Xabier Izaga Gonzalez
MINETIK OROIMENERA

Duela 81 urte faxisten hegazkinek Otxandio bonbardatu zuten

Laurogeita bat urte joan dira jada faxistek Otxandio bonbardatu zutenetik. Biktima gehien-gehienak zibilak, emakumeak eta umeak izan ziren. Hilaren 23an urteroko omenaldia egingo dute. «Asko egin da, baina oraindik asko dago egiteko memoria berreskuratzeko bidean».

Mila bederatzirehun eta hogeita hamaseigarrena,/ ze egun baltza garagarrilak hogetabi eukazana». Horrela hasten dira Otxandioko bonbardaketaren 75. urteurrenerako Unai Iturriagak idatzi eta Mikel Urdangarinek musikatutako bertsoak. Sentsibilitate bereziko abestia, ezin bestela izan, Otxandioren ostean faxismoaren bonbek eta suak suntsitutako beste bi herritako seme horiena, durangarrarena eta zornotzarrarena, hain zuzen.

Abestiak labur-labur kontatzen duen laztura haren lekukotasun gisa, Nestor Basterretxearen eskultura erraldoi bat dago ikusgai Otxandioko Andikona plazan, 75. urteurren hartan inauguratua: “Heriotza zerutik etorri jakun”.

Iaz, bonbardaketaren 80. urteurrenean, oroimen eta omenaldi ekitaldi bereziak egin zituzten. Herriko jaien ardatza bonbardaketaren eta oro har gerrako gertaeren eta memoria historikoaren berreskurapena izan zen. Aurton, berriz, bonbardaketaren egunean barik, 23an izango dira 81. urteurreneko ekitaldiak. Eguerdian, Andikona Foroaren laguntzaz Udalak zuzenduta 1978tik urtero egin izan duten ekitaldia izango da, herriko hainbat elkarte, talde eta bizirik dauden lekukoak bertan direla, joan den urtetik hil direnak gogoan. 1936ko uztailaren 22ko goiz beltz hartan Otxandion zirenetatik 30 lagun inguru daude bizirik. Memoria historikoaren inguruan egindakoaren irakurketa egingo dute orduko biktimen eta errefuxiatuen memoria nabarmentzeko, baina baita gaur egun ere beste herrialde batzuetan halakoak badirela gogorarazi eta horiei keinua egiteko ere.

Gauean, bonbardaketaren gaineko bideo bat proiektatuko dute, Mondragon Unibertsitateko Huheziko ikasle batzuek Anboto Komunikabideak taldearen laguntzaz egina, orduko lekukoei egindako elkarrizketak eta orduko historia gaur egungo testuingurura ekarrita. Otxandioko Udalak, herriaren izenean, bideoan parte hartu duten bizilagunen belaunaldia omendu eta ikasle horien lan bikaina eskertu nahi du.

Bestetik, aurten ere ikusgai daude hirigune historikoan zehar guda zibilarekin zerikusia duten zazpi gune, hala nola babeslekuak edo Agirre lehendakariaren kuartela izan zena, gerrako egoera eta haren ondorio beldurgarriak azaltzen dituztenak. Memoriaren ibilbide hori seinaleztatuta dago eta, informazio xeheagoa ematearren, bisita gidatuak ere egiten dituzte.

Gertatutakoaren kontzientzia

Hala dio abestiak, «gogoratzeak min emon arren/ ahazten itzi ezin dana», eta gauza bera uste dute otxandiarrek.

