2017/07/15

Mikel Zubimendi
Hondamendietatik gatoz, baina ez gaude hondatuta

Itsutu gaituen distopiaren itzalen orgia honetan, ez dago asmatzerik argia non den. Baina iraganeko barrikadetan gotortzea ala ezkerraren melankonian erortzea ez dira argia pizteko etengailu

Ikuspegi distopiko batek itsutu gaituela dirudi. Galdetu lagunartean ea nola ikusten duten geroa, galdetu gauzak hobera ala okerrera joan diren, eta, erantzunak berdinak izan ez arren, musika berbera izango dugu: datorrena latzagoa izango da, gure ondorengoek gorriak ikusiko dituzte, Murphyren bizilegea da, eta abar. Horren aurrean aukera bat izan daiteke iraganeko barrikadetan gotortzea eta bertan gozo salbazioa itxarotea. Beste aukera bat malenkonian erortzea izan daiteke, itzuliko ez dena ez dela itzuliko ezin barneratuta, aldaketa erradikal baten aldeko esperantza oro uxatuz: adibidez, sozialismoa betiko galdua den helburua dela-eta, dolua egitea besterik ez dagoela momentu historiko honetan. Itsutu gaituen distopiaren itzalen orgia honetan, ez dago asmatzerik argia non den, ez. Eta argia pizteko etengailua ez dut nik aurkituko, nire gogo eta gaitasunak gainditzen ditu horrek, bai horixe!

Horren aurrean, baina, utopia eta ideal zaharrak, sozialismoarena kasuko, erreskatatu al daitezke beren akats eta desengainuen historiatik? Sortzetiko bere okerrak zuzendu al daitezke? Eman dezagun ontzat: iraultza guztiak liburu batekin hasten dira. Zentzu horretan, Marxen “Das Kapital” adibidetzat hartuz, bertan kapitalismoaz egin errepresentazioarekin liluratuta segitu behar ote da? Eta, ezinbestean, historiaren determinismoaren kondena dela sinetsita, langile klase iraultzaile batek jarriko duela hau dena hankaz gora pentsatu?

Segi dezadan hari beretik tiraka. Sozialismoak tradizio zientifiko bat izan du eta bere kezka nagusia errotikako iraultza totala egitea izan da. Aldaketa sozioekonomikoa emantzipazio politikoaren gainetik jarri da, gizartearen azpiegitura materiala gainegitura kulturalaren aurretik, eta askatasun indibiduala, sarri, burges txikiaren gaixotasun sintoma bezala kontsideratu da. Ez dakit nahita den edo ez, baina ahaztu egiten da, adibidez, Karl Marxek “Manifestu komunistan” zioena: norberaren garapen librea denon garapen librerako ezinbesteko baldintza egingo duen gizartea da bere bisio utopikoaren tontorra. Horrek bai, arima du marxismoaren maxima horrek, bizi dugun aroaren energiarekin eta erritmoekin bat egiten du, modernoa da. Artea egitea, erostea edo ikustea hain garesti den honetan, kulturarekin lotura egin dezake. Aitorpenaren, izan maitasunaren, estimuaren edo errespetuaren aldeko borrokekin ere bai.

Izan ere, aldaketa sozioekonomikoa emantzipazio politikoaren edo azpiegitura materiala gainegitura kulturalaren gainetik jartzean, indiferentzia totala erakutsi da. Eta eskubide liberalek bermatzen duten babesa abandonatu ez bada, merkatua diziplinatzeko ahalegin guztiak madarikatu egin dira. Saio horiek, transbertsalak omen dira, “buenrrollistak”. Eta ez direnez %100 sozialista, eta sozialismoa ala hil, sozialismoarekin izango da ala ez da izango... ba hori, soi-disant sozialisten alde, Laos, Txina, Ipar Korea, Vietnam, Kuba eta bertan gozo.

Beste hitz batzuetan esanda: bizitza forma perfektuaren utopiaren nozio zaharrak alboratu egin behar dira. Eta ulertu beharko da sozialismoa amaigabeko erronka dela beti, etengabeko esperimentuak eskatzen dituena. Gogoratuz “Esperimenturik ez!” leloarekin 1957an Alemanian kristau-demokratek irabazi zituztela hauteskundeak, poliki-poliki eta daukaguna ez galtzea ildo hartuta.

Barneratu beharko da sozialismoaren bisio soilak, esfortzu kolektiboarekin saihetsezin dirudiena hobetzen dela konbentzitzeko indarrik ez duela suminduentzat. Sozialismo demokratikoak oximorona dirudiela sarri; indar herritarren bilgune zabalek oinarri sozialistak diluitzen dituztela uste, eta, guztiz sozialista den programa batean zentratuz gero, populazioaren babes herritar zabalaren sakrifizioaren lekuko izan. Eta ahaztu gabe hor dagoela definitzen hain zail dena, populismoa bere hizkuntza aldakorrarekin: lagunak eta etsaiak, biktimak eta biktimarioak, eliteak eta jendea. Zauri errealak eta arduradun zital errealak identifikatu arren, “herriaren etsaia" epitetoarekin politika egitea hain da beldurgarri! •