2017/07/15

Unai Fernandez de Betoño
Arkitektoa
Birkalifikazio garaia

Adreilu burbuilaren ajeak berritasun bat gutxienez eragin du politikari eta teknikarien diskurtso urbanistikoan: XXI. mendearen lehen hamarkadan ez bezala, orain geure hiriak kanpoaldera gehiago haztea birritan pentsatu beharra dago. Orban urbanoa zabaldu baino lehen, barnealdea ondo trinkotu behar ei da, hiri hutsuneak ahalik eta gehien betez, eraikinez ondo trinkotuz. Helburu horretan, bi tresna urbanistiko dira nagusi hirigintza jardueratik gainbalioak erdiesten jarraitzeko: birkalifikazioa eta birdentsifikazioa. Alegia, erabilera etekingarriagoak (etxebizitzak eta komertzioak, kasu guztien % 99an) eraikitzea baimentzea aurreko erabilerak ordezkatuz (jarduera ekonomikoak, ekipamenduak...), batetik, eta jada eraikita dagoen lekuan oraindik gehiago eraikitzen uztea, bestetik.

Gasteizen ere birkalifikazio garaia bizi dugu bete-betean: birdentsifikazio erraldoi bat bideratuta dago jada hiri-periferian (gutxienez 11.000 etxe gehiago soilik Zabalganan eta Salburuan), eta, orain, erdigunearen txanda dator, hamaika operazio isolaturen bidez. Horietako batzuei plan itxura eman nahian dabiltza EAJ eta PSE, PPren babesarekin, “Erdiguneko Masterplana” delakoarekin, planetik ezer gutxi duena, han-hemenkako petatxuez osatuta dagoen heinean. Esaterako, hurrengo birkalifikazio loturarik gabeak: Kutxabanken Dato 11ko Ogasun eraikinarena (ekipamendu-erabileratik komertzio eta etxebizitzara); Florida 53ko orubearena (ekipamendutik komertzio eta etxebizitzara); San Prudentzio 34ko Ertza eraikinarena (tertziariotik etxebizitzara); Arka 1eko Santander bankuaren eraikinarena (bankutik hotelera); Jose Erbina 1eko orubearena (ekipamendutik komertzio eta etxebizitzara)... Jabe partikularren neurrira egindako hirigintzaren adibide bikaina, alajaina.

Birkalifikazioetarako aitzakia betikoa da, herri guztietan: hutsik dauden orube eta eraikinei etekina ateratzea. Etekin horien onuradunak ere betikoak izaten dira gehienetan: orube eta eraikinok hutsik nahita mantendu dituzten finantza-erakunde eta sustatzaile eta eraikitzaile aberatsak. Eta, propaganda moduan, Udalarentzat joango den gainbalioen apurra (legeak ezarritako % 15 minimoa) erabiliko da herritarrak gehiegi kexatu ez daitezen. Ezkerreko ikuspegi batetik, eskatzea legoke derrigorrezko lagapen hori gutxieneko legala baino altuagoa izatea, bereziki oso zentrikoki kokatutako higiezinei dagokienez birkalifikazio horiek askozaz etekingarriagoak direlako.

Zentzuzko pare bat gauza gehiago ere eska litezke, horrekin batera: lehenik, birklasifikazio eta birdentsifikazioetatik eratorritako etxebizitza guztien kopuru esanguratsu bat alokairu sozialerako izatea, eta, bigarrenik, operazio horiei esker hiri-barnealdean egingo den etxe kopuru berdina oraindik eraiki ez den aldirietako lurzoru urbanizagarritik desklasifikatzea.

Hirigintza gainbalioak gizarte osoarentzat onuragarriak izan daitezen, eta barnerako hazkundearen diskurtso berria erretorika hutsean gera ez dadin. •