Berrogei urteko diktaduran zabaldutako beldurrak eta isiltasunak hala moduzko trantsizioan ere iraun zuten neurri batean. Horretaz hitz egin gabe, ezer egin gabe hainbeste urte igaro ostean, baina, apurka-apurka horren kontzientzia zabaltzen hasi zen eta, eta gizartearen presioaren ondorioz, legeak ere, berandu eta herrenka, heldu ziren. Edonola ere, gazteek horren kontzientzia hartu izana eskertzeko eta poztekoa dela dio Otxandioko alkate Urtzi Armendarizek, zer gertatu zen galdetzea eta galtzaile haien dramaren memoria berreskuratzea gainditu gabeko ikasgaia izan ei delako. Isiltasun kolektiboa izan dela dio Armendarizek, gazteak oso berandu arte ausartu edo gogoratu ez direlako eta nagusiek eurek tabu gisa eduki dutelako, sufrimendu pertsonal eta kolektibo handiko gaia izanda. Hala ere, egindakoa ere nabarmendu du. «Zorionez, Otxandion dagoen sentsazioa da batez ere azken hamar urteotan hainbat elkartek eta norbanakok egin duten lanaren ondorioz, batzuk bideo kamera eskuan, beste batzuk apunteak hartuz edo argazki zaharrak berreskuratuz, apurka-apurka haritik tiraka, lekukoak ‘askatu’ egin direla eta orain inongo lotsa, beldur eta tabu barik kontatzen dutela orduan gertatu zena». Eta hori arrakasta kolektiboa dela uste dute, era naturalean hitz egitea, tragedia hura historiarako gelditzea eta, batez ere, biktimak eta erantzuleak nortzuk izan ziren jakitea bai nagusiek bai belaunaldi berriek.

Alabaina, dagoeneko gauza asko argitara atera badira ere, oraindik ikertu eta argitu gabe dauden beste asko daudela dio Armendarizek, eta, kasu askotan, zoritxarrez, berandu heldu diren sentsazioa ere badutela. «Belaunaldi bat galtzen daukagu eta oraindino etxeko lanak egin barik dauzkagu».

Justizia eske jarraitu beharra

Joan den urteko ekitaldi nagusian, Angel Salas Larrazabal urduñarrari frankismoan egindako ohoreak baliogabetuko zituztela jakinarazi zuen Urduñako alkate Idoia Aginakok. Otxandion bonbak jaurti zituzten hegazkinetako baten pilotua zen Salas. «Urduñak ez zuen erantzukizunik izan bonbardaketari dagokionez, baina bai bere esker ona eman zionean. Horregatik eskatzen dizuet barkamena Urduñaren izenean», esan zuen Aginakok hunkituta. Otxandioko alkateak haren hitzak eta Urduñaren jokaera eskertu zituen orduan otxandiarren izenean, eta gogoratu zuen oraindik Estatu espainoleko inongo gobernu presidentek ez goi epailek ez dutela halako barkamen eske instituzionalik egin. Iaz esandakoak indarrean jarraitzen duela egun ere dio Armendarizek: «Justizia esaten dugu, justizia unibertsala, giza eskubideen errespetua... Estatu batek horien lehen defendatzaile sutsua izan beharko luke, eta kasu honetan argi eta garbi geratzen da bistan Estatuak zelan frankismoa babestu duen, zelan erantzuleak izandakoak kondekoratu dituen, horiek egindakoak ahaztu edo zuzenean estali, eta zelan batzuetan biktimei Urduña bezalako herrien keinu txiki eta ausart horietatik heltzen zaien justizia. Zelan herriko ordezkariak kapaz diren estatu mailako agintariek egin ez dutena egiteko. Horrelako keinu txikiak, beharrezkoak izateaz gainera, aitortu eta eskertu egin behar dira».

Otxandion argi dute justizia eskatzen jarraitu beharra dagoela, beren herrian gertatu zena gizateriaren aurkako krimena izan zelako eta erantzuleak nortzuk izan ziren ofizialki argitu, epaitu eta zigortu gabe dagoelako. Hain zuzen ere, joan den urtean Otxandioko Udalak bat egin zuen Argentinan abiatutako frankismoaren krimenen aurkako kereilarekin. Hartara, frankismoaren biktima izan diren lagunen testigantzak jaso, dokumentatu eta ofizialki kereilan agertzeko konpromisoa hartu zuen.

