2017/07/15

Laura Mintegi
Garai txarrak lirikarako

Norbaitek galde lezake ea lekurik ote dagoen poesiarako bizi dugun garaian. Kostatu egiten zait imajinatzea zein gizon mota den 18 urteko emakume bat atari batera bultzatu eta txanda itxaroten dagoena gaztea bortxatzeko

Atzo hasi eta igandera arte, Bizkaiko Ea herria poesiaren hiriburua da. Uztaila partean poesiaren magiak hartzen du herrixka txiki hau, eta honela izan da hamalau urtez, HEA Kultura Taldeari esker. Hiru egunez poesia, antzerkia, perfomanceak eta musika nagusi izango dira Eako moilan, Eskolapen, Eskolondon, Natxituko bolatokian eta Bedaronako plazan. Izugarria da ikustea, edonora begiratzen bada ere, zenbat egile, sortzaile, aditu eta zaletu mugitzen diren eremu txiki eta etxetiar horretan. Ekitaldi gehienak mukuru egoten dira eta egon da urterik non ikusleen laurdena baino ezin izan den sartu aretora, hain izan da handia ikusmina. Non eta Ean. Zertarako eta poesia entzuteko.

Norbaitek galde lezake ea lekurik ote dagoen poesiarako bizi dugun garaian. Theodor W. Adornok zioen ez dagoela poesiarik idazterik Auschwitz eta gero. Tamainako krudelkeria ezagutu ostean, nola goza hitzaren edertasunaz. Poesia, ordea, ez da edertasun hutsal eta antzua. Poesiak galderak egitea ere badu xede, eta ardurak azaleratzea, eta pentsamendua eraikitzea. Hain zuzen ere, burugabekeria ageriago dagoenean, are eta beharrezkoagoa da galdera egokiak plazaratzea.

Aitortu behar dut egunero albisteren batek lekuz kanpo uzten nauela eta ez naizela gai ulertzeko zergatik, zergatik gertatzen diren zenbait gauza. Zaila da asmatzea zer pasatzen ote den 33 urteko gizonezko baten burutik 8 urteko loba torturatzeko eta kolpez hiltzeko. Ez dut sumatzen nolako bizi baldintzak izan dituen emakume batek sabelean bederatzi hilabetez eraman duen kumeaz erditu eta bi egunera zamartzara botatzeko. Kostatu egiten zait imajinatzea zein gizon mota den 18 urteko emakume bat atari batera bultzatu eta txanda itxaroten dagoena gaztea bortxatzeko.

Urtez urte errepikatu arren, ezin dut ulertu nori egiten dion min emakumeek eta gizonek maila berean parte hartzea herriko jaietan. Eta diskriminazio hori ulertzeko gaitasun falta aitortzen badut ere, are eta ulergaitzagoa iruditzen zait agintari politikoek (legea bete behar duten horiek alegia) desfile ofiziala enoratzea eta desfile pribatuari harrera publikoa egitea udaletxean. Ez, ez dut ulertzen.

Legearekin eta agintariekin segituta, ulertezina iruditzen zait 62 urteko kartzelaldiaz zigortu nahi izatea guardia zibil bati orkatila apurtzea, eta Lasa eta Zabala bahitu, torturatu eta erail zituena lau urtez kartzelan egon ostean etxera bidaltzea, depresioa duelako. Ez, ez da ulertzeko erraza. Erabateko gaitasun eza aitortzen dut.

Poesiarentzat ba al dago lekurik langileak ehunka kaleratzen dituztenean, egun batetik bestera? Lirikaz mintza al daiteke lantegiak ixten direnean, prekarietateak lan-istripuak ugaltzen dituenean, emakumeek lan bikoitza soldataren erdiaren truke egiten dutenean?

Ba, agian, hori da lirikarako une egokia. Poesia nola ulertzen den. Poesia interpelazioa baita, egiaren bilaketa, norbera den horri begietara begiratzea.

Dari Fo eta Franca Rame Eara ekarriko dituzte letren bidez. Gernika birpiztuko dute 80 urteren ostean, Joseba Sarrionandia galegoz mintzatuko da, zaldiz margotutako harriek bizia hartuko dute, Alfonsina Storni musikaz blai entzungo dugu hil eta 79 urtera. Lauaxeta eta Lorca birjaioko dituzte poemen bidez, hil zituztenean bezain gazte azalduko baitira Bizkaiko kostaldean. Lirikak magia hori duelako, erreal bihur dezakeelako dagoeneko iragana dena. Edo oraindik ez dena, eta sortzeko dagoena. Artea, Poesia, Musika eta Dantzaren bidez. •