alternatiboek bat egiten dutenean oso efektu indartsuak lor daitezkeela».

Abenduaren 4an AEBetako Armadako Ingeniarien Kidegoak lanak geldiarazteko agindu zuen. Askok ospatu zuten berria. Su artifizialak ere bota zituzten. Baina Tufawonek gogoan zuen azken mendeotan AEBetako Gobernua beti gezurretan aritu izan dela indigenekin, eta proiektuak mehatxu moduan hortxe jarraitzen zuela. Berak ez zuen ospatu, eta kanpalekuan geratzea erabaki zuen. Handik egun batzuetara, tribuko nagusiak esan zien alde egiteko, borroka bukatuta zela. Ordurako negua iritsita zegoen eta jatorrizko herriek erabiltzen dituzten tipien tankerako dendatan segitzerik ez zegoen (bisonte larruarekin egiten zituzten garai batean, eta hotzari aurre egiteko egokiak ziren, baina Standing Rocken zituztenak modernoak ziren, oso ahulak zero azpitik 40 gradu dituzunean). Elur ekaitzek ere bertatik joatea eskatzen zuten. Mila lagun geratzen ziren orduan.

1806 autopistako borroka

Standing Rockeko mobilizazioen artean 1806 autopistan izandako borroka da azpimarratzekoa, abeslariaren iritziz. Ekintzaileen kanpalekutik gertu dagoen errepidea Zaldizko Poliziak moztu zuen. Bismarck hiriburura joateko aukerarik gabe utzi zituzten eta, okerragoa dena, larrialdiren bat gertatuz gero laguntza jaso ezinik. Autopistako zubi bat okupatzea erabaki zuten.

Poliziak gasa erabili zuen lehen gauean uraren babesleei eraso egiteko. Bigarren gauean azaldu ere ez ziren egin, baina hirugarrenean... «Inoiz baino haserreago zeuden. Indarra erabili nahi zuten. Atzetik hurbildu zitzaizkigun, gasa eta gomazko balak erabiliz. Mugitzen zen guztiari egiten zioten tiro», esplikatu du Tufawonek. Bera lehenengo lerroan zegoenez, bete-betean harrapatu zuten. Orkatilako marka ez zaio joan oraindik. Inoiz ez omen du horrenbesteko minik sentitu. Shock egoeran geratu zen, erabat gortuta. Gero lagunek esango zioten uniformedunek berriz ere egin ziotela tiro, baina ordurako berak ez zuen ezer sentitzen. Gasaren aurkako maskara jarrita zuen. Bere onera itzultzen hasi zenean, egoera hartan bertan jarraitzerik ez zuela erabaki zuen. Medikuen laguntza behar zuela. Bera zegoen denda berotu nahian sua piztu nahi zuen, baina horretarako gauza ere ez zen.

Lo-zakuan sartuta lortu zuen zertxobait berotzea. Kanpoan tiroak baino ez ziren entzuten. Une horretan pentsatu zuen bere lagunak bera bezain gaizki egongo zirela, edo okerrago. Hunkitu egin zen eta lur jota geratu zen.

Baina emozioak oso intentsoak direnean, aldaketa txiki batek sekulako poza eragin dezake, kontrako erreakzioa eragin dezakeen moduan. Egoera lasaitu eta lagunak berriz ikustea «handia» izan zen.

Otsailaren 22an hustu zuten kanpalekua konderriko Zaldizko Poliziak eta Gai Indigenetarako Bulegoak dituen agenteek. Oliobidearen aurkako mobilizazioak egiteko modu berriak bilatu beharrean sentitu ziren. Hor kokatzen du Tufawonek Europa bisitatzeko ekimena.

Minneapolisko ekintzaileak uste du behar-beharrezkoa dela horrelako proiektuak finantzatzen dituzten entitateen erantzukizuna salatzea. «Europako banku handi gehienek ordaintzen dute ekozidioa, gure lurren desakralizazioa eta genozidioa. Baita klima aldaketa ere. Guk salatu egin behar ditugu banku horiek, tankerako proiekturik inon ordaindu ez dezaten, energia iturri garbien aldeko jarrera har dezaten».

Borroka ez-biolentoa defenditu zuen Tufawonek, jatorrizko herrien esperientziatik abiatuta: «Ekintzaile indigenek askotan erabili izan dute indarkeria, oso emaitza kaltegarriak lortzeko. Askoz ere hobea da ezkutuak erabiltzea poliziek eraso egiten dutenean, edo guztiok elkarrekin abestea, poliziak nola erotzen diren ikusten duzu-eta».

Ehiza eta arrantza eskubideak ez zituzten behar bezala aztertu

«Berri zoragarria da. Baina ez dezagun bizkorregi ospatu. Gogora dezagun Donald Trump oraindik AEBetako presidentea dela», adierazi zuen Tufawonek James Boasberg epailearen erabakiaren berri izan zuenean.

Epaileak arrazoia eman die jatorrizko herriei zein ekologistei, baina oliobidearen jarduera geldiaraztera ez da oraindik ausartu eta ez dirudi ausartuko denik: «Erabaki horrek oso ondorio garrantzitsuak izango lituzke eta auzitegi batek ezin du era arinegian horrelako zerbait ezarri». Uztailean eta abuztuan oliobidearen aldekoek zein aurkakoek beren argudioak aurkeztu beharko dituzte, epaileak ondoren erabaki dezan.

1851n Fort Laramien indigenek eta Gobernuak sinatu zuten itunaren arabera, jatorrizko herriek gainerako herritarrek ez dituzten ehiza eta arrantza eskubideak dituzte, baliabide horren beharra baitute bizirik irauteko. Boasberg epaileak dio AEBetako Armadako Ingeniarien Kidegoak egindako ingurumen inpaktuaren azterketak –Trumpek ezarritako presaren ondorioz–, ez zuela behar bezala ikertu eskubide horiengan balizko isurketa batek izango lukeen eragina. Gainera, Armadakoen azterketak ez du kontuan hartu isurketak «garbitzeko» erabiliko liratekeen gai kimikoek abereengan izango luketen eragina. «Oahe lakuan isurketaren bat izango den ala ez esaterik ez badago ere, Ingeniarien Kidegoak aukera horrek ingurumenarengan izango lukeen eragina aztertu beharko luke», idatzi zuen epaileak. Ingeniarien Kidegoko eledunek esan dute ingurumen inpaktuaren azterketa behar bezala egiteko bi urte beharko liratekeela.

Oliobideak dagoeneko izan ditu isurketak. Lehenengoa Hego Dakotan izan zen eta hodia lanean hasi aurretik gertatu zen (318 litro), uraren babesleak eta ingurumen justiziaren aldeko pertsona guztiak gehiago kezkatzeko.