Gaizka Amondarain
Irakaslea

Zertaz ari garen klima aldaketaz ari garenean

Ikustekoa da klima aldaketaren kontu hau noraino iritsi den. Ez dago artikora joan beharrik izutzen hasteko moduko arrazoiak aurkitzeko. Gurean ere, uda hasi baino egin ez denean, urtegiak dagoeneko algaz gainezka dauzkagula ohartarazi digute. Tonaka atera behar izan dituzte urpeko belar luzeak azken egunotan Uribarri inguruko uretatik, asteburuan Gasteizen egingo den triatloian parte hartuko duten kirolarien segurtasuna bermatu ahal izateko. Lotsagarria litzatekeelako, Bilboko itsasadarrean igerian ibili eta gero intoxikatuta ospitalean bukatu zuten hiru haien antzera, Gasteizen bihar egitekoa den kirol ekitaldian baten bat algek zurrupatuta urpean desagertzea. Zer pentsatuko luke munduak gutaz nazioartean hainbesteko sona duen lasterketan horrelako zerbait gertatuko balitz? Zer esango lukete gure agintariek tamainako deskalabruaren aurrean? Ausartuko al litzateke Urtaran jauna –Aburto ez bezala– Fragarena egin eta urtegian plisti-plasta batzuk egitera uraren kalitatea bikaina dela frogatzeko? Zertarako balio dizu, bestalde, ur ertzean bandera urdina paratzeak gero triatloi bat behar bezala antolatu ezin baduzu? Aurtengoa, gainera, inoizko ediziorik internazionalena izango ei da. Parte hartuko duten 2.400etatik asko kanpotik datozen kirolari entzutetsuak ditugu. Eta kanpotik datorrenari gure onena ematea zilegi da, euskaldunon legeari jarraiki, inondik ere.

Bertan bizi eta noizean behin, hiriko sargoritik ihesi, urtegira joaten garenok uretara sartu eta gure zangoetan gora halako zera bat sentitzen dugula? Zer den azaldu ezin den igurtzi desatsegina sumatu orduko, siluru baten biboteak izan daitezkeela pentsatuz –eta txiza gustura egiteko behar beste denbora eduki ez dugunean– korrika hasten garela zoroen pare lehorra noiz harrapatuko? Txikikeriak dira horiek bestearen ondoan. Inportantea gurera datozen atleta horiek denak bueltan aho zapore onarekin joatea da, eta ez astebete iraungo dien kakapirriak jota.

Ateratako alga horiekin guztiekin zer egingo duten jakiteko gogoz utzi nau albisteak, hala ere. Akaso hiriko puntako jatetxeren batek erosiko ditu bere udako entsalada sofistikatuak prestatzeko. Beharbada aurpegiko azala fin mantentzen dizuten marka zuriko kremak egiteko aprobetxatuko ditu inguruko kate erraldoiren batek. Imajinatzen hasita, eta green kapital izateak dakarren erantzukizuna ahaztu gabe, alfonbra berde erraldoi bat ere atondu liteke alga tona horiekin guztiekin. Pentsa zer zatekeen abuztuaren 4ko txupinazoa aurten, beirarik gabe eta Andra Mari Zuriaren plaza osorik estaltzen duen urtegiko algaz egindako alfonbra erraldoi batekin. Munduaren beste puntatik etorriko litzateke jendea hori bertatik bertara ikusteagatik bakarrik. Utikan sanferminak. Gure hiria mapan kokatzeko ideia definitiboa hauxe da. Kontuan hartu gabe zenbat diru utziko lukeen horrek gero hiriko ostalaritzarentzat. Jendea dozenaka pilatuko litzateke gure tabernetan “gasteiz” izeneko alga pintxoa dastatzearren soilik. Lekutan geratuko lirateke goroldioz osatutako “vitoria-gasteiz” famatua, belarrez estalitako Europa jauregiaren fatxada edo zer dakit nik, zezenen lekuan bola erraldoi baten aurrean korrika egitea helburu duten entzierroak. Lekutan gastronomiaren hiriburutza eta hiriaren kanpoaldeko ortu ekologikoak. Hau beste maila batean dago.

Eta garrantzitsuagoa dena, Azkena Rock festibala baino mila aldiz merkeago aterako litzaiguke jokaldia. Hirira 35.000 pertsona dakartzan musika jaialdiaren marka gainditzea erraza ez bada ere, nik ez nuke patxadaz aztertu gabe aukera pasatzen utziko. Politika kontuetan ezin da koldarkeriekin ibili, ausart izan beharra dago, momentuak eskatzen dituen baldintzetara egokitu eta ekin: beira gutxiago eta alga gehiago!

Ideia oparitzearen truke eman beharreko komisioei buruz hitz egingo dugu momentua ailegatzen denean. •