Esan bezala, aurtengo ekitaldiak, omenaldia eta memoriaren ingurukoa, datorren asteko domekan izango dira, baina esku artean duten zeregina ez da egun batekoa, urtean zehar jarraitzen duen beharra baizik. Izan ere, memoria berreskuratzeaz gain, bai elkarteek bai Udalak badituzte beste zenbait kezka eta lan. Horietako bat, garrantzi handia ematen diotena, belaunaldi berrienganako transmisioa da. Azkenaldion horrekin zuzen lotutako ekimen bat abiatu dute, 36ko gerraren gaineko unitate didaktiko bat, hain zuzen, Otxandioko eskolan curriculumaren parte izan dadin. Hezitzaile talde bat prestatzen dabil unitate didaktiko hori, eta haien asmoa aurtengo uda amaiera eta udazkena bitarte horretan amaituta egotea da, ahal bada datorren ikasturtean erabiltzen hasteko.

Aurrera begira

Udaleko ordezkari gisa, Armendarizek mezu hau zabaldu nahi du: alde batetik, asko egin dela eta herritarrei egin dituzten omenaldiak eta memoria berreskuratzeko ahaleginak eskertu nahi dizkiela. Hala ere, bestetik, oraindik egiteko asko falta dela. Horrexegatik ez dute bertan goxo egiteko asmorik. Otxandiok eta inguruko parajeek gerra garaian protagonismo handia izan zuten, bertan bederatzi hilabeteko gerra frontea egon zelako, eta oraindik sufrimendu asko dago gordeta, hildako asko areketan, hobi komunetan, lubakietan, eta borrokan ibili zirenen memoria ez ezik, galtzaile izatea sufritu zuen jende askorena ere berreskuratu beharra dago. Emakumeak, umeak, erbesteratuak... dakartza alkateak gogora.

Ildo horretan, Gogora Institutuarekin eta Aranzadirekin harremanetan daude, datozen urteetan Otxandioko lurretan egon daitezkeen hobi komunak identifikatu eta oroimena berreskuratzeko. Horrez gain, beste alde batetik, Legutioko Udalarekin batera bi herrion artean dauden basoetan gertatu zen tragediaren memoria ere berreskuratzeko asmoa dute. Izan ere, Legutioko batailan eta gero erresistentzia gune oso garrantzitsua izan zen Otxandioko frontean milaka hildako izan ziren gerra garaian. Oraingoz planteatu baino ez dute egin egitasmoa, eta bi udalek elkarrekin aztertu behar dute nola eman hurrengo pausoak.

Balioak praktikara eraman

«Herri zaharra ta barrie/ biziguraz betie,/ baginen eta bagare/ Otxandioko herrie». Izan ere, gaur egun Otxandio herri euskalduna da, parte hartzailea, bizikidetza osasuntsukoa, zortzi hamarkada geroago faxismoak erauzi nahi izan zizkion balioak oraindik ere bizi-bizi dituena. Eta horrenbestez, orduko oinaze ikaragarria gogoratzea gogorra bada ere, bonbardaketa haren eta ondorengo errepresioaren porrotaz hitz egin liteke, larderia hura guztia alferrikakoa izan zen-eta, baldin min egiteaz beste helbururik bazuten. Eta, izan ere, bazuten.

Otxandio, faxismoak piztutako gerra zital batek ia lurperatzeraino zigortu zuen lehen herria. Min hura ez da ezabatzen erraza, baina haren oroimenak beharbada arintzen lagundu lezake. «Gure mezuak eta gure lanak, Udaletik eta herritik, bi norabide dituzte. Alde batetik, bertako belaunaldi berriei ondo kontatu zer gertatu zen eta honako balio hauek transmititu: justizia, giza eskubideak eta elkartasuna. Eta beste alde batetik, praktikara eraman, ez bakarrik orain dela 81 urte gertatu zena gogoratuz, baizik eta gure ekarpena eginez berriro gerta ez dadin».

«Egunsentiak ekarri eban berrogei urteko gaba./ Bildurra, lotsa ta isiltasuna izan ziran ugazaba./ Baina orduko diar mutua gaurko gure abotsa da./ Bihar be entzun dagien gatoz Andikonako plazara».